Hamiltonen txanda da

McLareneko gidaria 1 Formulara iritsi zenetik beti nagusitu da Kanadako Sariko entrenamenduetan

Laurentzi Garmendia
Donostia
2010eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Lewis Hamiltonek (McLaren) urteko lehen pole-a lortu zuen atzo Kanadako Gilles Villeneuve zirkuituan. McLareneko gidariak taldearen maila ona berretsi du, Turkiakoari jarraipena emanda. Orduan Red Bulleko gidariek eskura jarri zioten garaipena, baina atzo haien aurka buru-belarri egin behar izan zuen lan. Azken itzuli txundigarriari esker igo zen lehen posturaino, baina asteburu osoan eman du abisua. Hori dela eta, gaur irabazteko faboritoetako bat da. Alonso laugarren izan zen, eta hura ere ongi kokatuta dago, baina pilotu asko du aurrean.

Duela hiru lasterketa, Bartzelonan, Red Bull autoek ukiezinak ziruditen. Webberrek lehen pole-a eskuratu zuen orduan, eta segundo batera utzi zituen taldekidea ez beste guztiak. Dardarka ziren aurkariak, aspaldi ez zela halako alderik ikusi-eta. Ziurrenik, Red Bullek ez du atzera egin, eta McLarenek ere ez du bat-batean segundo bat ondu. Baina zirkuitu bakoitzak ezaugarri jakin batzuk ditu, eta Kanada oso zehatza da berezitasun horietan: zuzengune luzeak eta bihurgune motzak. Stop and start -gelditu eta hasi- motako zirkuitua da. Puntako abiadura eta balaztatzeko ahalmena dituen autoei egiten die mesede.

Horixe da McLaren autoa, F hodiak beste edozein taldetan baino hobeto funtzionatzen baitu. Baina, horrez gain, Hamiltonek egindako itzuliari ezin zaio garrantzirik kendu. Auto berdinarekin Button bosgarren izan zen, eta kontuan izan behar da Hamilton eguneko saio guztietan izan zela azkarrena. Buruak ere badu eragina 1 Formulan, eta Turkiako garaipenak emandako gorakadak jarraitu egin du Kanadan. Azken lasterketak Red Bullen sorta izan dira, baina baliteke oraingoak McLarenenak izatea.

Kezka nagusia: pneumatikoak

Beldurrik gabe esan daitekeBridgestonek ez duela asmatu Kanadara eraman dituen pneumatikoekin. Datorren urterako pneumatiko etxearen aukeraketa pil-pilean den honetan, japoniarrek zeresan handia eman dute astebukaera osoan. Izan ere, Kanadarako aukeratu duten pneumatiko bigunak berehala kaltetzen dira, itzuli gutxiren buruan. Eta FIAk lasterketan bi pneumatikoak erabiltzera behartzen dituenez, taldeek nola edo hala moldatu beharko dute, gurpil haiekin ahalik eta kalte gutxien nabaritzeko.

Pista ere espero baino hotzago dago, euriak jaitsi egin baitu tenperatura. Ondorioz, pneumatikoek denbora gehiago behar dute tenperatura egokia hartzeko: bi edo hiru itzuli. Lehen hamarren artean sailkatu ziren gidariek pneumatiko bigunak erabili zituzten entrenamenduen hirugarren saioan, eta haiekin hasi beharko dute lasterketa. Aukera arriskutsua izan daiteke, erregai biltegia beteta izanda sekulako triskantza gerta baitaiteke; hasi eta gutxira denborak asko oker daitezke. Hori dela eta, Red Bulleko gidarien aukerak badu zentzurik: pneumatiko ertainekin hasiko dira, eta goma bigunak amaierarako utziko dituzte; autoa arinago egongo dira orduan, eta gurpilak gutxiago zigortuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.