Handiena, handienen neurrikoa

KARMELE GARMENDIA DONOSTIA
2007ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Iritsi da azkenean futbolzale porrokatuek hainbeste desiratzen duten garaia. Talde asko jokatzeko gogoz, baina batzuek bakarrik lortzen dute sailkatzea. Onenek, dudarik gabe. Urtero bezala, Txapeldunen Liga talde ikusgarrienen arteko norgehiagokaz gozarazteko prest dator.



A multzoa

Liverpoolentzat, bide erraza

Futbolean edozer gerta liteke eta jokatu aurretik ezin da ziurtatu zein izango den garailea. Hala ere,Liverpoolek final-zortzirenetara erraz sailkatzeko aukera du. Iaz finalera iritsi zen taldeak, batez ere, Porto eduki beharko du kontuan. Portugalgo txapeldunaz gain, Marseillak eta Besiktasek ez dute asko kezkatuko Ingalaterrako taldea.



B multzoa

Orekatuena

Chelsea, Valentzia, Schalke 04 eta Rosenborg lehiatuko dira multzo honetan. Rosenborg kenduta, hiru talde parekatuk egin dute bat multzo honetan. Hala ere, Chelsea ez sailkatzea ezustekoa litzateke. Valentziaren eta Schalke 04ren artean egongo da borroka.



C multzoa

Real Madril faborito

Espainiako taldea da faboritoa, baina zelaian erakutsi beharko du nagusitasuna. Egia da Olympiakosek maila galdu duela Rivaldo eta Castillok alde egin ostean, baina hiru jokalari garrantzitsu fitxatu ditu, Raul Bravo, Galleti eta Kovacevic. Werder Bremenek eta Laziok ere dutena emango dute aurrera egiteko.



D multzoa

Zortea, Milanen alde

Milan ahaltsuak zortea aldeko izan duela ezin da ukatu. Europako txapeldunak Benfica, Celtic eta Dinamo Kiev izango ditu aurkari eta ez dirudi arazo handirik izango duenik final-zortzirenetara sailkatzeko. Benficak hirugarren amaitu zuen Portugalgo Ligan eta Dinamo Kiev bigarrena izan zen Ukrainan. Celtic, berriz, txapeldun izan zen Eskozian. Hirurek txartel bat izango dute jokoan.



E multzoa

Oso multzo gogorra

Aurkari gogorrek egingo dute topo multzo honetan. Olympique Lyon Frantziako Ligako txapeldunak, Stuttgart Alemaniakoak, Rangers Eskoziako bigarrenak eta Bartzelona txapeldunordeak. Kataluniako taldeak ez du Etooren laguntza izango, min hartuta baitago. Laugarren izarrik gabe, argi ibili beharko du, beraz, Bartzelonak txapelketan jarraitu nahi badu. Stuttgart, gainera, ezusteko handiak ematen ari da.



F multzoa

Arantza ateratzeko aukera

Erromak aukera paregabea izango du iazko arantza ateratzeko, Manchesterren aurka 7-1 galdu baitzuen. Hala ere, Manchester da taldeburu izateko faboritoa. Christiano Ronaldok eta Rooneyk taldean jarraitzen dute, eta, besteak beste, Anderson eta Nani fitxatuta, oso talde indartsua osatu dute. Ezustekorik izan ezean, Lisboako Sportingek eta Dinamo Kievek ez dute aukera askorik izango sailkatzeko.



G multzoa

Sailkapena nahiko argi

Ondo bidean, Milango Inter eta PSV Eindhoven aise sartu dira final-zortzirenetan. PSV final-laurdenetara iritsi zen iaz, eta Liverpoolek kanporatu zuen -ingelesak finalera iritsi ziren ondoren-. Interrek, berriz, final-zortzirenetan galdu zuen, Valentziaren aurka. Iazko lana hobetu nahiko dute, eta sailkatzea nahiko seguru daukate.



H multzoa

AEK eta Sevillaren zain

Lehenik eta behin Atenasko AEK ala Sevilla sailkatuko den erabaki beharko da. Sevillak azken denboraldiko arrakastarekin jarraitzen badu, txartela eskura izango du. Arsenalek, Steaua Bucarestek eta Slavia Pragak txartel bat edukiko lukete jokoan. AEK sailkatuz gero, Arsenalek bide errazagoa izango luke, eta beste hiruren artean erabakiko litzateke bigarren txartela norentzat den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.