Handien jokoa egiteko prest

Athleticek joko landuaren aldeko apustua egingo du gaur iluntzean, Europako Ligan Tromso taldea mendean hartzeko

haritz gallastegi
Bilbo
2009ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Athleticek denboraldiko lehen garaipena eskuratu gura du zaleen aurrean. Orain arte jokatutako partida bietan huts egin du. Young Boysen kontrako porrota etxetik kanpo konpondu zuen Caparrosen taldeak. Bartzelonaren aurkako lehiaren bigarren norgehiagoka igandean jokatuko du. Baina aurretik, Tromsoren bisita izango du talde bizkaitarrak. Norvegiako futbolak dituen ezaugarri nagusiak omen ditu Laponiako taldearen jokoak. «Indar handiko jokalariak dira. Partida fisikoak dituzte gustuko», adierazi zuen atzo Joaquin Caparrosek.

Beraz,esan daiteke Athletic Espainiako Ligan ezagun eta urte askotan indartsu egin duen futbola egiten duela Tromsok. Kalitate eta talentu handiagoko taldeei aurre egiteko baliatu dituen ezaugarriak, hain zuzen ere. Bada, Caparrosek gaur zelairatuko duen hamaikakoak bestelako jokoa egiteko asmoa du. Joko landuaren aldeko apustua egingo dute zuri-gorriek. Athleticeko jokalariek Tromsokoek baino maila tekniko hobea dutela erakutsi beharko dute. Horretarako, Suitzan arrakasta izan zuen jokatzeko era erabiliko du berriro teknikariak. «Lasai jokatu behar dugu. Partida luzea da. Konfiantzarekin eraso egin behar dugu, baina oreka galdu barik». Caparrosek Athleticen ardura hartu zuenetik ikusi ez den jokatzeko erarekin gozatzeko edo sufritzeko aukera izango dute jarraitzaileek.

Gazteen iraultza

Tromsoren armiarma sarea gaindituko duen joko landua eta azkarra egiteko hasiberriak zelairatuko ditu Caparrosek. Lerro guztietan egongo dira gorengo mailan esperientzia gutxi duten jokalariak. Atzean Castillok jokatuko du ezker hegalean. Durangarrak Koikilik baino erraztasun handiagoa du erasoan aritzeko. Ondorioz, jokalari aproposagoa da ustez atzean sartuta egongo den talde bati aurre egiteko. Mikel San Jose, berriz, ez da atzeko lerro horretan egongo. Aurrez Lezaman erakutsi beharko du lekua daukala lehen taldean. Hori esan zuen,behintzat, entrenatzaileak.

Zelai erdian De Marcos eta Susaeta ariko dira hegaletatik. Eibartarra ez da hasiberria. Hirugarren denboraldia du gorengo mailan, baina oraindik asko dauka erakusteko. Sasoi hasieran txispa daukala erakutsi du. Lehenbailehen ahaztu gura du joan den sasoian egin zuen erdipurdiko lana. Arabarrak, berriz, berdegunean erakutsi du hamaikakoan lekua daukala. Aurrean zein hegalean asko ari zaio laguntzen taldeari. Hasieran Toquero zelairatzeko asmoa zuen Caparrosek, baina Bartzelonaren aurka egin zuen lan onaren ostean, De Marcosek aurrea hartu dio gasteiztarrari.

Caparrosek Toquero aukeratu izan balu, Muniain ezker hegalean ariko zen. Baina De Marcosek jokatuko duenez, bigarren aurrelari gisa ariko da nafarra. Llorenteren atzetik berak gustuko duen postuan jokatzeko aukera izango du. Erdian jokatzen duenean gehiago nabarmentzen dira bere dohainak. Lerro artean arriskua sortzeko duen erraztasunagatik nabarmendu da orain arte. Defentsaren aurretik egoten den lerroa gainditu eta azken pasea emateko duen erraztasunagatik da ezberdina Muniain. Bartzelonaren aurka atseden hartu ostean, sasoi betean egongo da Europako Ligan jokatzeko.

Gazteen freskotasuna eta gosea esperientziarekin uztartu gura izan du Caparrosek, talde guztietan baitira ezinbestekoak ingurukoei patxada ematen dieten futbolariak. Ociok, Iraolak, eta, batez ere, Yestek izango dute ardura hori. Basauriarraren maila erabakigarria izango da Caparrosek egin gura duen joko landua eraginkorra izateko. Yestek dauka arrakastaren giltza. Motibatuta eta lanerako gogoz badago, ez dauka inolako arazorik erreferentzia izateko. Ezker bikaina dauka. Teknikoki ona izateaz gain, jokaldi bakoitzean aukera onena hartzeko gai da. Young Boysen aurkako itzulikoan norgehiagoka borobila jokatu zuen. Gaur ere bere beharra dauka Athleticek.

Baina hasierako hamaikakoek ez ezik, deialdiek, eta, beraz, harmailetan geratzen diren jokalariek ere ematen dute zeresana. Caparrosek oso aldaketa gutxi egin ditu Athleticera etorri zenetik. Hasieratik erakutsi zuen zein zituen gustuko, eta bi denboralditan oso aldaketa gutxi egin ditu. Arlo horretan ezberdina izaten ari da hirugarren denboraldiaren hasiera. Jokalari gehiago ari da erabiltzen. Ondorioz, deialdietan ere aldaketa gehiago daude. Tromsoren aurka jokatzeko, esaterako, David Lopez eta Ion Velez deitu ditu. Batak zein besteak oso gutxi jokatu dute orain arte. Errioxarra gaizki jokatzen ari da, eta Velezek ez dauka teknikariaren konfiantzarik. Diaz de Zerio erabat osatu arteko denbora tartea aprobetxatu beharko du, taldean lekua duela erakusteko. Kanpoan geratu dira, berriz, Koikili eta Orbaiz. Caparrosek gurago izan du Iturraspe erdilari nafarra baino. Belaunaldi aldaketa al dator Athleticen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.