Hamar tanto edo kalera

Bengoetxea VI.ak eta Albisuk hamar tanto egin beharra dauzkate gaur Binakakoaren finalerdietan aritzeko

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Bengoetxea VI.a eta Ruiz —Albisu ariko da gaur Ruizen ordez—, edo Martinez de Irujo eta Merino II.a. Bat edo bestea. Bientzat ez dago lekurik Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkan. Gonzalez-Laskurainen eta Olaizola II.a-Beginoren atzoko garaipenekin, bi bikote horiek ere sailkatuta daude jada Xala eta Barriolarekin batera. Martinez de Irujok eta Merino II.ak ere irabazi egin zuten herenegun, Arretxe II.aren eta Zabalaren aurka, baina tanto bakarreko aldea lortu zuten, eta Bengoetxea VI.a eta Ruiz dezente estutzeko aukera ederra galdu zuten. Une honetan seina garaipenekin daude bi bikote horiek, baina 22-10 galtzeko lizentzia daukate leitzarrak eta ataundarrak.

Albisuk maila emango ote duen, horixe da gaurko zalantza bakarra. Erronka polita baina handia jarri diote Asegarceko atzelariari, eta ikusi egin beharko da nola erantzuten duen. Baina leitzarra aurrean dela, Asegarceko bikoteak oso partida txarra egin beharko luke gaur txapelketatik kanpo geratzeko. Bikote handia osatzen dute Xalak eta Barriolak, eta lider sendo gisa iritsi dira azken jardunaldira. Baina pentsatzekoa da Bengoetxea VI.a eta Albisu beste bizitasun batekin kantxaratuko direla.

Xalak eta Barriolak otsailaren 12an jokatu zuten Bengoetxea VI.a eta Ruizen aurka, eta 21-22 irabazi zuen Asegarceko bikoteak. Hori bai, Ruizen lesioak dezente aldatuko du partida. Espero den bezala leitzarra eta ataundarra hamar tanto egiteko gai balira, tanto alde orokorragatik geratuko lirateke kanpoan. Txapelketan zehar elkarren aurka jokatutako bi partidetan berdinduta daude. Lehen jardunaldian 4-22 irabazi zieten Bengotxea VI.ak eta Ruizek Irujo eta Merino II.ari. Eta bigarren itzuliko lehen jardunaldian Aspeko bikoteak 22-15 irabazi zion Asegarcekoari —partida horretan Ibai Zabalak jokatu zuen Bengoetxea VI.arekin—.

Olaizola II.a, oso sendo

Olaizola II.ak eta Beginok hemeretzi tanto behar zituzten atzo finalerdietako ligaxkan sartzeko, eta oso partida serioa jokatuta, azkenerako aise lortu zuten txartela. Titin III.a eta Beroiz 5-0 aurreratu ziren, eta 8-9koraino aurretik izan ziren. Baina partida erditik aurrera Beginok agindu egin zuen atzeko koadroetan, eta Olaizola II.ak azken partidetan baino gehiago asmatu zuen aurreko koadroetan. Eutsi eta eutsi, txukun aritu zen Beroiz ere, baina Titin III.ak, gehienetan behartuta, behar baino huts gehiago egin zituen aurrean. Goizuetarraren huts batekin, 11-15 gerturatu ziren Titin III.a eta Beroiz. Baina azken zazpi tantoak errenkadan egin zituzten irabazleek. Azken lau partidak segidan galduta, bolada txarra etetea lortu zuten.

Gonzalezek eta Laskurainek, berriz, nahikoa eroso lortu zuten beharrezkoa zuten garaipena. 7-3 eta 11-5, partida hastearekin batera lortu zuten aldetxoa irabazleek, baina Saralegik eta Apraizek markagailua 11-9 eta 12-10 estutu zuten. 21-11koaren ondoren partida ixtea kosta egin zitzaien arren, Gonzalezek eta Laskurainekune oro kontrolpean izan zuten partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.