Hamaika pole, bi titulu?

Sebastian Vettel izan da bizkorrena Singapurko entrenamendu saioan, eta gaur munduko txapeldun izan daiteke

Laurentzi Garmendia
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Urteko 11. pole-a lortu zuen atzo Sebastian Vettelek Singapurko gauean. Erraz lortu zuen, inoren erresistentziarik gabe. Lasterketako garaipena bere eskuetan dagoela ere esan daiteke, irteera ona eginez gero inork ez baitu haren erritmoa jarraitzeko ahalmenik. Atzo ordena oso argigarria eman zuen sailkatze probak, lehen lerroa Red Bullek bete baitzuen, bigarrena McLarenek, hirugarrena Ferrarik, laugarrena Mercedesek eta bosgarrena Force Indiak. Sei Mercedes motor lehen hamarren artean. Baina Vettelen Renaultaren atzetik guztiak.

Entrenamendu ofizialetako emaitza berriro gaurko lasterketan lortuz gero, Vettelek munduko bere bigarren titulua ziurtatuko luke ia-ia. Hau da, ez du inolako karanbola zailik behar horretarako. Alemaniarrak sari nagusia irabaztea ez litzateke inolako ezustekoa, aurten, zortzi aldiz igoa baita maila gorenera. Bederatzigarrena iritsiko da, eta gaur izan daiteke. Horrez gain, Alonsok podiumetik kanpo amaitzea ere behar du. Espainiarrak marka bikaina du Singapurren, han korritu duen hiru aldietatik bitan irabazi baitu, eta hirugarren amaitu zuen bestean. Atzo, baina, bosgarren izan zen, Red Bullak eta McLarenak gainditu ezinda. Gaur bere helburua podiuma zapaltzea dela aurreratu zuen, baina horretarako aurrekoen baimena beharko du.

Mark Webber eta Jenson Button berdinduta daude puntutan, eta, Vettelek irabaziz gero, hirugarren postuan edo atzerago sailkatuta bakarrik eragotziko lukete alemaniarraren titulua. Laburtuz, txapeldun izateko, honako honek izan beharko luke emaitza konbinazioa: Vettel garaile, Hamilton bigarren, Button edo Webber hirugarren eta Alonso laugarren. Emaitza hori edozein lasterketatan gerta daiteke, beraz ziur Red Bullen festa ospatzeko guztia prest izango dutela, badaezpada. Hala suertatuko balitz, iaz bezala, gauez koroatuko litzateke Vettel txapeldun; baina azken proban gertatu ordez, bost lasterketa lehenago litzateke.

Bigarren titulua lortu edo ez izango da lasterketa guztian zehar tentsioari eutsiko diona, baina seguruenik Vettel aurrean desagertuko da. Ostera, atzealdean, lehia oso erakargarria izango da, parekatuta baitaude oso. Webber, Button, Hamilton eta Alonso oso berdinduta daude denboratan, eta estrategiak agin dezake. Pirelliren ustez, estrategia desberdinek emaitza antzekoa eman dezakete, eta, horregatik, talde bakoitzak bide bat edo beste har dezake. McLarenek oso maila ona du pneumatiko ertainekin, eta besteek baino itzuli gehiago ematen dituzte horiek erabiliz.

Euria egitea ezin da baztertu, iragarpenek aukera hori aurreikusten baitute. Euripean jokatuko den lehen gaueko lasterketa izango litzateke, eta istripu arrisku handia legoke, urarekin ikusmena asko murrizten baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.