Urrezko dominarik gabea, baina arrakastatsua izan da Volendamen (Herbehereak) jokatu den Munduko Sokatira Txapelketa. Klub mailan eta nazioka hamahiru domina lortu dituzte euskal herritarrek, zilarrezko lau eta brontzezko bederatzi. Hasi eta bukatu, Taiwango tiralariak izan dira aurkari gogorrenak, euren aurka galdu dituztelako finalik gehienak. Kolpeka tiratzen dute taiwandarrek, eta estilo horri neurria hartu ezinik ibili dira euskal tiralariak.
Klub mailan, ondorengoak izan dira bederatzi dominak: bi lortu ditu Gaztedik, zilarrezkoa emakumezkoen 540 kilokoan, eta brontzezkoa emakumezkoen 500 kilokoan. Bi dominarekin itzuli dira Ibarrako tiralariak ere: brontzezkoa emakumezkoen 540 kilokoan, eta zilarrezkoa 600 kiloko mistoan. Sokarrik ere bikoa eskuratu du: brontze bana gizonezkoen 560 eta 600 kilokoetan. Eta banarekin itzuli dira Berriozar eta Badaiotz. Berriozarrek brontzezko domina kolkoratu du gizonezkoen 23 urtez azpiko 600 kilokoan, eta Badaiotzek zilarra emakumezkoen 500 kilokoan.
Azken bi jardunaldietan nazioka aritu dira tiralariak, eta Basque Countryk bost domina eskuratu ditu, zilarrezko bat eta brontzezko lau. 23 urtez azpiko 600 kilokoan eskuratu dute zilarrezkoa, eta emakumezkoen 500 eta 540 kilokoetan, gizonezkoen 600 kilokoan eta 600 kiloko mistoan brontzezkoak.