Reala 1. Mallorca 0

Haizeak dakarren ilusioa

Realak itxura ona eman du bigarren zatian eta Europako postuetara gerturatu duen garaipena lortu du ekaitzaren azpianTamudok sartu du gola, bere ibilbidean Mallorcaren aurka lorturiko hamargarrena

Realeko De la Bella baloia galtzen Mallorcako jokalariaren sarreraren eraginez. Partida trabatua izan zen atzokoa. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Reala. Bravo; Estrada, Ansotegi, Demidov, Dela Bella; Aranburu, Rivas; Xabi Prieto, Zurutuza (Markel, 83); Griezmann (Sutil, 67. min); eta Tamudo (Agirretxe, 89. min).

Mallorca. Aouate; Kevin, Ruben Nunes, Cendros; Marti, J. Victor (Castro, 56. min.); Castro, Nsue, Pereira; eta Webo.

Golak. 1-0. Tamudok (55. min.).

Epailea. Rubinos Perez. Txartel horia Realeko Aranbururi eta Mallorcako De Guzman eta Kevini.

Bestelakoak. 18.599 ikusle Anoetako estadioan. Realeko jokalariak Borja Viguerari animoak emateko elastikoekin zelairatu ziren. Haize bolada indartsuek eta euri jasek jokoa zaildu zuten.

Ez dute meritu makala atzo Anoetara gerturatu ziren errealzaleek. Itxaropenak irentsita duen zalego batengan uler daiteke bakarrik ia 20.000 ikusle batu izana. Txalo gutxi entzun ziren estadioan, baina merezienak jokalariek bukaeran harmailara begira jotakoak izan ziren. Haizeari eta eurijasari aurre eginez astelehen gauez estadiora joan ziren, eta lehen zati ezin eskasagoa egokitu zitzaien. Baina merezi izan zuen gelditzeak, bigarren zatian txuri-urdinek hobeto jokatu zutelako eta lainoen artean Tamudo agertu zelako. Ekaitzak gogorren jo, eta mundua bukatu behar zela zirudienean, aurrelari kataluniarraren sena azaleratu zen, argi izpi bat, eta bere ibilbidean Mallorcari sartutako hamargarren golarekin ilusioa eraman zuen harmailetara.

Partidarik gabeko asteburu luzea taldeak Europako postuetara edo oraindik sailkapeneko behe aldera begiratu behar duen eztabaidatzen pasa dute errealzaleek, eta atzo ikusitakoaren arabera ez legoke gaizki pasaportea non gorde zuten bilatzen joatea. Oilartu gabe, baina badaezpada ere. Ilusioa mesedegarria da, eta ea zeinek ukatzen dion amets egiteko eskubidea Bigarren Mailako sufrikarioa igaro duen harmaila bati. Realak, ondo bidean, ez du inolako estutasunik pasako eta atzo sailkapeneko erdi aldeko talde bat baino gehiago izan zen. Litekeena da bigarren itzulian argi gelditzea Realaren habitat-a sailkapenaren erdi aldea dela, agian koska bat gorago, baina tartean polita da ikustea zuri-urdinek Europa Ligarako postuetan dagoen talde batekin berdinduta igaro dutela gaua.

Realak bi aurpegi desberdin erakutsi zituen. Lehen zatian trabatuta aritu zen, Mallorcak zelai erdian kokatu zuen matazan galduta. Kanpokoek lotsagabe bilatu zuten kontra erasoa, eta defentsan oso estu lotu zituzten Rivas, Zurutuza, eta batez ere Aranburu. Marti Realeko jokalari ohiak Azpeitiko erdilaria itzalean utzi zuen. Ekimena etxekoena zen, baina burua galdu gabe, eta horrek ere ez zion lana erraztu Mallorcari. Gero ere, nabarmentzekoa da Ekaitzak ez ziola inori mesederik egin, ia pase luze guztien norabidea aldatu baitzuen.

Lehen zatia aspergarria izan zen, baina irudimen eta joko urritasun horretan Realak izan zituen aukera onenak. Bi zehazki, lehena 11. minutuan, Demidovek atera zuzentzen asmatu ez zuen burukada batekin, eta bestea Tamudorena, ordu erdi geroago (42. min.). Prietok, atzokoan onena, jokaldi trabatu bat hasi zuen eskuinetik, eta Aouatek aurrelari kataluniarraren jaurtiketa gelditu zuen. Egiari zor, Realari lau pase jarrian ematen utzi ziotenean arriskua sortu zuen. Partida berdinketa teknikoarekin iritsi zen atsedenaldira, justua zen.

Erritmo biziagoa

Realak itxura askoz hobea eman zuen bigarren zatian. Lasarteren agindua Mallorcaren erritmo neketsua ezabatzea zen, eta haizea alde, partida bizitu zen. Aranburu jokoan sartu zen, eta zentzua eman zion jokoari. Erasoaren eragina neurtu zitekeen, Realak bost korner eragin zituen lehen zazpi minutuetan. Harrigarria zen haizeak kornerretako banderatxoak nola etzaten zituen ikustea. Baina sari potoloa geroago iritsi zen, eskuin hegalean eraikitako jokaldi batean. Xabi Prietok bakarkako jokaldi batean aurreratu egin zuen, eta erdiratu beharrean atzera pasatu zuen Estradarentzat. Hegalekoak burua altxa eta lehen zutoinera erdiratu zuen. Bertan Tamudo agertu zen, Nunesi jauzian irabazi, eta baloia buruz zutoin alboan behera joz gola lortu zuen (56. min). Aurrelari petoaren gola izan zen, elastiko zuri urdinarekin sarturiko seigarrena.

Golak mesede egin zion Realari, eta ausardia elikatu zuen. Mallorcari apur bat kosta zitzaion kolpearen ondoren altxatzea eta etxekoek bigarrena sartzeko aukerak izan zituzten. Onena Xabi Prietok (69. min.), areaz kanpoko jaurtiketak langa jo zuenean. Baina ez zen sartu eta azken txanpan ez zen estutasunik falta izan.

Dena galduta Mallorcak gora egin zuen. Michael Laudrupek Castro zelairatu eta taldea oldarkorrago aritu zen. Aukerak izan zituen, baloi luze eta falta eta korner jaurtiketetan, Bravo eta harmaila guztiak urduritzeko modukoak, baina asko kostatzen zaio jokoa eraikitzea. Onena, halere, Sutilek izan zuen (84. min), arean barneratu eta Tamudo aurkitu ez zuenean. Lau minutuko luzapena kalbarioa izan zen, Nsuek Mallorcarentzat, eta batez ere Aranburuk eta Agirretxek gola sartzeko aukera ezin garbiago bana izan zutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.