Ez zuen pista ezagutzen, han ez baitu inoiz korritu. Herenegun eman zituen lehen itzuliak bertan, eta hogeita lau ordu geroago inor ez zen haren abiadurara iritsi. Lewis Hamiltonek bere bizitzako lehen pole-a lortu zuen atzo Montrealen. Ohi bezala, Fernando Alonsorengan topatu zuen zailtasun gehien, baina asturiarrak huts egin zuen bere itzuli azkarrenean. Hirugarren postuan Heidfeld harrigarria sailkatu zen, bi Ferrari autoak atzean utziz.
Duela bi asteko Monakoko Sari Nagusiaren ajea bizi samar dagoela iritsi da Kanadako Sari Nagusira. Hamabost egunotan etengabeak izan dira McLaren taldearen barruan izan omen ziren aginduen inguruko esamesak. Hamiltonek bere posizioa gordetzeko agindua jaso omen zuen lasterketan, eta prentsaurrekoan lasai-lasai esandakoak izugarrizko hautsak harrotu zituen prentsa britainiarrean. Beraien heroi berria da Hamilton, eta ezin dute onartu haren kontrako erabakirik.
Erabat antzua izan den eztabaida eragin zuten Hamiltonen hitzek, paradoxikoki kritika horiek talde britainiar bat baitzuten jomuga. Kontua urrunegi joan zen, eta FIAk egindako arbitratze papera pailazokeria izan zen. Kanpoaldera begira egindako azterketa izan zen, erabat argia baitzen horren guztiaren emaitza eta ondorioa. Ezertxo ere ez. Hasteko, Hamiltonen adierazpen horiek beste zirkuitu batean jazo izan balira, aztertzeko modukoak izango ziratekeen, baina Monakon ezinezkoa da aurreratzea, are eta gutxiago abiaduraz oso pareko dabiltzan bi auto.
MCLAREN DA NAGUSI. Nahaste-borraste horrek guztiak agerian utzi du une honetan McLaren dela 1 Formula unibertsoaren zentroa. Monakon oso emaitza bereziak gertatu ohi dira, eta gainerako zirkuituekin antzekotasunik ez duenez, aparteko lasterketa da. Horrek pentsarazi zion askori McLarenen nagusitasuna behin-behinekoa zela, eta zirkuitu normalagoetan maila guztiak parekatu egingo zirela. Aldiz, joerak ikusi behar dira denboraldi luze honetan, eta horrek argi erakusten du McLaren goranzkoan dela, eta Ferrari beheranzkoan. Aurpegi serioak zituzten atzo Ferrarin, eta badute horretarako motiborik.
Izan ere, Raikkonen izan zen Ferrariko bi autoen artean azkarrena, eta hura zazpi hamarrenekora dago. Massa atzerago oraindik. Ez da estrategiarik halako zuloa estaliko duenik, batez ere Kanadan erregai pisuak ez baitu horrenbesteko eraginik itzuli bakoitzeko denboran. Ferrari atzera egiten ari den beste seinalea, Nick Heidfeld-en BMW autoaren atzetik sailkatu izana da. Dagoeneko ez da albiste iturri BMW azkar dabilela, baina orain arte bi talde nagusiak, McLaren eta Ferrari, ukiezinak ziren. Badirudi BMWk muturra sartu nahi duela bien artean. Hala ere, seguruenik erregai gutxi izango du gainean.
Txapelketa bi oilarrak parez pare hasiko dira, baina, lehen aldiz, Hamilton izango da bietan aurrerago izango dena. Nahiz eta denboren araberako sailkapenari begiratuz bien artean ia segundo erdiko tartea dagoen, errealitatea bestelakoa da. Alonso, izatez, Hamilton bera baino azkarragoa izan daiteke, baina bere azken itzuliko bihurgune batean eginiko hutsak galera airean utzi zuen. Edonola ere, bien artean oso lehia estua izango da.
Ferrarik jakin behar du lasterketa batzuetan zailtasunak izango dituela, eta haietan ahalik eta puntu gehien lortuta atera behar duela. Hau izan daiteke adibide bat. Eta ondoren, zirkuito aproposagoen zain mantendu, haietan berriro puntuak berreskuratzeko.
Egoerari so, argi dago lasterketa bi auto zilarreztaturen artean jokatuko dela. Monakokoaren ondotik, taldeak bien estrategiak oso ondo zaindu behar ditu, zeresanik emango ez duten geldialdiak programatuz. Hala ere, eta lehia talde bereko gidarien artera mugatu denez, pentsatzekoa da talde barruko iskanbila eta tentsioek gora egingo dutela. Kanadan gertatuz gero, denboraldi txinpartatsua genuke seguru.
Hamiltonentzat 'pole'-a
Alonso eta Hamilton izan dira bizkorrenak entrenamendu saioetan, Ferrariko autoen aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu