Hamabosgarren aukera

Osasunak lehen garaipena nahi du gaur etxetik at, jokatu dituen hamalau partidetan zazpi berdindu eta zazpi galdu baititu

Iruñea
2009ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Gaur Vicente Calderonen irabazten ez badute, urtebete pasa egingo dute Osasunako jokalariek etxetik kanpo partidarik irabazi gabe. 2008ko apirilaren 13an lortu zuen azken aldiz etxetik kanpo partida bat irabaztea. Espanyolen zelaian izan zen, eta 0-1 irabazi zuten nafarrek, Astudilloren gol bati esker. Osasunako jokalariek aste honetan egindako adierazpenetan argi utzi dute zama astuna dela etxetik kanpo ez irabaztea. Okerrak lehenbailehen zuzendu, eta asteburu honetan bertan lortu nahi dute bolada txarra amaitzea. Horretarako, ordea, Atletico Madril ezustean harrapatu beharko dute. Txapeldunen Ligarako sailkatu nahi badute, etxean ezin dute kale egin espainiarrek, eta argi dago Osasunarentzat lehia zaila izango dela.

«Sportingen aurka gertatu zitzaigun bezala, etxeko partidaren batean kale egin dezakegula argi dago, eta akats hori errepikatzen badugu, erabat hondoratuta ez geratzeko etxetik kanpo partidaren bat irabaztera behartuta gaude», esan zuen asteazkenean Ludovic Delportek, esaterako. Akats gutxi egin du Osasunak etxean bigarren itzulian, baina, hala eta guztiz ere, jaisteko postuetatik burua atera ezinda jarraitzen dute nafarrek. 2009an sartuz geroztik, etxetik at ere partida bakarra galdu dute nafarrek: Santiago Bernabeun, urtarrilean. Baina Nafarroako Erresumatik urrun jokatutako azken lau partidetan lau berdinketa lortu dituzten arren, behingoz puntuak hirunaka batzea ezinbestekoa da gorritxoentzat. Vicente Calderonen hiru puntuak lortuz gero, datorren asteburuan Athletici sailkapenean aurre hartzeko moduan izango dira, euskal derbia irabazten badute zaleen aurrean. Baina lehendabiziko eginbeharra behingoz etxetik kanpo partida bat irabaztea da. Eta gaurko lehia baliatu nahi dute Camachoren mutilek.

«Atletico Madril talde itzela da, jokalari bikainak ditu. Hala ere, gu irabazteko asmoz goaz Vicente Calderonera, gure betebeharra da», adierazi zuen atzo Camachok. Etxetik kanpo jokatutako partida askotan irabazteko gosea falta izan zaie nafarrei, baina Camachok ez du uste arazo gaindiezina denik. Horixe azaldu zuen, behintzat, atzo: «Irabazten ahalegintzen gara gu beti, baina irabazteko gosea agertzeko garaipena gertu ikusi behar da zelaian. Irabazi nahi izan arren, batzuetan porrota gertuago ikusten duzu, eta orduan defentsan egiten duzu lan gehien; beste batzuetan, aldiz, aurkaria baino gehiago zarela ikusten duzu, eta orduan erasora jotzen duzu garaipenaren bila. Ez zaigu goserik falta, eta irabaztera zelairatzea da gakoa», esan zuen atzo.

Talde kontrarioko gizon bat nabarmentzeko eskatu zaienean, Diego Forlan esan dute Osasunako jokalari gehienek aste honetan. Aguero, Maxi eta Simao ere ez dira hankamotzak, baina uruguaiarrak ikara eragiten die. Eta ez da harritzekoa. 28 partidatan 19 gol sartu ditu sasoi honetan, eta Uruguaiko selekzioarekin ere golak sartzen ari da azken boladan.

Osasuna, Forlanen jomuga

Gainera, Osasunaren aurka jokatu dituen azken sei partidetan bost gol sartu ditu. Vila-realekin nafarren aurka jokatutako lehen bi lehietan ez zuen golik sartu Forlanek. 2006-07 denboraldiko 34. jardunaldian Forlanek Nafarroako Erresuman eman zuen ikuskizuna ez dute ahaztu oraindik Osasunako jokalariek eta zaleek. Egun hartan, 1-4 nagusitu zen Vila-real Iruñean. Forlanek hiru gol sartu zituen -Espainiako Ligan dagoenetik beste behin bakarrik lortu du Forlanek partida berean hiru gol sartzea, nahiz eta guztira 89 gol sartu dituen bost denboralditan Espainiako Ligan-, eta askoz gehiago sartzeko aukerak ere izan zituen, gainera. Jokalari gutxik erakutsi dute halako nagusitasuna azken urteetan Osasunaren zelaian. Atletico Madrilekin bi aldiz neurtu ditu indarrak gorritxoen aurka, harrezkero. Iragan sasoian, Nafarroako Erresuman, berak sartu zuengola, nahiz eta 3-1 galdu.

Simao, Aguero, Maxi, Sinama eta Raul Garcia ere nabarmendu zituen Camachok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.