Merezi zuen. Nola ez zuen, ba, mereziko! Gogorra behar du Vuelta irabaztera joan eta sailkapenean 50 minututik gorako galera pilatuta daukala ikusteak; igotzailerik finenetakoa izan eta Sierra Nevadan 40 laguneko tropel handiari segitu ezinik geratzeak. «Zuloan egon naiz, fisikoki eta psikologikoki». Atzo askatu zuen barrua Igor Antonek (Euskaltel-Euskadi). Etxe ondoan. Bilbon. «Bilbotarkeria handia da hau. Dagoeneko lasai har dezaket erretiroa!». Handia da Anton, eta handia egin zuen atzo, Vueltako 18. etapan, Elorritxuetan gora estutu eta Bilboko kaleetan gozatuta.
Arrakastaren maillot gorriaren bila joan, eta lotsaren gorritasunarekin igaro ditu bi aste galdakoztarrak. Gorputzari buelta ematen hasi zenean, Anglirun gora jo zuen kolpe txiki bat, joan den igandean. Polita izan zen ahalegina. Baina atzo, Bilbo handian, gorputz barruan zeukan amorru guztia nola askatzen zuen ikustea izan zen benetan ederra. Kabitu ezinda egin zituen azken metroak galdakoztarrak. Eta kabitu ezinda zeuden Euskaltel-Euskadiko ordezkari guztiak ere, Miguel Madariaga ohorezko presidentea tartean. Handia egin du taldeak denboraldi honetan, Giroan, Tourrean eta Vueltan gutxienez etapa bana irabazteko gai izan delako. Antonek eta Mikel Nievek etapa bana irabazi zuten Giroan; Samuel Sanchezek Pirinioetako etaparik ederrena irabazi zuen Tourrean; eta Antonek historia egin zuen atzo Vueltan.
Juanma Garate (Rabobank) eta Markel Irizarren (RadioShack) erasoekin abiatu zen etapa, oso bizi. Baina Nojatik gertu zegoen tarteko helmuga, Laredon, eta Skyk saiatzea erabaki zuen. Christopher Froomeri (Sky) txukun bideratu zioten esprinta, baina saririk gabe geratu zen britainiarra. Bauke Mollemak (Rabobank) hartu zituen bi segundo garrantzitsu. Lehen tentsio une horren ondoren sortu zen lau laguneko ihesaldia. Marzio Bruseghin (Movistar), Aleksandr Diatxenko (Astana), Igor Anton eta Gorka Verdugo (Euskaltel-Euskadi) joan ziren ihesean, eta azkar lortu zuten sei minutuko tartea.
15:10 aldera sartu zen Vuelta Euskal Herrian, Ilsogana gainean. Verdugo eta Bruseghin bereziki egurrean ari ziren aurrean, baina atzean kontrol gogoz zeuden Geox, Liquigas, Garmin-Cervelo eta Sky. Vuelta 13 segundoren bueltan egotearen ondorioak dira horiek. Elorritxuetako gainetik lehen aldiz igaro zirenean, 2.35ekoa zen aldea.
Thomas Lovkvistek (Sky) beste 50 segundo kendu zizkion ihesaldiari jaitsieran, eta Verdugok barrua hustu zuen Galdakaora bidean. Elorritxuetako lehen maldetan hasi zen Antonen erakustaldia. Zaleen babesean hegan egin zituen Bilboko helmugara arteko kilometroak. Froome saiatu zen Juanjo Cobo (Geox) estu hartzen, eta Haimar Zubeldia ere bai (RadioShack), Bilbon euskal txirrindularien eguna biribiltzen. Baina Antonentzat gordeta zegoen atzoko eguna.
Bilbon hasi eta Gasteizen amaitu, Euskal Herrian barrena ibiliko da gaur ere Vuelta.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta
Handia zara, Igor, oso handia!
Igor Antonek irabazi du Vueltako 18. etapa, Bilbon, ihesaldian sartu eta Elorritxuetako bigarren igoeran zaleen artean hegan egindaEuskaltelek denboraldi zoragarria biribildu du, hiru handietan etaparen bat irabazita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu