Costa Ricako selekzioari txikitasunez begiratzen zaio, eta izena ere halakoxea dute: ticos. Txikiaren adiera da. Munduko Kpa hau bukatzean, antonimoa erabiltzen hasi beharko dira. Handia egiten ari direlako, handiak direlako. Historian aurrenekoz, final 1/4etan da Costa Rica... eta kostako zaie hau bidetik ateratzea.
Kosta zaio. Penalti jaurtiketetan jaso du saria, aurretik asko sufritu eta gero. Izan ere, 68. minututik 120.era, jokalari bat gutxiagoz aritu behar izan du. Duarteri bi txartel hori atera dizkio epaileak. 1-0 aurretik zen orduan, eta beste partida bat hasi dira jokatzen txiki-handi hauek eta Grezia. Europarrek aurrera jo dute, zelaia zabalduz, aurrelariak jarriz aurrean, eta erdiraketen bidez, arazoak eragin dizkiote Costa Ricari. Ez da ohikoa izan Pinto entrenatzaileak egoera horretan hartu duen erabakia: 5 atzelarirekin jokatzen du beti, eta jokalari bat gutxiagoz geratzean, 4kin jokatzen hasi da. Greziak jokalariak pilatu ditu aurrean, eta gaizki behar zuela Costa Ricak nabaria zen. Hala ere, kosta zaio Greziari gola sartzea. 91. minutuan sartu du Sokratis atzelariak, Keylor Navas atezain bikainaren urruntzea baliatuz. Eta Greziak lehenago golik sartu ez badu, Navasengatik izan da, besteak beste.
Partidan barruko partida bat nolakoa izan den kontatu dugu. Beste hiru ere izan dira. Hasierakoa da bat: Costa Rica lotuta eduki du Greziak, ez baitio utzi ohiko joko landua egiten, presioa eginez hegaleko atzelariei eta zelai-erdikoei. Greziaren baliabidea pase luzeak botatzea izan da tarte horretan, eta hegaletik erdiraketak eginez arriskua ere sortu du. Bigarren partida bigarren zatiaren hasiera izan da: amerikarrak gorago estutzen hasi dira, greziarren pase luzeak oztopatzeko edota galarazteko. Horretan ari zirela, sartu dute gola, gainera. Bryan Ruizek egin du, 52. minutuan.
Ondoren etorri da kaleratzea eta lehen aipatutako partida mota hori. Azkenekoa, luzapenekoa izan da. Costa Ricak, lehen ez bezala, lortu du kontraerasoren bat lotzea, amaiera onik eman ez arren. Greziak berean segitu du, eta Mitrogluk aukera garbia izan du, baina Navasek ederki itxi dizkio zirrikitu guztiak.
Penaltietan, bostak sartu ditu Costa Ricak, eta Greziak hiru bakarrik lautik; Gekasi geratu dio Navasek. Batek irabazi behar, eta Costa Ricari egokitu zaio gaur. Baina Greziakoak ere handiak dira. Bere erara, gutxi behar izan dute historia egiteko. Bere baliabideei egundoko etekina ateratzen diete, eta borrokalari petoak dira. Costa Ricak ere baditu indargune horiek... eta baita jokoa ere.