CAI Zaragoza. Van Rossom (3), Wright (11), Stefansson (8), Pasco (2), Hettsheimeir (11) —hasierako bostekoa—; Almazan, Cabezas (13), Archibald (5), Toppert eta Aguilar (6).
Gescrap Bizkaia. Jackson (11), Blums (8), Mumbru (7), Mavroeidis, Banic (17) —hasierako bostekoa—; D'Or Fischer (6), Hervelle, Raul Lopez, Vasileaidis (11) eta Grimau (2).
Markagailua. 18-17, 32-33 (atsedenaldia); 42-49 eta 59-62.
Epaileak. Amoros, Perez eta Martinez. Gescrapeko Blums kanporatu zuten (37. min.).
Bestelakoak. 8.2000 ikusle Espainiako Felipe Borboikoaren pabiloian.
Hamabost jardunaldi geroago miraria iritsi da. Gescrap Bizkaiak Bilbotik urrun zeukan madarikazioa hautsi du behingoz, eta arnasa emango dion garaipen bat lortu, sailkapenean gora begira hasteko eta konfiantzari begira gauzak txukunago egiten hasteko. Atzoko jokoari erreparatuz gero mundua daukalako hobetzeko Katsikarisen taldeak. Talde lanean kamuts, jokalari jakin batzuen kalitatean oinarrituta eta gorabehera ikaragarriekin, urrearen balioa daukan garaipena lortu dute bizkaitarrek. Valladolid eta Obradoiro dira hurrengo bi geltokiak. Zaragoza baino samurragoak, eta bi horietan ere irabazteak derrigorrezkoa izan behar du.
Bizkaiak ez dakielako garaipenak lotzen. Luze darama, hilabete eta erdi bai, 35 minutu on egin eta hondarrean dena harrikara botatzen duela. Atzo lehenago kamustu zen. 34-47 zen aurretik 25. minutuan, 2-14ko partziala lortuta. Talde handiek tenplea erakutsi behar dute horrelakoetan, pazientzia, euren baliabide onenei etekina atera, baina Bizkaia azkar jokatzen tematu zen, hirukoak eraso jokoko baliabide bakar gisa erabiliz. Huts egitearen poderioz, hazi egin zen Zaragoza, eta markagailuan aurrea hartu ere ai hiru minuturen faltan: 54-51.
Txarrenean jaikitzeko kemena erakutsi zuen Bizkaiak, eta eskerrak. Aaron Jacksonek taldea bizkar gainean hartu eta hiruko ona saskiratu zuen 54na berdintzeko. Baita 56-58koa ere, kakoa huts egin eta erasoko errebotea hartuta. 21 puntuko balorazioa lortu zuen bukaeran estatubatuarrak, baina ez zuen partida onik jokatu. Hamar jaurtiketa egin eta zazpi huts egin zituen, eta tarteka berekoi jokatu bere barneraketetan. Trukean, ez zuen dardar egin baloiak erre egiten duenean. Asistentzietan eta berreskuratutako baloietan ere txukun aritu zen. Bietan bost lortu zituen.
Egiari zor, kolpe handia hartu zuen CAI Zaragozak, aurkariak baino joko osatuagoa egin baitzuen beti. Sistemak garatuago, Cabezas buru zutela Hettsheimer edo Bracey Wrightentzat jokaldi onak. Bizkaiak, baina, asko zeukan jokoan. Galerazita zegoen berriro galtzea, eta une jakinetan, eskarmentu handiagoa erakutsi zuen. Erabakigarriak izan ziren D'Or Fischerren intimidazioa, Vasileiadisen odol beroa, eta Banicen grina. Kapitaina 17 punturaino joan zen, eta erabakigarria izan zen hirugarren laurdenean, bere taldea partida haustear egon zenean, eta partidako azken bikoa sartuta.
Zama astuna izan ziren, ordea, Mavroeidis, Hervelle, Blums eta Raul Lopez. Lau jokalari jokalari asko dira, eta batzuen kasuan, astero errepikatzen den kontua da. Hervelleren kasua, adibidez. Belgikarra sasoiz kanpo dago belaunean ebakuntza egin ziotenetik, eta ez da haren borrokarako borondatearen grinarik sumatzen inon. Mavroeidis hasierako bostekoan kantxaratu zuen entrenatzaileak, baina ez zuen ezer egin. Bi baloi eman. Blumsek, behintzat, zortzi puntu garrantzitsu lortu zituen lehen laurdenean, baina ondoren zeharo desagertu zen. Bost falta egin zituen, eta purrustadak botatzen hartu zuen aulkirako bidea.
Bizkaitarrak bezain pozik daude gipuzkoarrak ere. Haien garaipenari esker zortzigarren posturaino igo direlako, eta orain CAI Zaragozak duelako presioa. Lagun Arok nahikoa izan dezake bi partidetatik bakarra irabazita.
CAI Zaragoza 59. Gescrap Bizkaia 62
Halako batean
Gescrapek lehen aldiz irabazi du sasoi honetan etxetik kanpo Ligan, eta arnasa hartu du, lehia eskasa jokatuta ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu