ZIZTU BIZIAN. ESPAINIAKO VUELTA

Haizea erekontra

Xabier Usabiaga.
2003ko irailaren 11
00:00
Entzun
Vueltan haizeak ere jai hartu du, ez dago eskubiderik pentsatuko du Enrique Francok, Unipublic enpresako presidenteak. Ibilbidearen norabide berean jo zuen haizeak, txirrindularien alde, baina Vueltaren eta ikuskizunaren kontra. Denak gezurrezkoa zirudien atzo. Ihesaldian hiru etapa ehiztari porrokatu eta bikain sartu izanagatik, ez zuen inoiz sinesgarritasunik izan eta haizearen aldian behingo keinuek ere ez zuten inor ikaratu.

Ziklistak gustura ziren, hori bai. Ahulenak haizearen ufadaz puztu eta indartu egin ziren, eta euren burua onenen pare ikusi zuten behingoz, batere neke eta izerdi beharrik gabe. Txirrindularitzak gaztetan zirudien bezain ederra ematen zuen une batez. Akats guztiak ezkutuan, dena zen bertute.

Haize-babesetan espezialista direnek ere, ez zuten, segur aski, kopeta zimurtuko. Gaurko erlojupekoaren atarian, inork ez du atsegin, tentsio eta urduritasunak eragiten duen lepo atzeko neke eta mina.

Antolatzaileak haserre izango dira, ordea, ez zaie bat bera ere parean egokitzen. Aurrena Cipolliniren afera izan zen. Mehatxupean eraman zuten Munduko Txapelduna Vueltara, baina ederrarengana joan ziren. Lotsagarri utzi zituen Cipollinik Vueltako antolatzaileak, karrerari barre egin zion.

Bigarren etapan, garaipenerako edo gutxienez podiumerako zerrendan ageri ziren hiru lagun gelditu zitzaizkien, ia seguru, jokoz kanpo: Levi Leipheimer, Aitor Gonzalez eta Angel Casero. Hirugarren etapan, beste bat, Cadel Evans.

Herenegun hortzak erortzeko moduko kolpea jo zioten Euskaltel-Euskadikoek Francori. Taldea gogotik egurtu zuen Vueltako zuzendariak, hitz ia-ia iraingarriz jipoituz. 25 urte daramatza Francok Vuelta antolatzen. Babesleak topatzen eta probak antolatzen ona izango da baina ziklismoaz piperrik ez daki. Zertarako zituen Mayo eta Haimar Zubeldia, denboraldiaren zamak eta egindako ahaleginen nekeak makurtuta dauzkanean?

Eskerrak ziklista baten distirak argitu duen pittin bat lasterketa. Vueltan, Petacchi bakarrik dabil haizea alde duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.