Pilota

Hariaren beste muturra

Abel Barriolaren eta Aimar Olaizolaren debuten lekukoak, 1998ko partida hari buruz mintzatu dira. 'Aitapontekoek' zein kontrarioek bi gazte haiek etorkizun oparoa izango zutela garbi ikusi zuten.

2007ko ekainaren 12a
17:47
Entzun
Imanol Magro

Iruñea

Adar sendoenak kimua du. Ibai handienak iturburua. Iraultza orok ametsa. Amodio istorio politenak lehen laztana, eta gerra odoltsuenak aurreneko iraina. Ziklo, bizipen eta gertaera orok du hasiera. Egia borobil inozoa, logika ukaezina. Era berean, naturak ez ezik, denak du bere bukaera. Eta amaiera lazgarria da askotan. Poetikoa bezain krudela, eta gustagarriagoa da hasierak oroitzea. Lehen pausoa, aurreneko lorea... lehen aldiaren mistika da, aro berri bat iritsi dela nabaritzea.

Kirol ibilbide orok ere badu lehen pausoa: debuta. Pilotarien kasuan inoiz baino hobeto lisatzen dituzte galtza zuriak. Egongo da, bai, zimurtuak eta urratzen hasitakoak janzteko beta. Abel Barriolak eta Aimar Olaizolak igandean idatziko dute euren eleberriko hurrengo atala. Horren esperoan, baina, komeni da lehen orrialdea berriz irakurtzea, tramaren, hariaren beste muturrari heltzea.

Olaizolak eta Barriolak oso debut desberdinak izan zituzten. Batak sona handia zuen afizionatuetan, eta estreinako partidak ikusmin handia sortu zuen. Bestea, ordea, ia oharkabean hasi zen, anaia nagusiaren hitza berme hartuta. Barriolak Tolosako inauterietan jokatu zuen profesionaletako aurreneko partida, otsailaren 22an. Leitzar askok ez bezala, 1998an ez zuen parrandarik egiterik izan. 19 urterekin egin zuen debuta, eta hori, eskuko arazoen erruz urtebetez atzeratu behar izan zuela. Debuteko partida bitxia izan zen: buruz buru Eneko Galarzaren aurka. Barriolak irabazi zuen (22-12). Buruz buru hastea aierua izan zen, manomanista bikain baten ibilbidean.

Amezketako atzelariak ez du ondo gogoratzen partida hura: «Nork bere debuta ez du ahazten, baina hura niretzat beste partida bat zen». Halere, gogoan du giro bikaina zegoela Beotibarren, inauterietako jaialdi klasikoetan bezala. Galarzak onartzen du Barriola bera baino askoz gehiago izan zela eta nagusitasunez irabazi ziola. Garfeko pilotaria maiz entrenatzen zen Barriolarekin garai hartan, eta etorkizun oparoa izango zuela ikusten zitzaion. «Zerbait lortu dezakeenari berehala antzematen zaio. Abeli ikusten zitzaion buruz buru ondo ariko zela. Bi esku on zituen, tantoa amaitzeko abilezia, hanka onak... arazo bakarra zuen: eskuak».

Galarza IV.ak gogoan du Barriolarekin batera egin behar zuela debuta, baina eskuko arazoek atzeratu zutela. «Afizionatuetan genbiltzan itxurosoenok batera pasa behar genuen profesionaletara, Zearra, Barberito, Rai, Barriola eta bostok. Abelek, baina, arazoak zituen eskuekin, eta urtebetez atzeratu behar izan zuen». Garai haietatik harreman ona dute biek. Oso gutxitan ikusten dute elkar, baina topo egiten dutenean beti dute solasalditxoa. «Abel garai hartan mutil umila zen, eta oso alaia; hori dut gogoan, alaia zen, orain bezala». Amezketakoak dioenez, inoiz ez dira partida hartaz mintzatu. Anekdota hutsa izan zen, gerora ere dezentetan jokatu baitzuten elkarren aurka.

LEKUNBERRIKO HOTZA. Apiril aldera oraindik hotz egiten du Nafarroako iparraldean. Herriak oso goian daude, eta behin ilunduta ez da epeltasunik egoten. Halakoxea izan zen Aimar Olaizolaren debuta, Lekunberrin, 1998ko apirilaren 12an, Barriolarena baino bi hilabete geroago. Goizuetakoak Alberdi III.a Kaxka izan zuen alboan, eta Soroa III.a eta Hirigoien aurrean. Jaialdiko lehena zen, eta Olaizolak galdu egin zuen (22-18).

Iñigo Alberdik ez du partida hura ahaztu, ezta aldagelan egiten zuen hotza ere. «Hotz galanta pasa genuen egun hartan. Apirila zen eta elurra zegoen kanpoan. Aldagelan geunden eta ez zegoen eskuak berotzeko modurik!». Partida ez zen ona izan; hala dio Alberdik. Olaizola gazteak ondo jokatu zuen, lasai; Goizuetatik joaniko jende mordoak ez zuen urduritu. Azkoitiko atzelariak bere gain hartzen du porrot haren ardura. «Ni bezperan jokatutakoa nintzen, eta ez nion batere lagundu. Aimarrek, aldiz, ondo jokatu zuen. Ondo mugitu zuen pilota, bi eskuez; pilotari izango zela nabaritzen zitzaion».

Juan Miguel Soroak antzeko oroitzapena du. «Olaizolak ondo jokatu zuen, baina ez zen partida ona izan. Nik hobeto ezagutzen nuen pilotalekua, eta horrek mesede egin zidan. Halere, ezpal onekoa zela ikusten zitzaion». Debuta egin aurretik, Alberdik ez zuen Olaizola ezagutzen; Asierren anaia zela baino ez zekien. Soroak, aldiz, bai. Altsasuko Santo Kristo Otadiakoa torneoko finalean ikusi zuen. «Gu Patxi Ruiz ikustera joan ginen, eta Aimarrek harritu gintuen. Partida hura ikusi eta zalantzan gelditu ginen ea nork jokatuko zuen gehiago etorkizunean. Partida ona eta beroa izan zen, botilleroen artean iskanbila egon zen, orain bezala, kar-kar... Aimarrek irabazi zuen, 18-14».

Soroa eta Alberdi bat datoz ere Olaizolak izandako bilakaera bizkorra nabarmentzeko orduan. Hilabete gutxi batzuk nahikoak izan zituen estelarretan sartzeko. Garai haietan eskuetako arazo asko zituen Olaizolak, eta Alberdik gogoan du txapa eta tako asko jartzen zituela. Eskuak zailtzea nahikoa izan omen zuen gora egiteko. Soroak ere maiz jokatu zuen berarekin garai haietan, eta ez zaio ahaztu urte hartako sanferminetan emaniko maila bikaina.

Alberdi, berriz, Los Arcosen harritu zen. «Irailean zen, 8an uste dut; Olaizolak sei hilabete zeramatzan profesionaletan. Hobekuntza izugarria izan zuen epe laburrean. Berak Matuterekin jokatu zuen, nire eta Tolosaren kontra, eta dantzan ibili gintuen. Aise irabazi ziguten (22-14), erakustaldia emanez. Bilakaera ez zen eten, eta handik sei hilabetera estelarretan zen. Capellanen aurka ikusi nuen behin, eta ordurako Miguel baino askoz gehiago zen».

Gazte denboretan adeitsua zen Olaizola, eta bi profesional ohiek hala jarraitzen duela diote. Alberdik umil gogoratzen du garai haietan, gutxira asko bizitu bazen ere. «Mutil jatorra zen, eta orain ere hala da. Harrotu egin ote den diote; nik, behintzat, ez dut halakorik sumatu. Oso gutxitan ikusten dugu elkar, eta adeitsua da, beti bezala». Soroa III.ak garai haietan gehiago jokatu zuen Olaizolarekin, eta oroitzapen ona du. «Elkar ikusten dugunean hitz egiten dugu; gutxitan egiten dugu topo, baina beti dugu hitzen bat edo beste. Umila da, eta pilotaz garbi hitz egiten du. Azkenenekoz hitz egin genuenean ondo zebilela esan nion, eta berak umil erantzun zidan: 'Hau badakizu nola izaten den, batzuetan goian eta besteetan...'».

IGARLE FINAK. Barriola eta Olaizolaren debuteko lekukoek ez dute oso garbi igandeko finalerako pronostikoa. Halere, apur bat estutuz gero, iritzia ematen dute. Eneko Galarzak, parean ikusten du finala, baina Barriolaren sasoia kontuan hartu behar dela dio, eta baita Olaizolak azken urteetan pilatu duen eskarmentua ere. «Finala parean dago, oso irekia. Abel ondo dator, eta Aimarren maila ezagutzen dugu. Faborito garbirik ez dut ikusten, baina kontuan hartu behar da Aimarrek badakiela nola jokatu behar dion Abeli».

Olaizolaren debutaren lekukoek, aldiz, goizuetarraren alde jotzen dute. Soroak Barriolak irabaztea ilusio egingo liokeela nabarmentzen du, baina Olaizola oso ondo ikusten du. «Barriolak irabaziko balu izugarri poztuko nintzateke, benetan merezi duelako, baina Olaizolak irabaziko duela uste dut». Alberdi ere biziki pozten da Barriola berriz goian ikusteaz, baina Olaizola ikusten du faborito. «Parean daude, estua izango da, baina Olaizolak irabaziko duela uste dut. Buruz buru ez du oparirik egiten eta finaletako tentsioekin hori bertute handia da».

Soroa eta Alberdi igarle finak lirateke. Biek harro diote berehala sumatu ziotela Olaizolari buruz buru goian ibiliko zela, eta badute hori erakusteko pasadizorik. Alberdik ederra bota zuen soziedadeko kideen aurrean, Olaizola eta Bernaren arteko partida ikusten ari zirela. «Aimar noizbait buruz buruko txapeldun izango zela esan nuen, denak barre egin zidaten, ez zuela kolperik, ez gorputzik... Baina Olaizolak zerbait berezia zuen, ezkerrez jotako errestoak bosgarren koadroan jartzen zituen, eta hori oinarri sendoa da, ezpala. Urteek arrazoi eman zidaten». Soroa ere elkarteko lagunen aurrean arriskatu zen, Olaizolak buruz burukoan parte hartu zuen aurreneko alditik. «Urtero porra egiten dugu manomanistan, eta Aimar gaztea zenean nik betirako bera hartuko nuela esan nuen. Kideek onartu zuten, jota nengoela-eta. Behin irabazi dut, eta baliteke azkena ez izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.