Euskadi fundazioak beste urrats bat egin du Ipar Euskal Herriko txirrindularitzarekin harremana sendotzeko bidean. Miguel Madariaga buru duen fundazioak bi lankidetza hitzarmen sinatu ditu Ipar Euskal Herriko bi txirrindularitza elkarterekin; Baionako Avironekin eta Maulerekin, hain zuzen ere. Horri esker, bi elkarte horietako hiru txirrindulari Naturgas Energia Euskaltel-Euskadiren hirugarren taldean ariko dira hurrengo urtean.
Loic Chetout, Karl Baudron eta Damien Garcia dira aukeratuak. Hiru txirrindulariak 23 urtez azpiko taldeko kide izango dira, eta Aritz Arberasen zuzendaritzapean lehiatuko dira. Chetoutek du eskarmentu gehien; aurten, adibidez, gazteentzako Paris-Roubaix proba korritu du. Baudron, berriz, 1,90 metroko txirrindularia da, ordekan ondo moldatzen dena. Garciari dagokionez, hasi berria da kasik. Halere, txirrindulari ona izateko dohainak omen ditu.
Chetoutekin, Baudronekin eta Garciarekin, dagoeneko bost dira Euskadi fundazioko taldeetan ari diren Ipar Euskal Herriko txirrindulariak. Naturgas Energia taldekoei Romain Sicard eta Pierre Cazaux Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak gehitu behar zaizkie. Hain zuzen ere, bai Sicard bai Cazaux Derion izan ziren atzo (Bizkaia), Euskadi fundazioaren egoitzan, hitzarmenaren sinaduran.
Madariaga oso pozik azaldu zen hitzarmenarekin. «Oso egun berezia da gaurkoa Euskadi fundazioarentzat. Bi urte baino gehiago aritu gara gogor lanean Ipar Euskal Herriko txirrindularitzarekin hitzarmen serio eta formal bat adosteko. Egun handia da gaurkoa, ate berriak ireki baititugu». Euskadi fundazioko lehendakariak azaldu zuen Ipar Euskal Herriko txirrindularitzari laguntzen jarraitzea dela helburua, «Euskadi fundazioko kide» izan daitezen.
Pro Tourreko zerrendaren zain
Euskaltel-Euskadiko ordezkariak astelehena noiz iritsi zain daude, egun horretan jakinaraziko baitu ofizialki Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) urteko behin betiko sailkapena. Sailkapen horretako lehen hemezortzi taldeek 2011ko Pro Tour ligan aritzeko eskubidea dute; hau da, hiru itzuli handiak kenduta, egutegiko beste proba garrantzitsuenetan. Euskaltelen baikor dira. «Talde guztiak gaude zain. Hala ere, uste dugu ez dugula arazorik izan behar Pro Tour ligako taldea izateko, ez kirol mailari dagokionez, ez arlo ekonomikoari dagokionez. Urte ona egin dugu, eta oinarriari eusten diogu», esan zuen atzo Igor Gonzalez de Galdeano Euskaltel-Euskadiko managerrak.
Harremana sendotuz
Euskadi fundazioak hitzarmenak egin ditu Ipar Euskal Herriko bi txirrindularitza elkarterekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu