Olympique Lyon. Gomis; Reveillere, Cris, Lovren, Cissokho; Toulalan, Kallstrom (Pjanic, 77. min.); Delgado (Pied, 70. min.), Gourcuff, Bastos (Briand, 70. min.); eta Gomis.
Real Madril. Casillas; Sergio Ramos, Pepe, Carvalho, Arbeloa; Di Maria, Xabi Alonso, Khedira (Lass Diarra, 68. min.); Ozil (Marcelo, 75. min.), Adebayor (Benzema, 64. min.), Cristiano Ronaldo.
Golak. 0-1. Benzemak (65. min.); 1-1. Gomisek (83. min.).
Epailea. Wolfgang Stark (Alemania). Txartel horia Olympique Lyoneko Bastos, Cris eta Piedi, eta Real Madrileko Sergio Ramos, Di Maria eta Casillasi.
Bestelakoak. 40.000 ikusle inguru Lyongo Gerland futbol zelaian.
Benzema edo Adebayor? Adebayor edo Benzema? Azken aldian aurrelariaren izenari bueltaka dabiltza Madril aldean. Benzemarekin nahikoa ez zuela eta, beste aurrelari bat eskatu zuen Mourinhok. Eta ekarri zioten: Adebayor. Etxera bueltan zen atzo Benzema, Lyonen jaioa eta hazia baita. Baina aulkian utzi zuen entrenatzaileak. Hori bai, bigarren zatian gozokia eskaini, eta gozatu egin zuen Lyongoak. Zaleen harrera beroa jaso —beroegia agian—, minutu bakarrean jokaldia egin, eta 0-1ekoa lortu zuen. Erabakigarria izan daiteke gol hori, Gomisek ondoren 1-1ekoa lortu bazuen ere, espainiarrentzat emaitza ona delako. Itzuliko partidan huts larria egin beharko lukete Txapeldunen Ligako final-laurdenetan ez sartzeko.
Lehen zatian azken denboraldietako mamuak agertu zitzaizkion Real Madrili. Etxekoak askoz intentsitate handiagoarekin zelairatu ziren, eta lehen hogei minutuetan hiru aukera sortzeko gai izan ziren, Bastosen eta Gourcuffen eskutik. Espainiarrak zelai erdia kontrolatu ezinik zebiltzan, eta lehen 45 minutuetan bi aukera apal besterik ez zituzten sortu: 29. minutuan Di Mariak urrutitik jaurti zuen, eta 31.ean Cristiano Ronaldok arrisku apur bat sortu zuen falta jaurtiketan. Beste ezer ez zuen egin Real Madrilek.
Olympique Lyonek, berriz, gol aukera argi-argia eduki zuen 34. minutuan. Kontraeraso azkarrean, Bastosek erdiratu, eta Casillasek huts egin zuen baloia hartzeko garaian. Gomisek eskura eduki zuen 1-0ekoa, baina atezainak, azken unean, ukondoarekin urrundu zuen baloia.
Lehen zati apalaren ondoren, bigarren zatiko lehen lau minutuetan lehen 45 minutuetan baino arrisku gehiago sortu zuen Real Madrilek. Bastosek falta egin zion Di Mariari area ertzean, eta Cristiano Ronaldok zutoinera bidali zuen baloia. 50. minutuan, berriz, Sergio Ramosek bidali zuen baloia langara, korner jaurtiketa buruz errematatuta. Bi jokaldi horiek piztu egin zituezten espainiarrak, baina 64. minutuan iritsi zen partidako unerik erabakigarriena. Benzemak Adebayor ordezkatu zuen, eta minutua betetzerako, jokaldi nahasian, baloia sareetara bidali zuen (0-1). Gomisek 1-1ekoa lortu zuen 83. minutuan, estrategia jokaldia ondo amaituta. Berdinketak piztu egin zituen etxekoak,eta Gourcuffek gertu eduki zuen 2-1ekoa, 89. minutuan. 91. minutuan ere falta arriskutsua atera zuen Gourcuffek berak. Baina, hotzean aztertuta, kolore zuria dauka kanporaketak.
Atzoko beste partidan Chelseak 0-2 irabazi zion Kopenhageri. Anelkak sartu zituen partidako bi golak, 17. eta 54. minutuetan. Ezuste handirik ezean, beraz, Chelsea Txapeldunen Ligako final-laurdenetan izango da.
Inter Milan-Bayern, gaur
Gaur jokatuko dira final-zortzirenetako joaneko azken partidak: Inter Milan-Bayern Munich, eta Olympique Marseilla-Manchester United. Aurreko denboraldiko finalaren errepikapena izango da lehen kanporaketa. Alemaniarrak oso bolada gozoan daude, Robben eta Ribery taldera itzuli izanak indarra eman dielako. Muller eta Mario Gomez ere bikain ari dira aurrealdean, eta, indar horri esker atera nahiko dute final hartako arantza.
Beste kanporaketan, berriz, itxura batean Manchester United da faboritoa, baina hutsune bat baino gehiagorekin iritsi dira ingelesak. Ferdinand, Evans, Anderson, Giggs, Owen eta Park etxean geratu dira. Hori bai, Ligan lider dago Manchester, eta konfiantzaz gainezka iritsi dira Txapeldunen Ligako final-zortzirenetara. Olympique Marseillak ez dauka galtzeko ezer.
Olympique Lyon 1. Real Madril 1
Harrera beroegia agian?
Benzemak desorekatu du partida, zelairatu, txaloak jaso eta minutu bakarrera, eta Gomisek lortu du berdinketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu