Bilbo Basket 75. Fuenlabrada 84

Hamabi hiruko mingarri

Fuenlabradak lege onez irabazi dio Bilbo Basketi, eta bizkaitarrek sufritu egin beharko dute zortzi onenen artean sartzeko

Andoni Urbistondo.
2011ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Bizkaia Bilbo Basket. Jackson (11), Warren (13), Mumbru (10), Mavroeidis, Banic (16) —hasierako bostekoa—; Fisher, Hernandez-Sonseca, Hervelle (2), Blums (11) eta Vasileiadis (12).

Fuenlabrada. Valters (16), Laviña (5), Kus (5), Barton (10), Ayon (4)—hasierako bostekoa—; Mainoldi (25), Colom (7), Guardia (4), Kortaberria (4) eta Rabaseda (4).

Markagailua. 13-16, 37-33 (atsedenaldian); 55-55 eta 75-84.

Epaileak. Perez Pizarro, Bulto eta Perez Niz. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 7.342 ikusle inguru Bilbo Arena pabiloian, ACB ligako 31. jardunaldiko partidan.

Hasi zenbatzen. Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, zortzi, bederatzi, hamar, 11 eta hamabi. Hamabi! Fuenlabradak Miribillak sartu zituen hirukoak, horietako asko une erabakigarrietan, mina egiten duten torpedoak. Fuenlabradak dinamita asko du kanpoko lerroan, baina urruneko jaurtiketetan ez da erraza portzentaje onak lortzea. Fuenlabradak, ordea, lortu egiten du hori tarteka, eta zoritxarrez, hala gertatu zen Bilbon Aste Santu bukaera tristean. Kontrakarrean ibili zen ia beti Bilboko taldea, eta borrokari ekin zion azken jokaldia arte, baina hiruko mingarriek aspaldi idatzi zuten sententzia.

%42 asmatu zuen 6,75eko marratik Fuenlabradak, 36 puntu denera. Bikoetan ere oso txukun aritu zen, %51, eta horrek bi aukera uzten ditu: Fuenlabradak oso jokalari onak dituela, edo bizkaitarren defentsa ez zela beste partidetan bezain ona izan. Madrilgo taldeak azkar jakinarazi zion aurkariari ez zela oporretara etorri Bilbora, eta 10-16 aurreratu zen lehen laurdenean. 16-19 eta 21-25 ere bai bigarrenean, baina hor etorri zen etxekoen lehen erreakzioa. 32-27 eta 37-33 aurreratu ziren atsedenaldirako Katsikarisen mutilak, Warren eta Jacksoni esker.

Hirugarren laurdena oso parekatua izan zen. Hiru punturen aldea lortu zuten gehienez bi taldeek, eta Mainoldi argentinarra bereak eta bi egiten hasi zen. Bi hiruko saskiratu zituen, eta eskumuturra bero-bero zeukala erakutsi. 55na bukatu zen hirugarren hamar minutukoa, halere, baina laugarrenean urtu, desagertu egin zen Bilbo Bzaket pixkanaka. Batean Quino Colom, ondoren Kristaps Valters (hamar errebote atzo), hurrengoan Mainoldi edo Barton. Erasoan bikain, eta defentsan ere Ayon nagusi, Bilbo Basketeko pibot guztiak txiki utzita (zortzi errebotre, lau erasoan).

59-64 aurreratu zen Fuenlabrada aurrena, eta 66-69 ondoren. Aaron Jacksonena izan zen azken oldarraldia. 70-69 jarri zuen aurretik bere taldea, baina Valtersek eta Mainoldik hiruko bana saskiratu eta harmailetako irrintzi soinu oro isilarazi zuten. Bilbo Basket zazpigarren postura jaitsi da, eta orain sufritu egin beharko du zortzi onenen artean sartzeko. Cajasol da hurrengo aurkaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.