1 Formula

Hamiltonek eskuratu du Valentzian polea

Bigarren postua Heikki Kovalainenek eraman du eta hirugarren postuan Barrichello iritsi da.

Laurentzi Garmendia
2009ko abuztuaren 22a
17:45
Entzun
Lewis Hamilton ingelesak lortu du Europako Sari Nagusiko pole positiona, Hungarian hartutako bide onari eutsiz. Eguneko saio guztietan oso sendo agertu dira McLareneko bi gidariak, eta horregatik haien emaitza sinesgarria da. Erregai kopurua oraindik ezezaguna bada ere, zilarrezko geziek aurrerapausoa eman dute zentzu askotan, eta KERSari esker osatu dute lehen lerroa. Iazko Txinako SNan lortu zuen azkeneko aldiz polea Hamiltonek.

Bigarren postua Heikki Kovalainenek eraman du, taldeak hari bidalitako abisua haintzat hartuta. Berea izan da ia polea, baina azken bihurgunean egindako huts batek bere taldekideari utzi dio lehen postua. Hirugarren Barrichello izan da, eta Valentzian Button baino hobeto moldatzen ari da. Laugarren Vettel sailkatu da, saio guztietan ia ezkutuan egon ostean. Bosgarren Button izan da, txapelketako liderra.

Q1 saioa oso lehiatua izan da, eta gidari guztiek hortzak estutu behar izan dituzte azken bost tokietan ez gelditzeko. Txapelketako izen potoloak larri ibili dira atzealde horretatik alde egiteko, tartean Webber, Vettel eta Button bera ere bai. Azkenean Fisichella, Nakajima (autoa gelditu egin zaio), Trulli, Alguersuari eta Badoer gelditu dira kanpoan. Italiarra oso gaizki aritu da, Raikkonenen denbora baino 2,6 segundu mantsoago izan baita.

Ondorengo Q2 saioa ez da gutxiago izan. Alonso larri ibili da lehen hamarren artean sartzeko, besteekiko estrategia desberdinean aritu baita. BMW autoak uste baino hobeto ibili dira, Q2 saiorako sailkatzeaz gain, Kubicak Q3an burua sartu baitu. McLaren eta Brawn autoak izan dira azkarrenak. Hamilton eta Kovalainen oso sendo aritu dira, eta taldeak burua altxatu duela dirudi. Kanpoan gelditu direnak Heidfeld, Sutil, Glock, Grosjean eta Buemi izan dira. Raikkonen hamargarren izan denez, justu-justu pasa da Q3 saiora.

Azken saioan erabaki da guztia, eta McLarenen nagusitasuna agertu da aspaldiko partez. Gidari guztiak elkarrengandik gertu izan dira (segundu baten buruan daude lehen hamarrak) eta horregatik izen garrantzitsu batzuk nahiko atzean gelditu dira. Webber, txapelketako bigarrena, bederatzigarren aterako da, adibidez. Brawn autoak ohituta gintuzten mailan izan dira berriro, nahiz eta McLaren autoen kontra ezin izan duten ezer egin. Pisuen datuak jakin bitartean, lehia hiru talderen artekoa da: Brawn, Red Bull eta McLaren.

Alonso zortzigarren izan da, baina aurrerago egotea espero zuen. Raikkonen seigarren sailkatu da, eta aurrekoen hutsen zain egon beharko du podiumera igo nahi badu. Rosberg zazpigarren izan da, azken lasterketetan baino okerrago. Kubica hamargarren izan da, BMWk agurra eman eta hurrengo lasterketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.