Arrauna. San Miguel liga

Haizea, ekialdetik eta indartsu

Hondarribiak jo du aurreneko kolpea San Miguel ligan, Zierbenako estropadan Kaiku eta Tiran txandakideak menderatuzHaizeak kalte egin die bigarren txandakoei, eta hirugarrenekoei ere mesede gutxi

Haizea, ekialdetik eta indartsu.
Aitor Manterola Garate.
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Haizea dator iparraldetik kanta- tzen zuen Xabier Lete zenak. Atzo, ekialdetik jo zuen, eta indartsu, gainera. Hondarribia da San Miguel ligako traineruen artean ekialdekoena, eta sekulako astindua eman zien gainerako ontziei. Jo eta bota egin zituen paretik. Zierbenan, nagusitasunez irabazi zuen ligako lehen estropada.

Lehen txandan aritu zen garailea, eta txanda horretakoei kikua egin zien eguraldiak. Haizea lasai antzean izan zuten, bigarrenean eta hirugarrenean ez bezala. Bigarrenekoei egin zien kalterik handiena. Baina gauzak horrela kontatuta, ematen du Hondarribiak haizearen laguntzaz astindu zuela trapua, eta ezta gutxiagorik ere. Aste osoanegin zen txanden zozketa, eta liga irabazteko hiru hautagai bateratu zituen aurreneko txanda horretan: Kaiku, Tiran eta Hondarribia bera.

Iragarrita zegoen haizeak goruntz joko zuela. Hiru oilarrek bazekiten txandan nagusituz gero, bandera ez zutela aparte izango. Irabazi beharra zegoen txanda.

Hondarribiak egin zuen erakustaldia. Lehen luzean parean joan eta gero, aurreneko ziabogatik irtetean hartu zion aurrea Kaikuri. Sei bat segundo, konturatzerako. Buelta ematerakoan segundo batekoa baino ez zen. Hortxe eutsi zion tarteari geroko garaileak: bost, sei, zazpi segundoren jiran beti. Bigarren ziabogan, zazpi aurretik zen. Tiran bederatzira zetorren, eta Zumaia hamahirura, bigarren luze ona egin eta gero.

Brankaz egiteko azkeneko luzea geratzen zen, eta horretan abilak dira Kaikukoak. Baina Hondarribia ere maisu ibili zen atzo hirugarren luzean, eta aldeari eutsi zion. Zazpi segundo aurretik berriz ere. Tiran hamabira zetorren, eta Zumaia hogeita bostera. Azken luzean, Mikel Orbañanosenak —tostetan zen atzo— nagusi lehen bezala, etaatzetik, Galiziako enbata. Tiranek, beste behin, erakustaldia eman zuen azkeneko luzean. Kaikuri aurrea hartu, eta asko gerturatu zen Hondarribiara. Lau segundoren tartea baino ez zion atera garaileak. Kaiku zazpira heldu zen, eta Zumaia hogeita hamahirura.

Txanda bukatu berritan, ikusi zen oso denbora ona zela garailearena. Eguraldia ez zegoen santu-santu, olatu txikiak ziren uretan, eta haize pixka bat ere bai. Majo kosta behar zitzaien geroko txandetakoei Hondarribiarren denbora gainditzea. Eta halaxe izan zen. Eguraldiak barkatu ez, eta sufritu egin zuten traineruek.

Horiek ziren jendearen esanak, eta haizeak berretsi ez ezik, txiki utzi zituen aurreikuspen horiek. Bigarren txandan ikaragarri bizitu zuen, eta nahikoa lan izan zuten lau ontziek. Batzuek besteek baino gehiago, dena esaten hasita. San Pedro moldatu zen ondoen, estropada ederra eginez eta denboraldi-aurreko emaitza onak berretsiz. Aise menderatu zituen Astillero, Pedreña eta etxeko trainerua, Zierbena. Baina aurreko txandako lehen hirurek pusketa kendu zioten, haizea zela tarteko. Lehen bi txandak jokatu eta gero, kaleen arteko aldea aztertzen dutenentzako datua: bi garaileak bigarren kaletik joan ziren.

Bi igo berriak, azken lekuan

Hirugarren eta azkeneko lehia baino ez geratzen. Atzeratu egin zen irteera, estropada eremuaren bazter batean zeuden itsasontzi batzuk eremu barrura sartu zirelako. Haizea ere apalago zegoen, baina ez lehen txandan bezain lasai. Txistuan atera zen Portugalete, baina aparrarena gertatu zi- tzaion: azkena, txandan, Urdaibai nagusitu zen [bigarren kaletik hau ere], San Juanekin lehia estua izan eta gero. Baina Bermeokoei hiru segundoko zigorra jarri zien epaileek, taldeko motordun ontzi txikia eremu barruan egoteagatik txanda jokoan zela. Ondorioz, San Juan garaile. Castrok eta Portugaletek lehia handia izan zuten, eta, azkenean, espainiarrak nagusi. Sailkapen nagusian, bi igo berriak azkena daude: Portugalete eta Zierbena.

Gaur, bigarren estropada izango du ligak. Astilleron lehiatuko dira (12:00), erlojuaren aurka.Atzoko sailkapena hartuko da kontuan txandak osatzeko. Ibaian denez, indartsuenak diren taldeentzat egokiagoa da gaurko eremua. Eta ez dadila haizea azaldu, atzo bezala gaiztakeriak eta azpikeriak egitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.