Hamaikagarren aukera du Caja Laboralek, ondo edo gaizki dagoen jakiteko

Valentzia gorantz dator Velimir Perasovicen eskutik, eta neurriko aurkaria izango da gasteiztarrentzat

Andoni Urbistondo.
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Asteburu batean ondo, hurrengoan hainbestean. Edo batean hainbestean, eta hurrengoan gaizki. Nondik begiratzen zaion. Caja Laboral Baskonia erregulartasun apur bat lortu ezinik dabil aspaldian, eta ilusio apur bat sortzeko gaitasunik gabe. Espainiako Kopako finalerdi duinaren ostean, Valladolid egurtu, eta norabidea zuzentzen hasteko une aproposa zen. Kontrakoa gertatu zen. Gaztelako talde apala garaitzeko komeria franko, eta garaipen gazi-gozoa: 67-65.

Teletovicek minutu bat eta hamasei segundo bakarrik jokatu zituen; sabeleko arazoak zituen, eta taldekideek ez zuten asmatu haren hutsunea betetzen. Trabatuta, ideia garbirik gabe, azken unean erabaki zen norgehiagoka Olesonen biko on bati esker. Teletovic gabe ere, ordea, moldatzeko gai izan behar du Baskoniak. Zer esanik ez talde kaskarragoen aurka. Gaur antzeko zerbait gertatzen bada, Valentziak muturreko latza emango diolako (19:00).

Kopatik kanpo geratu zen Valentzia, eta Paco Olmos kargutik kendu zuten. Beste proiektu bat harrikara, hamaikagarrena. Velimir Perasovici eman zioten aginte makila, eta kroaziarra taldearen norabidea zuzentzen ari dela dirudi. Baliabide zaharrekin: diziplina eta duintasuna. Bi garaipen lortu ditu jarraian Valentziak. Lagun Aroren aurka etxean, eta Unicajaren aurka Malagan. Egia da Unicaja joko eta emaitza krisi larrian dagoela, baina han irabaztea ez da erraza inoiz.

Teletovic, jokatzeko prest

De Colo eta Rafa Martinez izan ziren mugarri gaur zortzi, eta gaur ere zorrotz zaindu beharko dute biko hori Ribasek eta Olesonek. Ikusteko dago Nemanja Bjelicak Valladoliden aurka egin zuen partida txukuna berriz egiten duen. Lampe jokoan sartzen hastea ere ez litzateke txarra. Teletovic jokatzeko moduan dago, eta beste jokalari guztiak prest daude. Valentziak zalantza garrantzitsu bat dauka. Markovic joko antolatzaileak bi hilabete geldirik eduki zuen orkatila bera bihurritu du, eta ezin jakin garaiz osatuko den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.