Athletic bosgarren postuan da mundu mailan dagoen futbol ligarik indartsuenetako batean. Denboraldia amaitzeko bost jardunaldi baino ez direnean falta meritu itzela dauka talde zuri-gorria egiten ari den lanak. Hala ere, bistan da denboraldia luze egiten ari zaiola. Azken derbi biak dira Athleticek dituen arazoen erakusle garbiena. Zuri-gorriek jokoan zeuden sei puntuak eskuratu dituzte, baina egin duten jokoa ez da ona izan. Aurkariek gaitasun apur bat gehiago erakutsi izan balute, nekez irabaziko zituen bi neurketak. Horrek sortzen du kezka jarraitzaileen artean. Gaitza baita oso zelaian horren gutxi eginda horrenbeste irabaztea.
Arrazoi asko egon daitezke Athleticen ezina argitzen lagun dezaketenak: landu gabeko taldea izanik, Fernando Llorente zaintzearekin nahikoa dela uste dutenak daude; sasoi amaieran talde guztiek asko dutenez jokoan, azken sailkatua ere hortzak erakusteko eta edozein aurkari estutzeko gai dela ere ikusi da neurketa batean baino gehiagotan; bestalde, ez dira gutxi Athleticen zulo nagusia taldearen kudeaketa okerrean egon dela pentsatzen dutenak. Arlo horretan, Joaquin Caparrosek eta bere lan taldeak ez dute asmatu. Entrenatzaile baten zeregin nagusia da talde batek eman dezakeen guztia ateratzea. Jokalari multzo bat talde gisa funtzionaraztea. Egindako beharra ona den edo txarra den aztertzeko asteburuko partida erabiltzen da. Emaitzek argi eta garbi erakusten dute helburu nagusia betetzen ari dela Caparros. Hala ere, futbol mundua barrutik ezagutzen duenak badaki ezinbestekoa dela jokalariei lan ona egiten erakustea bezain garrantzitsua dela neurketa ofizialetan euren balioa erakusteko aukera ez dutenak ondo zaintzea. Hau da, aulkian edo harmailan egon behar duten futbolariei garrantzitsuak direla sentiaraztea. Behar-beharrezkoa da.
Entrenatzailearen jarrera
Bada, lan hori egiteko ez da entrenatzaile aproposa Caparros. «Profesionalek kontratua dute, eta ordaintzen dien klubaren alde egin ahal duten guztia egin behar dute. Jokatzen ez duenak jokatzen duenak bezain ondo entrenatu behar du. Horrela, teknikariak zelairatzea erabakitzen duenean maila ona emateko gai izango da». Caparrosek argi ditu gauzak. Ez du gupidarik. Haren konfiantza duenak jokatuko du, eta gainerakoek badakite zer egin behar duten. Hobe ez jakitea denboraldion harmailan berdegunean baino denbora gehiago pasa duten futbolarien iritzia. Kokoteraino daude. Normala, ez? Bai, baina hamaikakoetan ohikoak diren futbolari batzuk ere ez daude konforme Caparrosen lan egiteko erarekin. Eta hori ez da normala. «Bere konfiantza daukazunean mimoak baino ez dizkizu ematen. Baina jokatzen ez duzunean alboratu egiten zaitu», aitortu du jokalari batek baino gehiagok grabagailuak martxan egon ez direnean.
Zenbait kasutan ez dira erraz ulertzen Caparrosek hartutako erabakiak. Athleticen, gainerako taldeetan gertatzen den legez, badaude jokalari batzuk ordezkorik ez dutenak: Andoni Iraola, Gorka Iraizoz eta Llorente ukiezinak dira. Jokatzeko moduan badaude, zelaian egon behar dute. Baina gainerako postuetan bestelakoak dira kontuak. Ohiko titularren eta jokatzen ez dutenen arteko aldea txikia dela, alegia. Beraz, zergatik ez eman aukera gehiago jokatzen ez dutenei? Nekatuta dagoen futbolariak eskertuko du atsedena, eta jokatzen ez duenak ilusioa, gosea eta freskotasuna emango lioke Athletici. Finean, taldeak irabaziko luke.
Markel Susaetak, Fernando Amorebietak, Igor Gabilondok eta Ander Iturraspek, besteak beste, merezi dute egun jokatzen dutena baino gehiago jokatzea. Susaetak eta Amorebietak mila minutu pasatxo jokatu dute denboraldia hasi zenetik —gehien jokatzen ari direnek aspaldi pasa zuten 2.000 minutuko langa—. Bata zein bestea futbolari garrantzitsuak dira Athleticentzat. Baina euren mailatik urrun zeudenean ez zuten entrenatzailearen konfiantzarik izan. Denboraldi txarra egiten ari dira. Gabilondo eta Iturraspe, berriz, ez dira mila minutura ailegatu. Ezker hegalekoaren egoera ez da erraz ulertzen. Jokatu duen bakoitzean maila ikusgarria eman du. Defentsan ondo, errematean oso ondo eta estrategia jokaldietan bikain aritu da. Erreta egoteko arrazoiak ditu. Baita beste hiru lagunek ere.
Baina zer pentsatuko dute Ustaritz Aldekoaotalorak, Aitor Ociok, Xabi Castillok, Iñigo Diaz de Zeriok eta Mikel Balentziagak? Galdutako denboraldia da eurentzat. Borja Ekizaren agerraldi indartsuaren ostean aukera barik geratu dira Ustaritz eta Ocio. Baina aurrez ere pisu gutxi zuten hamaikakoetan. Castillo eta Balentziagaren gainean antzeko zerbait. Ez bata ez bestea ez dira Caparrosen gustukoak. Zertarako fitxatu zituen Athleticek? Galdera horrek ez dauka erantzunik. Diaz de Zerio, berriz, ez dago sasoi betean. Aurrelariak jarraitutasuna behar du. Konfiantza. Baina ez dirudi ez Athleticek ez Lehen Mailak aukera emango diotenik. Harmailan edota aulkian ahaztuta dauden jokalariak dira.
Harmailan galduta
Sailkapenean bosgarren egon arren, Athletic indar barik iritsi da azken txanparaTaldearen kudeaketa txarra da ezinaren arrazoietako bat, Caparrosek hamalau jokalarirengan soilik izan baitu konfiantza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu