Futbola

Handia egin du Real Unionek

Hasieratik estu hartu du Irungo taldeak Real Madril, eta, azkeneko minutuan Eneko Romok sartutako golari esker, Espainiako Kopako final-zortzirenetarako sailkatu da (4-3).

Aitor Manterola Garate.
2008ko azaroaren 12a
10:26
Entzun
Real Union Espainiako Kopako final-zortzirenetan izango da, atzo egindako balentriari esker. Sekulakoa baita irundarrek lortu zutena. Santiago Bernabeu bertan, Real Madril kalean uztea futbolaren historian idatzita geldituko da. Edouard, Berruet, Gurrutxaga, Larrainzar, Aitor Sanz, Beobide, Abasolo, Salcedo, Eneko Romo eta gainerakoak aurreko mendean Real Unioni ospea eta loria eman zioten Rene Petit, Etxebeste, Emery eta beste askoren alboan idatzita azalduko dira aurrerantzean.

Galdu egin zuten euskaldunek partida, 4-3, baina etxetik kanpo sartutako golei ematen zaien balio bikoitza tarteko, Kopan jarraituko dute. Duela bi aste Irunen lortutako 3-2koa balentria izan bazen, atzokoak gainditu egin du hura. Bazebilen Real Unionen inguruan ezustea eman zezaketenaren ustea. Talde ona delako, eta Real Madril edozer gauza delako taldea izan ezik. Atzoko partidaren azterketa egitean, ezinbestekoa da hori nabarmentzea. Taldeak askoz gehiago balio du jokalari on mordoa elkarren ondoan zelairatzea baino. Ez da irundarrei meritua kentzea, baina madrildarren jarrerak ez du barkamenik. Erdizka jokatuta uste zuten kanporaketa gaindituko zutela. Egiari zor, gertu izan zuten, baina futbolak saria eman zion taldeari.

Batek kolpea jo, besteak erantzun jardun zuten bi taldeek atzo. Ezustea emateko irudipena uste sendoetan oinarrituta zegoela erakusteko, Real Unionek ederki ekin zion partidari. Kontraerasoa helburu, espainiarren zelai erdian lapurtzen zuen baloia. Lan horri esker aurreratu zen. Abasolok balentriaren lehen harria jarri zuen hamalaugarren minutuan. Real Madrileko jokalariak ez ziren asko estutu, jakin badakitelako ezer egin gabe sar dezaketela gola. Halaxe gertatu zen hogeita hamaseigarren minutuan. Raulek banakoa.

Galduta izatetik garaipenera

Bigarren zatian atzerago egon zen Real Union baloirik gabeko lanean. Etxekoek ere beste bizitasun batekin jokatu zutelako ziurrenik. Baina laugarren minutuan, balentriaren bigarren harria jarri zuen Salcedok. Kolpeari beste kolpeak erantzun behar zion, eta Raulek binakoa sartu zuen minutu bat geroago. Ikusten zen etxekoak nagusitzen ari zirela, eta heldu zen hirugarren gola. Alberto Buenok sekulako zartakoa eman zion baloiari espainiarrak aurretik jartzeko. Luzapena ere ez zen sari txarra Real Unionentzat. Baina laurogeita bosgarren minutuan, behin betiko kolpea izan behar zuena jo zuen Raulek. 4-2 aurretik. Inork espero ez zuenean, baina, azkeneko kolpea bota zion Real Unionek Real Madrilek. Balentriaren azken harria. Laurogeita bederatzigarren minutuan, Eneko Romoren burukadak sailkapena eman zien euskaldunei. Poza, algarak, besarkadak. Futbola bera ere halatsu egongo zen atzo, futbolaren garaipena delako Real Unionena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.