Ez da erraza, baina aurkariek lan zailagoa dute. Gescrap Bizkaiak bere baitan du lorpen historikoa izango litzatekeena, Euroligako final-laurdenetarako sailkatzea. Euroligan jokatzen duen lehen aldian halakorik lortzea sekulakoa litzateke. Errezeta erraza bezain konplexua da. Geratzen diren bi neurketak irabazten baditu, Top16a gainditu eta Europako zortzi onenen talde txikian sartuko da. Lehen partida, gaur iluntzean. Bigarrena eta azkena, martxoaren 1ean, Malagan (Espainia), Unicajaren kantxan.
Biak dira norgehiagoka zailak, baina gaurkoak Malagakoak baino zailagoa dirudi. Montepaschi Siena datorrelako bisitan, gaur-gaurkoz Europako mamuetako bat CSKA Mosku eta Bartzelonarekin batera. Unicaja emaitza eta joko bolada txarrean murgilduta dago, eta azken jardunaldira final-laurdenak jokatzeko batere aukerarik ez duela iritsiko da ziurrenik —Real Madril hartuko du bihar—. Halakoetan, beharra duenak lortzen omen du garaipena. Gerta liteke Gescrap Bizkaiak bihar bertan lortzea sailkatzea, Siena menderatu eta Real Madrilek Unicajaren aurka galtzen badu, baina konbinazio horrek zaila dirudi madrildarren sasoi puntua ikusita.
Presioak eragin handia izaten du kirol profesionalean, eta Gescrap Bizkaiaren garaipenak Real Madrilen gainean jarriko luke presio guztia azken jardunaldiari begira. Pablo Lasoren taldeak Sienan irabazi beharko luke derrigor, eta, halere, bizkaitarrek Malagan galdu zain geratu. Erratzeko beldurrik gabe esan liteke, beraz, gaurko garaipenak urrearen balioa duela. Ez du ezer erabakiko, baina balantza desorekatuko du Bilbo aldera.
Siena talde bikaina da
Gescrap sasoi puntu onean dago. Hamar eguneko atsedenaldiak kalterik egingo ote dien edo ez da zalantza, baina ezezkoan da Fotis Katsikaris. Eta nola dago Siena? Ligan bost partida galdu ditu, hiru urtarrilean, baina Euroligan jokatutako azken laurak irabazi ditu, eta denetan, aurkaria hankapean ibilita: Gescrap eta Unicaja Sienan, Unicaja eta Real Madril Malagan eta Madrilen. Asteburuan Italiako Kopa irabazi du Simone Pianigianiren taldeak, eta urtarrilaren 11z geroztik hamahiru partida jokatu eta hamabi irabazi ditu. Galdutako bakar hori ligan izan zen, Veneziaren aurka.
Porrot hori baino deigarriagoa da Kopa nahiko eroso irabazi izana. 88-71 menderatu zuen Cantu, eta David Andersen hautatu zuten onena. Sienak komeri gehiago izan zituen finalerdian Milan kanporatzeko: 67-65. Andersenekin batera, Ksistof Lavrinovic lituaniarrak eta David Moss estatubatuarrak ere norgehiagoka ona jokatu zuten. Nabarmentzeko modukoak dira Bo McCalebben zenbaki apalak, baina horiek aintzat ez hartzea hobe, Europako joko antolatzaile onena baita.
Ikusgarria izanen da McCalebb eta Aaron Jacksonen arteko pultsua, biak azkarretan azkarrenak direlako, baina azti ibili behar du Jacksonek, parean oso jokalari ona izango baitu. Andersen ere sasoi bikainean dago, baina komeni Bootsy Thornton, Nikos Zisis, Thomas Ress, Igor Rakocevic, Shaun Stonerook eta besteekin ez ahaztea. Zer esan Pianigianiri buruz. Europako talde aberatsenen agendan egon da, baina Italian jarraitzen du. Defentsa jokoan da maisua. Gescrap Bizkaia pattal dabil alor horretan, eta kontuz ibili beharko du, irabazteko aukeraren bat izan nahi badu.
Hark dauka aginte makila
Gescrapek Montepashi Siena hartuko du gaur; garaipenak asko gerturatuko luke Bilboko taldea Euroligako final-laurdenetaraKatsikaris arduratuta dago McCalebb eta Andersenen defentsarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu