Hamar aldaketarekin

Yachvili min hartuta egon arren, Miarritzek talde indartsua zelairatuko du gaur Toulonen aurkakoan

Eneritz Zabaleta.
2011ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Hiru egunetan egin beharreko bigarren bidaiari ekingo dio gaur arratsaldean Miarritzek, Toulonen jokatuko baitu. Urte zaharreko ospakizunak motz gelditu zaizkio Agilerako taldeari, eta berehala hartu beharko dio neurri urte berriari. Joan den astean Montpellierren galdu eta gero (22-16), aldi honetan emaitza positibo bat lortzea da helburua miarriztarrentzat. Bide batez, Toulon Heineken Kopara sailkatzeko aurkaria urrunduko luke garaipenarekin. Baina, preseski, Toulon bera ere puntu beharrean dago, joan den astean oso partida gogorra jokatuta Baionan galdu egin zuelako (20-9). Dagoeneko zazpigarren postuan dago Mediterraneoko hamabostekoa. Hau da, Heineken Kopako postuetatik at. Ez du gehiago galtzeko aukerarik.

Horren jakitun dira miarriztarrak, baina onartu behar da sasoi honetako Toulon ez dela oraindik iragan sasoiko taldearen mailara iritsi. Etxeko Mayol estadioan, adibidez, iragan sasoian partida bakarra ere ez zuten galdu gorri-beltzek. Sasoi honetan, baina, jadanik hiru aldiz galdu dute etxeko partida, lehen aldiz Baionaren kontra.

Asteazkenean Baionan jokatutako partidatik, gainera, zauri eta orban dezenterekin itzuli zen Toulon. Jonny Wilkinson eta Felipe Contepomi bi irekitzaileek min hartuta bukatu zuten partida. Azken unera arte, Philippe Saint Andre Toulongoen kirol zuzendaria bietarik bat zelairatzeko esperantzan egon da. Eta azkenean guztiz osatu ez bada ere, Wilkinsonek hasieratik jokatuko du gaur.

Orduan, une ona ote da Miarritzerentzat Mediterraneo inguruan irabazteko? Argi da Toulon ez dagoela bere unerik onenean, eta hori onerako bezala izan daiteke kalterako. Burua fite altxatu nahiko du, eta Miarritzek Baionaren aurkako porrotaren ordaina jaso dezake, joaneko partidan bezala —Toulonek 13-3 irabazi zuen Agileran—. Baina, Baionako borrokako zauriak oraindik osatu gabe dagoela, zail gerta dakioke jokalari freskoz betetako Miarritzeri aurre egitea.

Miarritze harroin gabe

Izan ere, hamabostekoari begiratzean, argi gelditzen da Jean Mixel Gonzalez eta Jack Isaac entrenatzaileek gaurko partidaren alde egin zutela, Montpellierren aurkakoaren kalterako. Balshaw, Ngwenya, Thion, August, Lund... Taldeko jokalari garrantzitsuak itzuliko dira hamabostekora, Montpellierren ez bezala. Baina Miarritzek ere badu burukominik. Lehenik eta behin, Dimitri Yachvilik berriz huts eginen du. Montpellierren azken unean Aiestaranek hartu zuen bere lekua, baina gaur Peyrelongue ariko da uztartze erdi postuan, eta Traillek hartuko du 10 postua.

Miarritzeren bigarren kezka nagusia harroin falta da. Coetzee eta Barcellarekin batera, Johnstonek hartu du orain min, eta gaur ez da ariko. Joker bezala etorritako Afoak, berriz, osasun arazo bat du, eta baliteke Miarritzetik partida bakarra jokatu gabe joatea. Ondorioz, jokatzeko prest diren harroin bakarrak Marconnet beteranoa eta Barozzi zein Watremez gazteak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.