ACB ligako klubek txapelketa amaitzeko konpromisoari eutsi diote, eta horretarako modua adostu dute. Hala, liga erregularra amaitutzat eman dute, baina hamabi talderik onenek azken fase bat jokatzea nahi dute. Talde horiek sei taldeko bi multzotan banatuko lirateke, eta multzo bereko taldeek elkarren aurka aurka jokatuko lukete. Multzo bakoitzeko bi onenek titulurako finalerdiak jokatuko dituzte. Lehen multzoko aurrenak beste multzoko bigarrenaren aurka, eta alderantziz. Kanporaketa horretako garaileek finala jokatuko lukete.
Arriskuak saiheste aldera, partida guztiak hiri batean jokatuko lirateke, eta bi asteko epean. Datozen asteetan jakinaraziko du ACBk zer hiritan. Hori guztia osasun agintarien neurri eta erabakien menpe egongo litzateke, eta ACBko klubek adostu dute maiatzaren 31 jartzea epe moduan txapelketaren inguruko azken erabakia hartzeko. Horrekin batera, beste data bat jarri du. Liga ezin da uztailak 10 baino beranduago amaitu. Horrekin batera, eta ligaren heren bat jokatzeko zegoenez oraindik, erabaki du ez dela talderik jaitsiko Urrezko LEB ligara.
Bilbo Basketek eta Baskoniak azken fase hori jokatuko lukete, eta multzo berean leudeke Bartzelonarekin, Teneriferekin, Unicajarekin eta Joventutekin batera.