Hamaikagarren iraultza

Baskoniak erdipurdiko denboraldia osatu du bigarren urtez jarraian, eta aldaketa ugari aurreikusten dira. Teletovic izan daiteke irteten aurrena, taldeak sos asko lortu baititzake bere salmentarekin.

Andoni Urbistondo.
2012ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Iragan distiratsuak dakartzan zehar-kalteak dira. Olatuaren aparrean ibiltzen denak, bertan mantendu nahi du, baina mantentzen ez bada, dena da porrota. Dena bete gabeko helburuak. Dena kritika eta aldaketa eskaera. Halaxe dago Caja Laboral Baskonia. Bi urte titulurik irabazi gabe, eta okerragoa dena, tituluren bat irabazteko aukerarik gabe. Ezberdina baita titulurik gabeko lehortea, eta tituluak lortzeko aukerarik ez izatea. Baskonia ACB ligako finala jokatzeko sailkatu izan balitz, hobeagoa izango zen denboraldi honetako balantzea. Titulua irabazi edo ez. Baina hori ere ez. Balantzeak, beraz, ezin ona izan, eta horrek mingaina zorroztuta dutenen lana errazten du.

Uda beroa espero da Gasteizen. Ezin esan nork duen jarraipena ziurtatua, kontratua edukitzearen aitzakiak piperrik ere ez duelako balio. Gasteizen ohituta daude espero zen errendimendurik eman ez duten jokalariekin duten hitzarmena mozten, edo moldatzen, urte askoko kontratuak izan arren. Jokalariak badaki zuzendaritzatik datorrena onartu ezean, etxekalte dabilela, eta horrek jokalari guztiei irekitzen dizkie ateak. Ez dago ukiezinik, denak sartzen dira zaku berean. Gauzak ondo, bi izenek erakarriko dute arreta lehen aste hauetan: Dusko Ivanovic eta Mirza Teletovic.

«Ivanovicek kontratua dauka hurrengo urterako, eta gure kluba eramateko entrenatzaile aproposa da». Josean Kerejeta Baskoniako presidentearen adierazpenak dira, pasa den ostiralean Marca Espainiako irratian egindakoak. Kontratua dauka, bai, baina karguan mantendu edo ez aztertu beharko dute Kerejetak eta zuzendaritzako kideek. Tituluek kontratuek baino berme handiagoa ematen dutelako. Ivanovicek iragana du alde. Bere eskutik iritsi da Baskonia iritsi den lekura, baina iraganak ez du etorkizuna ziurtatzen, eta bi urteko lehorteak berarengan duten konfiantza murriztu du.

Beste kontu bat da ordezko egokirik aurkitzeko aukera ba ote dagoen, eta ze salneurritan. Pasa den udan ere zurrumurru asko haizatu zirelako Ivanovicen inguruan, eta azkenean, denak hutsalak. Batzuen ahotan, ez zutelako Ivanovicen lana hobetuko lukeen ordezko egoki eta merkerik topatu merkatuan. Egoera berbera da orain. Pasa den astean Ivanovicek manager lana hartu eta Sergio Scariolok entrenatzaile kargua hartuko zuela zabaldu zuen saskibaloi atari batek. Egia? Ez. Gezurra? Ezta ere.

Kapitaina NBAra?

Jokalariei dagokionez, kapitainaren etorkizunak baldintzatuko ditu beste mugimendu guztiak. Sei urte osatu ditu Gasteizen Teletovicek, eta askoren ustez, bere zikloa bukatu da Baskonian. Asko eman dio Gasteizko taldeari, baina ospe txar franko ere badu: defentsan hobetzeko grina eskasa, diziplina taktikorik ez, berekoikeria zantzu ugari… Bere ekarpena asko jaitsi da denboraldiko bigarren zatian, eta Teletovic egurtu zaleak direnen artean, bosniarra saldu eta sos zorroa betetzeko une aproposa da. Eskaintzak, izan, baditu, eta asko, oso jokalari kotizatua delako. Eskaintza horiek kluba pausoa ematera bultzatuko duten, ezin jakin momentuz.

Pasa den udan Moskuko CSKAren eskaintza jaso zuten Buesa Arenako bulegoetan. Teletovic fitxatzeko eskainitako dirua ez zuten ontzat eman, ordea Gasteizen. Orain NBA bere ere sartu da salmentan. Brooklyn Nets talde berria omen, interes gehien erakutsi duen taldeetako bat. Mijail Prokhorov taldeko ugazaba errusiarrak milioi asko ditu diru zorroan, eta bi milioi euroko eskaintzara hurbiltzen bada, Teletovicek jauzia eman eta NBAn jokatuko du. Non dago muga? Milioi bat euro gutxi da, milioi eta erdi euro, aztertzeko modukoa, eta hortik gora, saltzeko erabakia hartuta legoke. Zenbaki horiek, dena den, ez dira ziurrak.

Andres Nocionik ere ez du jarraituko. Larunbatean finalaurreko bosgarrena galduta, eskerrak eman zizkion klubari twitter sare sozialaren bitartez, agur kutsua zeukan mezu batean. NBAra bueltatu nahi du Chapu-k, eta zurrumurruen arabera, San Antonio Spursen eskaintza bat dauka mahai gainean. Nocioni eta Pablo Prigioni dira, hain zuzen ere, kontratua bukatzen duten bakarrak. Joko antolatzaileak 35 urte ditu dagoeneko, baina sekulako maila eman du sasoi honetan, eta hari lema kentzea akats handia izan liteke.

Besteek zer? Denek dute kontratua. Milko Bjelicak 2013a arte, baina beste guztiek 2015a arte, gutxienez. Lehen esandakoaren harira, kontratua ez da oztopo izango aldaketak egiteko. Gauzak ondo, bi jokalarik bakarrik dute ziurtatua Gasteizen jarraituko dutela: Nemanja Bjelicak eta Maciej Lampek. Serbiarrak bilakaera ona izan du, eta makulu garrantzitsua izanen da. Poloniarrak ere hiruzpalau hilabete on egin ditu, urte erdia lesio larri batetik osatzen eman ondoren. Bi horien inguruan eraikiko da etorkizuneko taldea, ezusteko handiren bat gertatzen ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.