Balentria ikaragarria egin du Beñat Intxaustik (Movistar) Giroko 16. etapan, Valloire eta Ivrea artean. Izan zen bigarren taldekako erlojupekoan, bigarren etapan; maglia arrosa ere jantzi zuen gero, zazpigarrenean; eta etapa garaipen batekin biribildu du orain arteko lan ona. Domenico Pozzovivoren (Ag2r) txakalaldiaren ondoren, gainera, bederatzigarren postuan jarri da bizkaitarra sailkapen nagusian, Vincenzo Nibalirengandik (Astana) 5.47 minutura. Garrasika eta bi besoak zerura begira zituela, sinetsi ezinda helmugaratu da Intxausti. Gogotik saiatu da Samuel Sanchez ere (Euskaltel), baina kontrol lan zorrotza egin dio Carlos Alberto Betancurrek (Ag2r).
22 txirrindulariko ihesaldia sortuta (tartean zen Gorka Verdugo Euskalteleko txirrindularia), bazirudien aurrean egongo zela etapa garaipena, baina Damiano Caruso (Cannondale) 18. sailkatua aurrean zenez, Juri Trofimoven (Katuxa) eta Robert Kiserlovskiren (RadioShack) postuak defendatzeko lanean aritu dira Katuxa eta RadioShack. Berehala utzi dute ezerezean aurrekoen aldea, eta zalaparta handia izan da gero Andrate berez hirugarren mailakoa zen mendate gogorrean gora. Michele Scarponi (Lampre) saiatu da lehenengo Nibali estu hartzen, eta Franco Pellizotti (Androni), Betancur eta Intxausti bera ere mugitu dira gero. Goitik beherakoan saiatu da Samuel Sanchez ere gainerakoak atzean uzten, baina ezin izan du bete helburua. Eraso festan Intxausti, Kangert, Niemiec eta Robert Gesink (Blanco) geratu dira aurrean, baina katea atera zaio herbehereetarrari, eta hortxe galdu du etapa irabazteko aukera. Pozzovivoz gain, Mauro Santambrogio (Vini) izan da eguneko galtzaile nagusia, 2.23 minutura helmugaratu delako. Sailkapen nagusian laugarren postutik seigarrenera egin du atzera italiarrak.
Caravaggio eta Vincenza artean, 17. etapa jokatuko da bihar, 214 kilometrokoa, eta Chosara laugarren mailako koska igo beharko dute helmugara iristeko hamasei kilometro faltako direnean.