Buesa Arenako bulego nagusiak bat-bateko bertsolaritzako txapelketa saio baten traza hartzen du uda guztietan. Zer egin, nor fitxatu, nor ez… Kanpotik ikusita, inprobisazioak erabatekoa dirudi. Barruko jarduna ondo ezagutzen duen norbaitek bestelako iritzia edukiko du, agian, baina ia beti bezala, Caja Laboral Baskoniak mila gorabehera eta ezusteko izan ditu udan. Hainbesteraino, inor ez da harritzen dagoeneko: ez taldeari jarraitzen dioten komunikabideek, ezta taldeko zaleak ere. Baskoniaren talde eraikuntzak beti dute koskaren bat, lotu gabeko xehetasunen bat, lesio moduan agertutako azken orduko berriren bat, eta aurtengoa ere hala izan da.
Atzokoa, azken berria: Eduardo Hernandez-Sonsecari egindako kontratua. Bolo-bolo zebilen kontua, Milko Bjelica eta Maciej Lamperen lesioagatik. Bi asteko kontratua egin diote pibot espainiarrari, beste bi pibotak edo bietako bat tarte horretan osatuko delakoan. Baskoniaren jarduna ikusita, laster egun batzuetako kontratuak iritsiko dira, agian. Deigarria da itxuraz hasierako bostekoan jokatu behar duten bi jokalari garaiei gertatutakoa. Milko Bjelicak Europako Txapelketako atarikoa jokatu zuen Montenegroko selekzioarekin, irail hasieran, baina lehiaketa horretako azkeneko bi partidak jokatu gabe iritsi zen Gasteizera. Dusko Ivanovicek kantxaratu egin zuen lagunarteko batean, halere, eta 35 minutuz jokatu zuen. Ondoren jakin zen bi belaunburuetan zaintiratua duela.
Antzera gertatu da Lamperekin. Orkatila bihurritu zuen aurreko ligako finalerdian, Real Madrilen aurka, eta bategatik edo besteagatik, erabat osatu gabe iritsi zen Gasteizera. Mingain gaiztoek diotenez, Ivanovicek ez zion atsedenik eman nahi izan, eta bi hernia diskalen atariko lesioa izan du poloniarrak. Ez Milko Bjelica, ezta Lampe ere, ez dira prest egongo igandean Zaragozan jokatzeko, eta ikusteko dago noiz egongo diren prest. Horiek horrela, Tibor Pleiss alemaniarra da sasoiz prest eta behin-behineko kontraturik ez daukan pibot bakarra. Hernandez-Sonsecaren fitxaketa petatxua baino ez da.
Taylor Rochestie eta Thomas Heurtel joko antolatzaileena bezala. Pablo Prigioniren ezusteko agurrak itogin handia eragin zuen taldeko zutabe sendoenetakoan, eta zuzendaritza zabuka, gauzak garbi edukiko ez balitu bezala aritu da. Heurtel saltzen saiatu ziren, utzita, neurririk ez zuelako eman aurreko sasoian, baina soldata handia dauka, eta ez dute lortu. Lortuko zutelakoan, Rochestie estatubatuarra fitxatu zuten aurrena. Abuztuan izan zen, baina irailean etorri zen Gasteizera, Montenegrorekin jokatu ondoren. Eta behin Gasteizen, belaunetako batean likidoa pilatuta zeukala antzeman zioten, lesioa izateko arriskua. Kontratua eten egingo ziotela zabaldu zen, baina ez zioten eten. Hori bai, klausula gogorra jarri zioten: lesio larria baldin badu, kanpora doa.
Ondoren iritsi zen Carlos Cabezas. Joko antolatzaile ona da, baina bere onenak emandakoa agian, eta ikusteko dago zer neurri emango duen. Cabezas Prigioni baina jokalari txarragoa da, eta Heurtel-Rochestie bikoteak ere ez du, oraingoz, berme handirik ematen. Ivanovicek hiru joko antolatzaile izango ditu bere aginduetara. Egoera bitxia, eta sos mugaren ondorio zuzena, ondo pentsatutako plangintza batena baino gehiago. Kanpoko lerroko azken jokalari aldaketak ere zalantza sortzen du. Pau Ribas joan zen, eta Fabien Causseur frantziarra etorri. Ribasen ekarpena asko murriztu zen azken sasoian, eta Causseurrekin itxaropena, egon, badago, baina ikusteko dago espero dena beteko ote den.
San Emeterio eta Nocioni
Baskoniak beti jakin izan du jaikitzen, berreraikitzen, ekainean taldea utzi zutenak bezain jokalari onak edo hobeak zirelako Luis Scola, Arvidas Macijauskas, Tiago Splitter eta beste. Prigioni eta Mirza Teletovic izan dira orain, biak NBAra bidean, eta haiek gabe, bi jokalarik hartu beharko lukete lekukoa: San Emeterio eta Nocioni. San Emeteriok urteak daramatza dagoeneko taldean, eta kapitaina izango da. Ez zuen askorik eman joan den denboraldian, eta hobetu beharra dauka.
Beste erreferentzia Nocionik izan beharko luke. Taldearen apustu sendoa izan zen aurreko denboraldiaren bukaeran, eta argentinarrak Gasteizen geratzea erabaki du. Dagoeneko ez da iraganeko Nocioni, parean zituen guztiak txikitzen zituen jokalari aparta, baina talentua badu, eta ezeren okerrik ez dela, berak eskatuko du baloia une erabakigarrietan. Asmatu edo ez, baikortasun giroa asko jaitsi da Gasteizen. Talde handiak urrundu egin dira urteen joan-etorrian, eta Baskoniak ez du haiengana hurbiltzeko gaitasunik erakutsi.
Hamaikagarrenez, itogin eta petatxuak
Baskoniak taldea osatu gabe hasiko du liga; nahi zuena gabe, ahal izan duena fitxatu duela dirudi, sos faltagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu