Hamabost onenen bila

Gaur hasi eta urriaren 20a arte jokatuko da Munduko Errugbi Kopa, Frantzian. Hogei talde lehiatuko dira William Webb Ellis Kopa irabazteko asmoz, eta Zeelanda Berria da, txapela lortzeko hautagai nagusia, All Blacks selekzioa. Frantzia eta Argentinaren artekoak irekiko du Kopa (21:00).

Eneritz Zabaleta.
2007ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Hilabete eta erdiko lehia gogorra daukate aitzinean Munduko Errugbi Kopa jokatuko duten 20 taldeek.William Webb Ellis, Ingalaterrako kolegio batean errugbia asmatu zuen ikasle ingelesaren izena duen koparen konkista hasiko da gaur iluntzean. Urriaren 20an bukatuko da, hilabete eta erdi pasatxo zelaian pasatu ondoren.

Seigarren ekitaldia izanen du aurten Errugbiko Munduko Kopak. Orain arte Australiak, bitan, Zeelanda Berriak, Hegoafrikak eta Ingalaterrak lortu dute txapela janztea. Etxeko taldeak, Frantziak, oraindik inoiz lortu ez duen kopa irabazi nahiko du. Antolaketa sendoa egin du talde antolatzaileak, eta lehiaketak ikusmin handia sortu du. Partidak 1998ko Munduko Futbol Kopa jokatu ziren estadio handi eta berrituetan jokatuko dira. Sarrerak ere orain dela urte eta erdi hasi ziren saltzen, eta guzti-guztiak ez bada ere, gehienak salduta daude jada. Ikusle faltarik ez dute izanen, beraz, lehiatuko diren 20 taldeek.

1995ean hartu zuen profesionaltasunaren bihurgunea errugbiak, eta geroztik etengabe goraka doa. Pixkanaka dirua sartzen hasi da errugbian, eta lehen kirola zenaikuskizun bihurtzen ari da. Munduko Kopa, testuinguru horretan, errugbia mundu zabalera hedatzeko erakusleihoa izanen da.



A multzoa

Ingalaterra, Hegoafrika, Samoa, AEBak eta Tonga

Multzo honetan, final-laurdenetara sailkatzeko hautagai nagusiak Ingalaterra, 2003ko munduko txapelduna, eta Hegoafrika dira. Afrikarrek txapela lortzeko aukera handiak dituzte. Aitzinean oso talde sendoa dute, agian munduko bigarren lerroko bikote onenarekin (Matfield eta Botha). Gibelean ere jokalari garrantzitsuak dituzte. Hala ere, uda honetako Hiru Nazioen Txapelketan ez dira espero bezain fin ibili.

Ingelesak izanen dira txapelketako misteriorik handiena. 2003. urteko txapelaz geroztik, ez dute haien mailarik eman. Ashton hautatzaileak Sei Nazioen Torneoan jokalari gazteei aukera eman ondoren, Corry, Dallaglio edo Vickery zaharrei konfiantza eman die. Final-laurdenetarako bidea ez dute erraza izanen, halere. Samoako taldea sendo dabil, eta Tongarekin batera, ezustekoren bat emateko moduko taldea dauka. Dirua eskas izan arren, errugbia da kirol nagusia bi herriotan, eta plakaketa gogorretan oinarrituriko jokoa eginen dute bi taldeek.



B multzoa

Australia, Gales, Fiji, Kanada eta Japonia

Australia gainerako taldeen gainetik dago, eta ez luke aitzina pasatzeko arazorik ukan behar. Ekitaldi bakoitzean, berritasunak ekarri ohi dizkio Australiak errugbia jokatzeko moduari. 2003an, baloi jabetzan oinarritutako jokoa asmatu ondoren, baliteke aurten beste berritasunen bat ekartzea. Prestaketa partidetan, gibelekoen artean sartzen diren aitzinlarien lasterkaldietan, eta hegaletara baloia fite eramatean datzan joko mota prestatu du.

Final-laurdenetara pasatzeko bigarren txartela, aurreikuspenen arabera, Galesek lortu behar luke. Errugbi tradizio handiko herria da Gales. Hala ere, Sei Nazioetan, eta geroago udako partidetan, itxura kaskarra eman du. Zorte pixka batekin Kanadak ezustekoa eman dezake, geroz eta emaitza hobeak lortzen ari baita. Sorpresa faktoreak bere alde joka dezake. Fiji eta Japoniako taldeak maila bat beherago daude, eta sufritzea egokituko zaie.



C multzoa

Zeelanda Berria, Eskozia, Italia, Errumania eta Portugal

Munduko kopa irabazteko faborito nagusiaren multzoa da hau. Zeelanda Berriak talde beldurgarria dauka, eta postu guztietan bi edo hiru aukera ditu Steve Hansen hautatzaileak. Suitzako erlojuen zehaztasunaz eraikitako jokoa dauka, jokalariak zutik jokatzean eta etengabeko pase eta sostenguan oinarrituta. Agian, zehaztasun hori desorekatuko duen hondar aletxoa izango den taldeak zalantzan utz dezake All Blacks selekzioa. Izan ere, haien antolaketan trabatuak izaten ez daude ohituta, eta, une batean, haien burua aterabiderik gabe ikusita nola erreakzionatuko duten ikusi beharko da.

Zeelanda Berriaren gibelean, bigarren posturako lehia polita egongo da Eskozia eta Italiaren artean. Eskoziarrek tradizio handiagoa dute kirol honetan. Italiarrak, aldiz, gora eta gora doaz azken urteetan, batik bat Sei Nazioetan jokatzen hasi direnetik. Txapelketa horretako azken ekitaldian Italiak irabazi egin zion Eskoziari, baina Munduko Kopan edozer gerta daiteke. Errumania, eta, batez ere, Portugal, jokalari afizionatuz osatutako taldeak dira. Freskotasuna ekarriko diote txapelketari.



D multzoa

Frantzia, Irlanda, Argentina, Georgia eta Namibia

Lehen faseko multzorik orekatu eta interesgarriena da. Frantzia, Argentina eta Irlanda final-laurdenak jokatzeko hautagaiak dira. Partida guztiak borrokatuak izanen dira, eta hirurek ezingo dute hutsik egin aitzina pasatzeko. Frantziak etxean jokatzen du, eta uda honetan maila ikusgarria eman du,aspaldi lortu ez zuen prestaketa fisikoa erakutsiz. Hori dela eta, frantziarrek txapela dute helburu.

Irlanda Europako talderik onena izan zen iragan Sei Nazioetan, txapela Frantziak jantzi bazuen ere. Aspaldiko talderik onena dute irlandarrek eta O´Driscoll, Stringer, D´Arcy eta O´Connellen belaunaldiaren aukera handia da txapel handi bat lortzeko.

Argentinak, berriz, asko egin du aurrera azken urteetan. Seguruenik, munduko aitzineko zortzikoterik onena daukate pumas-ek. Federazioaren kudeaketa kaskarra dela-eta, baliabide gutxi izan dute argentinarrek, eta txapelketaren prestaketa ez da beste faboritoen adinakoa izan. Gibelean ere, hasierako zazpikote ona badute ere, ordezkoek zalantza batzuk sortu dizkiote Marcelo Lofreda hautatzaileari. Gogoa behintzat soberan izanen dute hegoamerikarrek, eta arerio zaila izanen dira Frantzia eta Irlandarentzat.Munduko kopako sorpresa izan daitezke.



TxaPeLKeTaKo FaBorIToaK
Frantzia
Federazioaren sorrera: 1919. urtea.

Lehendakaria: Bernard Lapasset.

Lizentzia kopurua: 252.638.

Himnoa: 'La Marseillaise'.

Zelaia: Saint Denis (80.000 ikusle).

Ikurra: Oilarra.

Entrenatzailea: Bernard Laporte.

Kapitaina: Raphael Ibañez (argazkian).

Entsegu gehien egindakoa: Serge Blanco (38 entsegu).

Tanto gehien egindakoa: Christophe Lamaison (380 tanto).

Selekzioan gehien jokatutakoa: Fabien Pelous (113 aldiz).

Lorpenak: Bi aldiz izan da finalista (1987 eta 2003an). 1991n final-laurdenetara iritsi zen. Gainerakoetan beti finalerdietara iritsi da.

Jokalari aipagarriak: Ibañez, Dominici, Pelous, Thion, Jauzion, Skrela, Betsen eta De Villiers.

Etxeko taldea da Frantzia, eta errugbian tradizio handia daukan arren, inoiz lortu ez duena lortu nahiko du aurten. Munduko Kopa irabaztea da Bernard Laporte hautatzailearen mutilen xedea. Taldea daukate helburua lortzeko. Hamabostekoei begira, agian Zeelanda Berria baino beherago daude, baina 40 jokalariko talde orekatuena dute.

Irlanda
Federazioaren sorrera: 1874. urtea.

Lehendakaria: P. J. Boyle.

Lizentzia kopurua: 100.974.

Himnoa: 'Amham na bh fian' eta 'Ireland call'.

Zelaia: Croke Park (82.300 ikusle).

Ikurra: 'Sharmock' hirusta.

Entrenatzailea: Eddie O' Sullivan.

Kapitaina: Brian O'Driscoll (argazkian).

Entsegu gehien egindakoa: BrianO' Driscoll (31 entsegu).

Tanto gehien egindakoa: RonanO' Gara (660 tanto).

Selekzioan gehien jokatutakoa: Malcom O' Kelly (111 aldiz).

Lorpenak: Ez da inoiz final-laurdenetatik pasatu. 1999an final-laurdenetarako kanporaketa partidan galdu zuen.

Jokalari aipagarriak: Stringer, O' Gara, O' Driscoll, D' Arcy, O' Connell, Horgan, Murphy eta Hayes.

Europako talde onena dela diote askok. Egia da munduko jokalari onentsuenak dituztela irlandarrek: O´Connell, D´Arcy, O´Driscoll... Irlandako historiako belaunaldirik onena da hau. Hala ere, Sei Nazioetan ez dute ezer irabazi oraindik, eta hori izan daiteke irlandarren ahuldadea. Azken aukera izan daiteke belaunaldi honentzako.

Zeelanda Berria
Federazioaren sorrera: 1882. urtea.

Lehendakaria: Andy Leslie.

Lizentzia kopurua: 141.726.

Himnoa: 'God defend New Zealand', ingelesez eta maorieraz.

Zelaia: Eden Park (70.000 ikusle).

Ikurra: Sasi hostoa.

Entrenatzailea: Steve Hansen.

Kapitaina: Richie McCaw.

Entsegu gehien egindakoa: Christian Cullen (46 entsegu).

Tanto gehien egindakoa: Andrew Mehrtens (967 tanto).

Selekzioan gehien jokatutakoa: Colin Meads (133 aldiz).

Lorpenak: Behin irabazi du Munduko Kopa. Bi aldiz iritsi da finalera. Beti finalerdietara iritsi da.

Jokalari aipagarriak: Carter (argazkian), Kelleher, Collins, Rokocoko, Sivivatu, Mc Caw eta Mc Allister.

Munduko talderik onena da Zeelanda Berria. Postu bakoitzean, munduko jokalari onenak dituzte All Blacksek, eta joko erakargarri bezain zehatza jokatzen dute. Baloia etengabe eskutik eskura doa, beti hor dagoen sostenguari esker. Txapela lortzeko faborito nagusiak dira. Orain zailena gelditzen zaie: aurreikuspenak betetzea.

Hegoafrika
Federazioaren sorrera: 1889. urtea.

Lehendakaria: Oregan Hoskins.

Lizentzia kopurua: 464.477.

Himnoa: 'Nkosi sikele i Africa', 'apartheid'-a bukatu ondoren hautatutakoa,xhoso-zulu, sesoto, afrikaans eta ingelesez, eta 'Die stem' zaharra, afrikaanseraz.

Zelaia: Ellis Park (80.000 ikusle).

Ikurra: Springboka.

Entrenatzailea: Jake White.

Kapitaina: John Smit.

Entsegu gehien egindakoa: Joost Van Der Westhuizen (38 entsegu).

Tanto gehien egindakoa: Percy Montgomery (768 tanto).

Selekzioan gehien jokatutakoa: Joost Van Der Westhuizen (89 aldiz).

Lorpenak: Munduko txapeldun izan zen 1995ean. Hiru aldiz finalerdietara iritsi da. 2003an, final-laurdenetan galdu zuen Zeelanda Berriaren kontra.

Jokalari aipagarriak: Matfield, Smit, Habana (argazkian), Stein, De Villiers, Botha, Burger eta Montgomery.

Beti bezain indartsu eta gogor datoz springboks-ak. Aitzinean indar paregabea dute, eta gibelean ere Habana, Stein eta Montgomery izarrak, besteak beste.

Australia
Federazioaren sorrera: 1949. urtea.

Lehendakaria: Paul McLean.

Lizentzia kopurua: 66.395.

Himnoa: 'Advance Australia fair'.

Zelaia: Telstra Stadium (115.000 ikusle).

Ikurra: 'Wallaby'-a.

Entrenatzailea: John Connolly.

Kapitaina: George Gregan.

Entsegu gehien egindakoa: David Campese (64 entsegu).

Tanto gehien egindakoa: Michael Lynagh (911 tanto).

Selekzioan gehien jokatutakoa: George Gregan (127 aldiz).

Lorpenak: Bi aldiz izan da munduko txapelduna (1991 eta 1999an). 2003an finalista izan zen. Beti jokatu ditu Munduko Kopako finalerdiak, 1995ean salbu.

Jokalari aipagarriak: Larkham (argazkian), Gregan, Waugh, Tuqiri, Giteau, Smith, Sharpe eta Vickerman.

Orain arteko munduko kopetan inoiz ez da izan txapela lortzeko faborito nagusia. Beti hautagaien artean sartu ohi da Australia, baina beste talde batzuk ikusten dira aurretik. Alta, munduko kopa bi aldiz irabazi duen herri bakarra da. Ekitaldi guztietan, gainera, hurrengo urteetan jokatu izan den errugbi estiloa markatu du Australiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.