Mikel Merino

Harribitxi bat enkantean

Realaren eta Athleticen jomugan dago Mikel Merino. Erdilari nafarrak ezker oin bikaina du, baina distira egiteko aukera gutxi izan du azken bi urteetan, Alemanian eta Ingalaterran. Egonkortzeko eta etxetik hurbil aritzeko aukera izan lezake Bilbon edo Donostian.

FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
enaut agirrebengoa
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Bolo-bolo dabil azken egunotan Mikel Merinoren izena. Klase handiko erdilaria da, eta etorkizun oparoa aurreikusten zaio. Zerbaitegatik dabiltza haren atzetik Reala eta Athletic, besteak beste. Nafarrak Osasunan egin zuen eztanda, 2015-2016ko denboraldian, baina azken bi denboraldietan ez du segidarik izan, Borussia Dortmunden (Alemania) lehenik, eta Newcastle Uniteden (Ingalaterra) azken sasoian. Utzi ditu kalitate handiko zertzeladak, baina ez du teknikarien erabateko konfiantza erdietsi. Hala, ez du esperotako garapena izan. Orain Espainiako Ligara bueltatu nahian dabil, han aurrerapausoa eman ahalko duelakoan. Aukerarik, bederen, ez zaio falta.

Azkenaldian erakusleihotik at izan arren, estimazio handia izaten segitzen du. Zergatik? Bada, jokalari oso bertutetsua delako. Hitz gutxitan esanda, erregistro askoko erdilaria da. Euskarri postuan sentitzen da erosoen. Defentsako kontzeptuak ondo menperatzen ditu, jokoaren irakurketa bikaina du, taldea mugiarazteko abilezia dauka, eta toki asko hartzen du zelaian, ahaltsua baita fisikoki. Horregatik, bakarrik ere aritu daiteke atzelarien aurretik, aldamenean beste inor izan gabe. Nolanahi, beste postu batzuetan ere oso ondo jardun dezake; esaterako, euskarriaren aurretik, ibilbide luzeko erdilari gisa. Izan ere, baloia dotoreziaz gidatzen du, eta area inguruan arrisku handia dauka, azken pase eta jaurtiketa onak baititu.

Erasoan beste arma bat ere badu: garaiera. 1,90 metro luze da, eta horri esker, mehatxu handia da geldikako jokaldietan. Dohain hori defentsako lanerako ere baliagarria zaio, dela zelai erdian jokatzen duenean, dela defentsa moduan diharduenean. Izan ere, erdiko atzelari gisa jokatzen ere badaki Merinok. Postu horretan aritu zen Borussia Dortmunden, eta Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin ere jokatu izan du bertan. Horrenbestez, zeregin asko bete ditzake nafar gazteak, eta hori entrenatzaileek asko estimatzen duten ezaugarria da. Gainera, estilo ezberdinetara moldatzen ere badaki. Horren adibide, aldi berean Osasunan eta Espainiako azpiko selekzioetan distira egin izana.

Eskarmentu falta du, akaso, gabezia nagusi, azken bi denboraldietan ezin izan baita nahi beste zaildu. Horretarako aukera eman nahi diote Realak eta Athleticek. Ikuskizun dago zer marrazki ezarriko duen Asier Garitanok, baina dena delakoa izanda ere, lekurik izango litzateke Merinorentzat txuri-urdinen zelai erdian; euskarrian Asier Illarramendirekin batera, edo haren aurretik, David Zurutuzarekin, erdilarien triangeluari eutsiz. Athleticen, ordea, lehia gehiago izango luke. Oraintxe bertan, bederen, mukuru beteta dago zelai erdia: hor dira Beñat Etxebarria, Mikel San Jose, Ander Iturraspe, Mikel Rico, Mikel Vesga eta berriki ekarritako Dani Garcia. Gorritxo ohia fitxatzeko, irteerak egon beharko dira. Horretarako prest legoke Athletic.

Newcastlek ez du oparituko

Osasunako atezain izandako Miguel Merinoren semea da. Nafarroako taldean hasi zen bidea egiten, gazte mailatik hasita. 2012-2013ko denboraldian iritsi zen, eta berehala heldu zitzaion lehen taldean aritzeko aukera, bi sasoi geroago. Denboraldi oso zaila izan zen gorritxoentzat, eta Merinoren agerpena izan zuten albisterik onentxoena. 29 lehia jokatu zituen sasoi hartan, eta hurrengoan loratu egin zen. Lehen Mailara igo zen Osasuna, eta lemazain lanetan bikain aritu zen Merino. Maila aparta eman zuen sasoi guztian, eta hori gutxi balitz bezala, hazi egin zen igoera kanporaketetan. Erakustaldia erakustaldiaren atzetik eman, eta eliteko talde askoren arreta bereganatu zuen.

Otsailerako jada fitxatua zuen Borussia Dortmundek. Ilusioz gainezka iritsi zen Alemaniara, baina berehala jaso zuen lehen kolpea, Thomas Tuchel entrenatzaileak Txapeldunen Ligako zerrendatik kanpo utzi zuenean. Egoerak ez zuen hobera egin, eta zortzi neurketa eskas jokatuta amaitu zuen denboraldia.

Gehiago jokatu du Newcastlen azken denboraldian, baina ez nahi adina: 24 partida, hamalau hasieratik. Giltzarri bihurtu zen sasoi hasieran, baina gain behera joan da. Hori horrela, behin betiko egonkortu nahi du, eta gorengo mailan ere distira egiteko gai dela erakutsi.

Realak eta Athleticek bi lehiakide gogor dituzte: datorren sasoian Europan ariko diren Betis eta Vila-real. Newcastlek zazpi milioi euroren truke fitxatu zuen, eta orain hamabi milioi inguru lortu nahiko lituzke. Proposamenak aztertzen ari da Merino, eta ez du ematen jokalariaren erabakiak luze joko duenik. Realean baikorrak dira. Jokin Aperribai presidentea jada izan da Ingalaterran Newcastleko zuzendariekin negoziatzeko. Txuri-urdinek iraupen luzeko kontratua eskainiko liokete erdilari nafarrari, bost denboraldirakoa. Athleticek soldata handiagoa eskain liezaioke, baina oztopo izan liteke etete klausula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.