Historiagatik, tituluengatik, aurrekontuarengatik eta zale kopuruagatik, Espainiako Ligako talde handienen artean dago Atletico Madril. Hamarkada honen hasieran Bigarren Mailan bi urtez sufritzea tokatu zitzaion arren, Bartzelona eta Real Madrilen ingurura gerturatzea lortu du azken denboraldietan. Sevillarekin batera Txapeldunen Ligan ari diren Espainiako Ligako lau taldeak horiek izatea da horren adibiderik onena. Hargatik, Atletico Madrili koska bat gora egitea falta zaio benetako talde handia izateko. Kalitate itzeleko jokalariak ditu, aurrealdean batik bat, baina atzealdean erraztasun gehiegi ematen ditu, eta oreka aurkitu ezean, gorabehera asko izango ditu sasoi honetan ere.
Osasunak badaki talde handietan txikiena dela Atletico Madril. Badaki Nafarroako Erresuman kikildu egiten dela askotan, eta gaur iluntzean ere nagusitu egin nahi du. Estatistikak baikor izateko modukoak dira, azken sei urteetan Atletico Madrilek partida bakarra irabazi baitu Iruñean -Javier Aguirreren aginduetara izan zen; Europarako txartela zuten jokoan, Ligako azken jardunaldian, eta Osasunak ez zuen ezer jokoan-. Aldiz, lau partidatan etxekoak nagusitu ziren. Bolada onari jarraipena eman nahi dio Osasunak.
Atletico Madrilen irregulartasunaren adibiderik onena sasoi hasiera honetan Ligan egin duena da: seigarren partidan lortu zuen lehen garaipena, eta Abel Resino entrenatzailea kargutik kentzeko ere eskatu dute hainbat zalek. Gil, Cerezo eta gainerako zuzendariak ere ez daude egoera samurragoan. Haien kudeaketa ere begi txarrez ikusten dute zale askok, eta partida egunetan Vicente Calderon estadioaren inguruan zaleen manifestazioak ere izan dira, aldaketak eskatzeko.
Zazpi gol sartuta, Ligako zazpigarren taldea da arlo horretan Abelen taldea, baina sailkapenean 14.a da, besteak beste jasotako golei dagokienez talderik eskasena izan delako: Xerez azken sailkatuak baino bi gol gehiago sartu dizkiote sei partidatan, hamalau gol guztira.
Aurkariaren zalantzak, aldeko
Eta zalantza horiek baliatu nahi ditu Osasunak gaur irabazteko. Gorritxoen jokalari askok gogoratu dute aste honetan Atletico Madrilentzat zelai deserosoa dela Nafarroako Erresuma, baina hori jokatzen hasitakoan erakutsi behar da. Camachok ere argi dauka Atletico Madril begirune handiarekin zelairatuko dela. «Seguru nago errespetu handiarekin etorriko dela, beste zenbait taldek baino zuhurtzia handiagoarekin irtengo da». Faborito argirik ez da, baina etxean jokatzeak abantaila txikia ematen die gorritxoei.
Hasierako hamaikakoari dagokionez, Camachok ez du argibiderik eman, baina badirudi Getafen galdu arren ondo jokatu zuten jokalarien alde egingo duela. Hori bai, atzealdean Cesar Azpilikueta itzuliko da eskuin hegalera, eta erasoan Carlos Aranda jokatzeko moduan izango ote den argitzeke dago. Aurrelaria atzo ez zen entrenatu taldekideekin, bizkarrean min baitu. Jokatzen ez badu haren tokian Camuñas edo Masud ari daitekeela aurreratu zuen atzo Camachok. Atletico Madrilek, berriz, Diego Forlan aurrelari uruguaitarraren hutsune garrantzitsua izango du.
Handietan txikiena
Nafarroako Erresuman Atletico Madrili neurria hartua diola erakutsi nahi du berriz ere gaur Osasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu