Handiegia da aldea

Bera Berak ez dio inolako aukerarik eman Aiala Zarautzi derbian (36-13)

Esther Arrojeria Bera Berako jokalaria, jaurtitzen, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2015eko irailaren 6a
00:00
Entzun
Festarako eguna izan zen atzokoa Donostiako Bidebieta auzoko kiroldegian. Ez zen gutxiagorako, ia bi hamarkada pasatu behar izan baitira berriz ere Gipuzkoako bi eskubaloi talde Espainiako emakumezkoen maila nagusian elkarren aurka joka dezaten.

Festa izan zen, baina baita lehia ere, eta lehia horrek irabazle argia izan zuen, Bera Bera. Donostiako taldea Aiala Zarautz baino koska asko gorago dago. Ligako nagusia da, Espainiako Federazioak antolatutako azken hamar tituluetatik bederatzi eskuratu dituen talde indartsua. Titulu guztiak irabaztea du helburu. Aiala Zarautz, ordea, 32 urtez maila nagusitik kanpo egon den talde apala da. Handia egingo luke mailari eutsita. Halako aldearekin, agerikoa zen gertatu beharrekoa: arrain handiak txikia jango zuen. Eta hala izan zen. Bera Berak ez zion aukerarik eman Aiala Zarautzi. 36-13 irabazi zion Espainiako Ohorezko Mailako estreinako jardunaldian.

Bi taldeok lagunartekoa jokatu zuten duela bi aste eskas. Orduko hartan ere oso erraz irabazi zuen Bera Berak, 21 golen aldeaz (38-17). Halere, zuhur zen Montse Puche Donostiako taldeko entrenatzailea atzoko lehiaren bezperan. Sinetsita zegoen lagunarteko hark ez zuela zerikusirik izango ligako estreinakoarekin.

Partidaren hasieran gertatutakoak arrazoia eman zion, lehen hamar minutuetan Aiala Zarautz nor baino nor aritu baitzen (5-4). Andrea Zaldua nabarmendu zen hasiera horretan, Bera Berak utzita Zarautzen ari den albokoa, hiru gol sartuta —bost gol sartu zituen guztira—. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, bien arteko aldea islatuz joan zen. Hala, Bera Berak9-2ko partziala lortu zuen, eta zortzi golen aldeaz joan zen atsedenaldira (14-6). Tania Yañezen lana erabakigarria izan zen minutu horietan, Bera Berako albokoak lau gol sartu baitzituen.

Etenaldiak on egin zion Aiala Zarautzi, aldageletatik bueltan aldea murrizteko gai izan baitzen (17-11). Baina orduan jo zuen kolpe erabakigarria etxeko taldeak. Golak bata bestearen atzetik sartzen hasi zen. Bisitariek ezin izan zioten eutsi erauntsiari. Bera Berak hemeretzi gol sartu zituen hurrengo 23 minutuetan, eta Zarautzek, bi besterik ez. Are adierazgarriagoa da beste datu hau: zarauztarrek ez zuten golik sartu azken hamazazpi minutuetan.

Ezina zen nagusi partida amaieran zarauztarren artean, baina argi izan behar dute atzokoa ez dela ligako haien lehia. Izango dituzte hamaika partida samurragoak, eta ziur emango dutela euren neurria; horretarako gaia badute. Bera Berak, berriz, aurreko sasoia amaitu bezala hasi du hau ere: indartsu, eta garaipen gosez. Atzo, bi fitxatu berriak izan ziren onenak Donostiako taldean: Alicia Fernandez (zazpi gol) eta Yañez (sei gol). Berri oso ona da hori.

Zuazoren garaipena (31-25)

Helburuei dagokienez, Bera Bera eta Aiala Zarautzen artekoa dauka Prosetecnisa Zuazok. Mailan sendotuta, aurrerapauso bat eman nahi du Barakaldoko taldeak, eta goiko postuetara hurbildu. Ondo hasi da bide horretan, atzo nagusitasunez irabazi baitzion Granollersi (31-25). Laura Steinbach alboko alemaniarra izan zen onena Zuazon: bederatzi gol.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.