Hankamotz eta herren

Lagun Arok Badalonan hasiko du liga, taldea osatzear duela eta jokalari batzuk sasoiz kanpo dituela

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Norberaren mugak onartuz ekitea da onena. Sito Alonso Lagun Aroko entrenatzaileak aho bizarrik gabe hitz egin du ACB ligako lehen partidaren atarian: «%80an iritsi nahi genuen, baina ez da posible izango. Jokalari baten faltan gaude taldea osatzeko, jaurtitzailearen faltan, eta taldean dauden batzuek denbora gehixeago beharko dute sasoi puntu egokia hartzeko». Jaurtitzaileak Chris Lofton izan behar zuen, baina kontratua eten zioten, lesio bategatik. Haren ordezkoa lotzen saiatu dira klubeko teknikariak, baina oraingoz ez dute lortu.

Alor horretan herren, eta bestela ere hankamotz. Taldea garaipenera eraman behar duten makuluetako bi ez daudelako sasoi bete-betean. Qyntel Woods da bata, eta Iaroslav Korolev bestea. Woods apirilaz geroztik dago goi mailako saskibaloiaz kanpo, eta taldeko prestatzaile fisikoarekin aritu da lanean bakarka. Ari da, pixkanaka, pausoa hartzen, baina hilabetetxo bat beharko du, oraindik. Korolev ondo osatu da oineko hatz bateko haustura eragin zion lesiotik, baina bi urte daramatza ia kantxetan bete-betean jardun gabe, eta kosta egingo zaio konfiantza irabaztea.

Gauzak horrela, Salgadok, Papamakariosek eta Doblasek hartu beharko dute erantzukizuna, taldean denbora gehien daramaten jokalariak baitira. Garrantzitsua izango da, era berean, Raul Netoren lana, denboraldi-aurre bikaina egin baitu. Ikusteko dago Dani Diez espainiarrak ACB ligan zer maila emango duen, Eneke Ibekwe nigeriarrak bezala, eta Mikel Motos eta Julen Olaizola gipuzkoarrek espero baino minutu gehiago izan ditzakete.

Joventut, eraberritua

Joventutek ere aldaketa asko egin ditu, eta aurrekontua nabarmen murriztu, hiru milioi euroraino. Halere, talde polita osatu dutela dirudi, estatubatuar gazteekin arriskua hartuz. 5-2 balantzea lortu du denboraldi-aurrean, eta, aste honetan, Kataluniako Ligako finalean, estu hartu zuten Bartzelona ahaltsua. Corey Fi- sher joko antolatzailea ligako ezustekoa izan daiteke, baina orkatilan mina du, eta ezin jakin jokatuko ote duen. Manny Quezada eskolta, Moses Ehambe hegalekoa eta Tony Gaffney-Sitapha Savane pibote bikoa iritsi dira, Albert Olive, Nacho Llovet eta Jordi Trias etxeko jokalariak laguntzeko. Partida bizia eta azkarra espero da, Joventuteko Salva Maldonado entrenatzaileak joko estilo hori baitu gustuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.