Golak: 1-0: De Marcosek (15. min.); 1-1: Sebok (38. min.); 2-1: Susaetak (75. min.). Epailea: Hannes Kaasik (Estonia). Txartel horia Athleticeko Aurtenetxe eta Javi Martinezi, eta Slovaneko Bagayoko, Halenar, Sebo eta Milinkovici. Bestelakoak: 37.000 ikusle inguru San Mamesen, Europako Ligako bosgarren jardunaldian.
Salzburgoren bi golei esker irabazi zuen atzo Athleticek Europako Ligan. Bi taldeek ez zuten elkarren aurka jokatu, baina Paris Saint-Germainen porrotak eman zien atzo bilbotarrei final-hamaseirenetarako txartela. San Mameseko partidak ez zuen jokotik eta ikuskizunetik askorik izan, baina irabaztea zen kontua, irabazi zuen, frantziarrek huts egin zuten, eta helburua beteta dago.
Granadaren aurkako porrota artean buruan zeukatela zelairatu ziren Athleticeko jokalariak. Baloia zuri-gorriena zen, eta Slovan atzean zegoen zain. Baloia ukitu eta ukitu bai, baina aukerarik sortu ezinik ibili ziren bilbotarrak lehen ordu laurdenean. Aurkaria, berriz, ez zen gai zelai erdiko marra igarotzeko. Atzealdean, eskuin hegalean zelairatu zuen Bielsak De Marcos, eta gasteiztarra aritu zen gogotsuen lehen minutuetan. Hain zuzen ere, 15. minutuan bera izan zen protagonista. Herrerak Susaetari pase sakona eman zion, hark erdiratu eta baloia area txikiaren barruan nor iritsiko zain geratu zen, Haden gorputzean jo ondoren; eta hantxe azaldu zen De Marcos. Ezkerrez, dotore, 1-0ekoa.
Hori bai, dena alde zeukanean, Athleticek ez zuen asmatu partida ixten. Baloi jabetza zuri-gorriena izan zen minutu horietan ere. Baina boladaka aritu ziren etxekoak. Intentsitate ikaragarririk gabe. Erritmoa pixka bat igotzea nahikoa zen Slovanen ezinak azaleratzeko. Baina poltsak eta paper zatiak haize boladekin ibiltzen diren modu berean zebiltzan Athleticeko jokalariak: boladaka.
30. minutuan penalti argia egin zioten Llorenteri, Susaetak ateratako falta jaurtiketa batean, eta aurrelaria bera saiatu zen birritan erdi-erditik min egiten. Baina abiadura eta oldarkortasuna falta zitzaizkion taldeari. Zaleak isil antzean, jokalariak jokorik sortu ezinik, eta Iraizoz galduta. 35. minutuan Halenarrek langara bidali zuen baloia, oso urrutitik egindako falta jaurtiketa batean. Eta, azkenean, 38. minutuan iritsi zen Slovanen gola. Milinkovicek pase sakona bidali zion Sebori, eta Athleticeko atezaina baloiaren bila joan, ez joan, zalantzan geratu zen. Horrelakoetan gehienetan gertatzen den moduan, bide erdian geratu zen Iraizoz, eta Sebok ez zuen barkatu. 1-1.
Bi aldaketa atsedenaldian
Tarteka Slovan baino talde hobea dela erakutsita ere, boladaka jokatuta ez zela nahikoa erabaki zuen Bielsak atsedenaldian; aldagelan utzi zituen Iñigo Perez eta Llorente —Iraola eta Toquero zelairatu zituen—. Horrez gain, Susaeta ezkerrera bidali zuen entrenatzaileak, eta eskuinean kokatu zuen Muniain. Abiadura eta oldarkortasuna lortzea zen aldaketa horien helburua. Baina eraginkortasun askorik gabeko nagusitasuna izan zuten zuri-gorriek bigarren zatian ere. Horren erakusgarri, Susaetaren bi jokaldi onen ondoren, Slovanek gertu eduki zuen 1-2koa 55. minutuan, jokaldi bikoitzean.
Susaetak merezi izan zuen gola 60. eta 65. minutuetan, baina 75. minutura arte itxoin behar izan zuen eibartarrak 2-1 lortzeko. Buruz errematea egin, eta negarrez joan zen baloia sareetara. Hirugarren gola egiteko aukera dezente izan zuten zuri-gorriek —Herrerari legezko gola baliorik gabe utzi zion epaileak—, baina ez zuten asmatu. Azkenerako, partida handirik jokatu gabe ere, 2-1, Salzburgoren garaipena, eta multzoko lehen postua ziurtatuta.
ATHLETIC 2. SLOVAN 1
Haizea bezala, boladaka
Intentsitatearekin jokatu duenean Slovan baino dezente talde hobea dela erakutsi du Athleticek, baina ez du asmatu partida ixtenSalzburgoren garaipenari esker, lehen postua ziurtatuta daukate zuri-gorriek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu