Handienen ondoan egon nahi du

Bera Berak gaur hasiko du, Danimarkan, Txapeldunen Ligako lehen ligaxkan aritzeko sailkapen fasea

Silvia Ederra Bera Berako pibota, jaurtitzeko prest, Itxakoren aurka ABF ligan jokatutako partidan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Dena prest da. Danimarka da jokalekua, eta Bera Bera protagonista. Helburua, Donostiako taldeak hamaika urtez amestu duena betetzea: Txapeldunen Ligan aritzea. Lehiaketa horretako lehen ligaxkan sartzen saiatuko da gaurtik aurrera Bera Bera, sailkatze fasean. Poloniako Vistal Laczpol Gdynia izanen du gaur aurkari, lehena. Irabaziz gero, bertze finalerdiko irabazlea izanen du zain bihar, finalean. Bertze finalerdi horretan, Viborg Danimarkako bertako taldea eta Bruehl Suitzako taldea ariko dira lehian.

Inork baino hobeki dakite Bera Berakoek erronka ez dela batere erraza. Aukera profitatzeko gogoa, hala ere, handia da, eta taldea dena emateko prest dela ziurtatu du Reyes Karrere entrenatzaileak. Gaurko partidaren atarian, poloniarren aurkako norgehiagoka irabaztea jo du helburu nagusitzat. Koska hori gainditu arte, ez du hitz egin nahi finalean aritzeko aukeraz. Final horretan, ia ziurtasun osoz, Viborg izanen da, etxeko taldea. Ezustea litzateke azken partidatik at gelditzea, danimarkarren eta suitzarren artean alde nabarmena baitago. Txapeldunen Ligan ez da sartu zuzenean Viborg, baina ez da ahaztu behar hiru aldiz irabazi duela talde horrek Europako txapelketa nagusia. Horrek faborito nagusi bilakatzen du suitzarren aurkako partida irabazteko.

Karrerek berak onartu du Danimarkako taldeak duela Txapeldunen Ligan aurrera egiteko aukera gehien. Horrek ez du erran nahi, hala ere, ahaleginak eta bi egiteko prest ez denik Bera Bera. Edozein modutan, Txapeldunen Ligako atea ixten bazaio, Europako Errekopan ariko da Donostiako taldea; urritik aurrera, multzoko azkena sailkatuko balitz; eta azarotik aurrera, berriz, sailkatze fasean bigarren edo hirugarren geldituz gero.

Urratsez urrats

Urratsez urrats egin behar du Bera Berak Europako bidea, eta lehendabizikoa gaurko norgehiagoka izanen da. Aurrenekoz ariko da Donostiako taldea Poloniako talde baten aurka. Vistal Laczpol Gdynia taldeko hainbat jokalari, hala ere, aski ezagunak dira donostiarrentzat, poloniarren artean baitira sasoi honetan Bera Berako kide ohi Ana Petrinka eta Natasa Krnic.

Europan arituko den hirugarren denboraldia da oraingoa Bera Beraren aurkariarentzat. Estreinakoz aritu zenean, Challenge kopako finalerdietara ailegatu zen; bigarren sasoian, EHF kopan, hasi bezain pronto gelditu zen kopatik at; azken denboraldian ere, horixe gertatu zitzaion Errekopan. Leipzig Alemaniako taldeak utzi zuen lehiaketa horretatik at, hain zuzen.

Bera Berak bezala, denboraldia ongi hasi du Poloniako taldeak. Taldeko jokalariak egokitzeko bidean dira, oraindik ere, eta egoera horrek ere Donostiako taldearekin parekatzen du Vistal Laczpol Gdynia. Defentsan, dena den, jokalari garaiagoak ditu aurkariak. Bera Berako entrenatzaileak aurkariaren ezker aldeak duen indarra nabarmendu du, gainera. Karrerek ez du gutxietsi nahi izanaurrean izanen duen taldea, baina argi utzi du Bera Berak bere lana dakien bezala egiten badu eta, batez ere, Txapeldunen Ligak eragiten duen presioa bazter uzteko gai bada gaurko partida irabazi beharko duela Donostiako taldeak.

Ligan lortutako emaitzak ematen dioten konfiantzarekin aterako dira gaur pistara Bera Berako jokalariak. Lehen postuan dira gipuzkoarrak, jokatutako partida guztiak irabazi eta gero, eta etxean dute jada sasoiko lehenengo txapela, Espainiako Superkopa. Taldea sasoi onean da Europako erronkari aurre egiteko.

Partida baino lehen, entrenamendua eginen du Bera Berak gaur, 10:15 aldera, Viborgen pistan. 16:00etan hasiko da partida. Behar bezala lan egiten badute, erantzukizuna onartuz eta ongi kudeatuz, urrats handia egin dezakete donostiarrek finalean egoteko.

Txapeldunen Liga da asteburu honetan Bera Beraren lanak jaso dezakeen saria. Donostian Europako lehiaketa nagusiko partidak ikusteko irrikan dira zaleak. Sailkatuz gero, egungo Txapeldunen Ligako irabazle Buducnosten multzo berean egonen litzateke Bera Bera. Hori da helburua, eta gaur irabaztea helmugara iristeko egin beharreko lehen urratsa, handienen artean egon nahi duelako Bera Berak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.