Athletic 1-0 Vila-real

Hamaikagarrenean, oparia

Irabazi gabeko hamar partidako bolada hautsi du Athleticek, mendean hartu baitu Vila-real San Mamesen. Berez penaltia izan zan ez den penalti batek eman dio garaipena, eta handik gutxira, benetan penaltia izan den beste batean, kale egin du; ondorioz, sufritu egin du bukaeran premiazko hiru puntuak batzeko. 

jarraia178233.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 1a
16:34
Entzun

Athletic partida bat irabazteko gai izan da aspaldiko partez, aurreko hamarretan alerik irabazi gabe geratu eta gero —azkeneko laurak galduta, gainera—. Vila-real menderatu du San Mamesen, eta eten egin du lehortea. Horretarako, hainbat gauza egin behar izan ditu ondo, eta, batez ere, Medie Jimenez epaileak emandako oparia baliatu behar izan du: ez baitzegokion penaltia adieraztea etxekoen alde. Kontuak kontu, Raul Garciak sartu egin du 56. minutuan, eta erabakigarria izan da jokaldi hori hiru puntuen opari desiragarria eskuratzeko. 

Hamar partidako lehortea eduki arren, Gaizka Garitanoren taldeak dotore ekin dio partidari. Erakutsi du konfiantzaz segitzen duela, eta sekulako balioa dauka horrek. Lau atzelari atera ditu entrenatzaileak, eta Williams aulkian utzi du. Aurkaria goian estutzera atera da etxeko taldea, bizi jokatu nahian, eta hegaletatik erasoz. Hasiera ona izan da, baina aurreneko aukera eta oso garbia Gerard Morenok eduki du, hamabigarren minutuan. Buruz burukoa izan da Unai Simonekin, eta atezainak dotore geratu dio jaurtiketa. Handik hiru minutura, Raul Garciak izan du gola sartzeko aukera, baina gora bota du baloia, kontraeraso batean. Gero, hasierako bizitasuna makalduz joan da minutuak igaro ahala, faltak bata bestearen atzetik egon baitira, eta horrek jokoa gerarazi baitu. Beste jokaldi batean ere kexu azaldu dira kanpokoak, Capak Cazorlari ostikada arriskutsua eman diolako belaunean. Txartel horia atera dio epaileak; gorria eskatu dute Vila-realekoek. Etxekoek ere hartu dute jomugan epailea, Munianek eskatutako penalti batetik hasita, eta jokaldi horretatik aurrera, bat bera ere ez dio barkatu San Mameseko zaleak epaileari. 

Athleticek lehen zatia amaitu bitartean egin dituen beste bi jaurtiketak ere kontraerasoetan sortutakoak izan dira, Raul Garciaren aurrekoa bezala. Muniainek gora egin du jaurtiketa 34. minutuan, eta Dani Garciak kanpora 47.ean. Bigarren zatiko lehen minutuetan ere ez da gauza handirik gertatu, eztabaida gutxi duen jokaldia heldu den arte. Williams zelairatu berriak zartakoa eman dio baloiari, eta Pau Torresi ukondoan jo dio, bi eskuak bizkarraren atzean zituela, baloia jotzeko batere asmorik gabe. Epaileak ez du segituan adierazi penaltia, baina VAR-ekoak belarrira esan diolako edo, handik gutxira jarri du besoa penalti puntura begira. Raul Garciak ez du barkatu. 

Atzera egin du etxeko taldeak, aldea defendatzeko asmoz, eta nahi duen jokoa egiteko moduan izan da Vila-real. Baloia ukituz, Unai Simonen areatik gertu azaltzen hasi da, eta 62. minutuan, Alcacerrek kanpora egin du jaurtiketa. Handik hiru minutura, ordea, etxekoek sekulako aukera galdu dute partida ixteko. Beste penalti bat adierazi du epaileak, oraingoa ere eskua tartean zela, kasu honetan Albiolena. Garbia izan da hori, eta VAR-ean ikusi behar izan badu ere epaileak, zalantza gutxiko jokaldia izan da. Williamsi atera egin dio jaurtiketa Asenjok. Gero, Alcacerrek beste aukera garbi bat bota du harrika, 71. minutuan. 

Bukaera bitartean, Athleticek oso aukera garbia izan du Sanceten eta Caparen bidez, baina Asenjok galarazi die gola sartzea. Kanpotarrek ez dute ezer egin erasoan azkeneko minutuetan, Alcacerren eta Unai Nuñezen artean izan den beste jokaldi eztabaidagarri batean izan ezik. Area barruan izan da, eta Athleticekoak oinean ukitu du Vila-realekoa, baina penaltia adierazteko hainbestekoa ez da izan ukitua. Azkenean, San Mamesek arnasa sakon hartu ahal izan du hiru puntuekin. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.