Zaila da Leire Olaberriari (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1977) omnium hitza agertzen ez den esaldi bat entzutea. Pistak bizi du; omnium proba gogorrak bizi du; eta Londresko Olinpiar Jokoetan dauka burua. 2012ko udan. Baina Ramontxu Gonzalez Arrieta Espainiako hautatzaileak erronka polita jarri dio: Danimarkako Errepideko Munduko Txapelketako erlojupekoan gorputza estutzea. «Saioa, aukeran, luzeegia» dela onartu du —27,8 kilometro—. Baina sufrimenduari neurria hartzen asmatu nahi du. Eneritz Iturriagaetxebarria eta biak gaur eliteko erlojupeko proban ariko dira. Pista, omniuma eta Londres. Lehentasunak ondo zehaztuta dauzka. Helburu zehatzik jarri gabe, barrua hustu nahi du gaur.
Belarriko infekzioak, asma eta alergiak... Kirol arloa aztertzen hasi aurretik, sasoi aldetik zer moduz zauden argitu beharko dugu...
Geroz eta hobeto nago, baina egia da ez dudala izan nahi bezain uda ona. Gorabehera asko izan dut, eta errendimenduan nabaritu dut. Erregulartasuna da nire ezaugarririk aipagarriena, baina uda honetan asko sufritu dut. Errepidean hiru hilabeteko lana aurreikusi genuen, betiere pistari begira, omnium probak, abiaduraz gain, erresistentziatik ere dezente daukalako.
Pistako kontuak ahaztuta, lehen aldiz ariko zara Errepideko Munduko Txapelketan. Nola jaso zenuen albistea?
Pistako Munduko Txapelketa amaitu zenean, Ramontxu Gonzalez Arrieta hautatzaileak deitu zidan, aurtengo Munduko Txapelketa niretzat egokia izan zitekeela esanez. Laua zela esan zidan, eta prestatzeko gogoz banengoen eta egutegiak baimentzen bazidan bertan egotea nahi zuela. Udan nire errendimendua hobea izan balitz, errepideko proba ere aukeratuko genuen. Baina 140 kilometro dira, eta une honetan ez daukat nahikoa erresistentzia Munduko Txapelketa batek eskatzen duen mailarik emateko. Horregatik aukeratu dugu azkenean erlojupeko proba bakarrik.
Zuregan konfiantza handia daukatela esan nahi du horrek, zu bi probetan aritzea zelako haien asmoa.
Bai, bai. Eta asko eskertzen dut konfiantza hori. Baina nik badakit nire lekua zein den, eta beti argi eduki dut Munduko Txapelketara ezin dela paseoan joan. Joanez gero, lan ona egiteko asmoz joan beharra dago. Badakit lehen sailkatuak, ziurrenik, ez direla hain gertu ibiliko. Baina beste modu bateko asmoekin goaz.
Zer eskatu dizu hautatzaileak?
Lehen hamarren artean sailkatzea litzateke helbururik politena, Olinpiar Jokoetan aritzeko txartela lortuko genukeelako zuzenean. Hori da erronka, baina badakit oso-oso erlojupeko ona egin beharko dudala lehen hamarren artean sartzeko. Asmo horrekin noa, baina inoiz ez naiz aritu 27 kilometroko erlojupeko batean. 20. kilometrora arte badakit non ibil naitekeen, baina 20. kilometrotik 27.era arteko tarte hori izango da gogorrena. Handia litzateke lehen hamarren artean sartzea, baina badakit hori ere oso helburu potoloa dela.
Onenean jarrita, hori da helburua, baina zer gertatuko da nahi bezala ibiltzerik lortzen ez baduzu? Zuregan zalantzaren bat sortzen hasteko arriskurik egongo litzateke?
Ez, ez. Eskarmentu pixka bat badaukat mundu honetan, eta hurrengo udan iritsiko da nire kirol ibilbideko erronkarik handiena: Olinpiar Jokoak. Egun horretara ahalik eta ondoen iristeko ari naiz lanean, eta badakit errepidean egin dudan lanarekin emaitzak jasoko ditudala. Hori bai, kirolariak onartu egin behar du egun txar bat eduki dezakeela. Emaitza txar baten ondoren momentu gogorrak igarotzen ditugu, baina ikasi dut egoera horiei buelta ematen. Urtebetera begira ari gara lanean, eta bide hori ez dut galdu nahi, inondik inora ere ez.
Gogorra behar du egunero-egunero 2012ko uda hori buruan duzula entrenatzea...
Bai... Zalantzarik gabe, neure buruan oso present dago egun hori, eta, agian, horrek ematen dit indarra egunero jaiki eta entrenatzera joateko. Baina, kirolari moduan, ikasi dugu indarrak neurtzen, eta egiten duguna gustuz egiten. Nik oso gustuko dut entrenatzea, gustuko dut zaintzea, eta ez zait kostatzen. Oso gustura egiten dut egiten dudana. Jokoetako erronka oso serioa da, baina ez nau beldurtzen.
Errepideko Munduko Txapelketa beste pauso bat da zure ibilbidean. Baina, zer da, aukera on bat edo arrisku dezente daukan apustua?
Pistan nire pentsaera modu batekoa izaten da, eta errepidean beste batekoa. Munduko txirrindularirik onenekin lehiatzera noa Danimarkara, eta badakit distantzia luze hauetan ni baino dezente erosoago ibiliko direla gehienak. Pistan dominak eskatzen zaizkit, baina orain ez daukat horrelako inolako helburu zehatzik.
Lehen hamarren artean sartzea bikaina litzatekeela esan duzu, Londreserako txartela lortuko zenukeelako. Baina Londresko lana bikoiztu egingo litzatekeela esan nahiko luke horrek: pista eta errepidea.
Begiratuta daukagu dena. Abuztuaren 6an eta 7an da omnium proba, eta astebete lehenago errepidekoa. Omniumerako prestaketa egokia izan daiteke astebete lehenago erlojupeko proban aritzea. Helburuak, hori bai, erabat desberdinak lirateke, omniuma litzatekeelako erronka nagusia.
Gorputza pistako probetarako prestatzen ohituta, nolako prestaketa egin duzu Kopenhagera begira?
Munduko Txapelketa igaro zenetik, apiriletik, bost hilabete daramatzat pistara sartu gabe, eta gose handia daukat. Baina deskonektatzeko eta indarrak pilatzeko beharra ere baneukan. Erlojupeko bizikletarekin lan zehatza egin dugu errepidean; motoaren atzetik, serieak... Erlojupekorako prestaketa pistako prestaketaren antzekoa da, neurri batean. Pistan asko lantzen dut jazarpen proba, eta hori da erlojupekoetan eroso sentitzeko arrazoia. Neguan lan asko egiten dut jarrera horretan. Dena den, pistarako abiadura eta suhartasuna ere landu behar izaten dira azken momentuan.
Ibilbidea aztertuko zenuten jada. 13,9 kilometroko zirkuituari bi itzuli; 27,8 kilometro denera. Itsasesertzetik gertu, haizerik ez da faltako...
Gogorra izango da. Ibilbideari itzuli bakarra ematea litzateke niretzat onena, baina indarrak gordetzen asmatu beharko dugu. Hiriaren erdigunetik abiatuko gara, eta nahiko teknikoa izango da lehen zati hori. Baina leku beretik bi aldiz igarotzea ona ere bada, hamahiru kilometroak buruan ondo sartuta edukiko ditugulako. Garrantzitsua da hori. Belodromoko sekretuak ondo dakizkit, baina errepidean zailagoa izaten da dena. Hala ere, indarraren araberakoa izango da emaitza azkenean.
Ardechako Tourrean bigarren postua egin berritan zaude, nahiz eta erlojupeko motz-motza zen. Erreferentzia gisa balio dezake?
Neuretzat, bai. Erlojupekoetako espezialista onak zeuden han, eta lastima izan zen hiru ehunenekogatik bigarren geratu izana. Distantzia horiek oso egokiak dira niretzat, eta onenen pare egon naiteke. Baina distantzia luzatu ahala, nire errendimenduak behera egingo du, ziurrenik. Oso gustura ibili nintzen Ardechako Tourrean; garapena eroso mugitu nuen.
Urrutitik bada ere, faboritoei ere begiratu beharko zaie...
Aurtengo ibilbideak ez dauka zerikusirik iazkoarekin, baina Emma Pooley da egungo munduko txapelduna, eta bera izango da faboritoetako bat. Eta aurrean ibiliko dira, ziurrenik, Judith Arndt, Kristin Armstrong... Oso onak dira denak, baina oso gustuko dut maila horretako txirrindulariekin indarrak neurtzea, eta erronka polita da niretzat ere.
Zer eginda geratuko zinateke benetan gustura?
Buruz oso ondo sentitzen ari naiz azkenaldian, eta ea indarrez ere ondo ibiltzea lortzen dudan. 20. kilometrotik 27.era arteko agonia hori jasaten jakitea izango da nire sekretua. Helmugan guztia eman dudala sentitzen badut, arazorik ez dut izaten lortutako postua onartzeko.
Urrira arte ez zara sartuko pistan. Baina hortik aurrera zer egutegi edukiko duzu?
Europako Txapelketa izango da lehenengo helburua; urriaren 20tik 22ra jokatuko da, Apeldoornen (Herbehereak). Eta Munduko Kopako lehen proba izango dugu gero, Astanan (Kazakhstan). Orain arteko lanari errendimendua ateratzeko aukeratu dugu egutegi hori. Munduko Txapelketa izaten da gero, normalean, erronkarik handiena. Baina datorren urtean garrantzia galduko du, udan Olinpiar Jokoak edukiko ditugulako.
Pistan sartuta, omnium izena besterik ez dago zure buruan. Sei proba batean. Nola definituko zenuke proba bakoitza? Abiadako irteera?
500 metroko proban bezala, esplosibitatea neurtzen da proba horretan. Berezkoa behar du dohain horrek, landuta ere oso gutxi hobetzen delako. Niretzat, oso egokiak dira bi proba horiek. Erlojuaren aurkako saioak dira, kanpoko ezaugarriek ez daukate eraginik, eta nire bi probarik onentsuenak direla esango nuke. Ondo zaindu beharra daukat bi proba horiek.
Puntuazioa?
Puntuazioa, scracht-a eta kanporaketa saioa, hirurak dira erresistentziako probak, baina ezinbestekoa da abiadura puntu bat edukitzea. Esprintetan puntuak pilatuz joateko nahitaezkoa da txirrindulari azkarra izatea. Baina zehazten hasita, kanporaketa da egun dagoen probarik gogorrena. Guztiok kenduko genuke omniumetik. Oso indartsu egon beharra dago, baina indartsu egoteak ez du ezer ziurtatzen. Psikologikoki oso-oso gogorra da proba hori.
Jazarpena falta da seikotea osatzeko.
Norberak abiadura iraunkor batean irauteko daukan gaitasuna neurtzen da proba horretan. Hiru kilometroko saioa da, eta nire probarik onenetakoa da hori ere.
Sarritan esan duzu Londresen Pekingo lana hobetzea dela zure helburua. Podiumean are gorago igotzea esan nahiko luke horrek.
Beti esan izan dut aurrekoa berdintzeko edo hobetzeko lan egiten dudala. Munduko kirolari guztiok nahi izaten dugu dominaren bat Olinpiar Jokoetan, eta lau urtez egoten gara momentu horren zain. Pekinen lortu nuen helburua, puntuazio proban, baina omniuma egokiagoa da, agian, niretzat. Zaila izango da, baina ilusio eta indar horrekin ari naiz lanean, aurrekoa berdintzeko edo hobetzeko. Uste dut oraindik badudala hobetzeko tartea. Lauzpabost txirrindulari sartuko gara dominen lehian, omniumean nekez egoten delako ezustekorik. Scratch-ean, agian, bai. Baina omniumean ia ezinezkoa da. Motibazioz gainezka nago.
Londres gora eta Londres behera, baina Olinpiar Jokoak ere amaituko dira. Gero zer?
Kirolarioi beldurra edo errespetu handia ematen digu lehiaketa eguna amaitzen den uneak. Badirudi egun hori pasatuta mundua amaitu egingo dela. Oraingoz, ez daukat ezer buruan, baina Londresko emaitzaren araberakoa izango da ondorengo erabakia. Kirolari gisa, orain ari naiz gozatzen gehien; benetan momentua bizitzen ari naiz, eta neure burua bizikleta gainean ikusten dut oraindik. Londres, eta gero zer? Auskalo. Argi daukat egunen batean seme-alabaren bat ere eduki nahiko nukeela. Baina lan hori ere ondo egin nahiko nuke; ez nuke ibili nahi batetik bestera seme-alabak besapean hartuta. Oraingoz, ez daukat presarik. Egiten ari naizenak hainbeste betetzen nau...
Leire Olaberria. Txirrindularia
«Handia litzateke lehen hamarren artean sartzea»
Belodromoan aske sentitzen da Leire Olaberria, eta errepidean, lotuago. Londresko biretan dauka burua, baina erronka gisa hartu du Munduko Txapelketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu