FUTBOLA

Haris Seferovic aurrelariak Realean jokatuko du hurrengo lau denboraldietan

Talde txuri-urdinak bi milioi euro pasatxo ordainduko dizkio Fiorentinari 21 urteko jokalariarengatik.

2013ko uztailaren 11
16:37
Entzun

Realak egin du sasoi honetarako bigarren fitxaketa: Haris Seferovic aurrelari suitzarra. Donostiako taldeak bi milioi euro pasatxo ordainduko dizkio Fiorentinari. Jokalariak, berriz, lau denboraldirako kontratua sinatu du. Seferovic Suitzara itzuli da jada, hainbat kontu konpontzeko. Hori egin ostean itzuliko da, datorren aste hasieran. Orduan aurkeztuko dute.  

21 urteko jokalariak ez du eskarmentu handirik puntako taldeetan. Orain lau urte egin zuen debuta Suitzako ligan, Grasshoperrekin. Hiru partida besterik ez zituen jokatu, baina Fiorentinak bazuen haren berri, 17 urtez azpiko selekzioarekin bikain ari baitzen. 2009ko Munduko Kopan, esaterako, Suitza txapeldun izan zen, eta bera izan zen gol gehien sartu zituena. Hala, 2010eko urtarrilean Italiako taldeak bi milioi euro inguru ordaindu zituen haren truke.

Italiako Lehen Mailan, ordea, ez du ia aukerarik izan. Lehen sasoia hasi eta gutxira Suitzara joan zen utzita, Neuchatelera. Urtebete egin zuen, eta Italiara itzuli zen, Lecce Lehen Mailako taldera, berriro utzita. Han ere apenas jokatu zuen, eta hirugarrenez joan zen utzita, Novarara, Bigarren Mailara. Han bai erakutsi du bere balio. Hemezortzi partida jokatu ditu, eta hamar gol sartu. Horri esker jaso zuen selekzio nagusiaren deia. Mario Gomez, Giuseppe Rossi, Stevan Jovetic... Fiorentinan ez zuen tokirik. Horregatik onartu du Realaren eskaintza. "Oso ondo jokatzen duen familia batera iritsi naiz", esan zuen atzo Seferovicek sinatu berritan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.