Zuiako plazan monumentua egiteko modukoa da. Edo txaloka hasi eta ez geratzekoa. Aurreskua, lore sorta eta bertso dotoreren bat ere merezi du. Klasea hitzaren ondoan bere izena agertuko da laster. Egia da erori egin zela 2007ko Frantziako Tourrean. Odol transfusioan erori. Puerto auziak ere zikindu egin zuen bere izena; betirako zikindu ere. Baina mundua harritzen jarraitzen du Aleksandr Vinokurovek (Astana). 37 urte dauzka jada, baina bizitzaren gurpilari barrez erantzuten dio. Begira jarri eta santu itxura dauka; hitz bat ez du bestea baino altuago esaten. Baina bizikleta gainean eraldatu egiten da. Oilartu. Santu aurpegia jarrita, Oroko santutegira bidean jo zuen erasoa atzo kazakhstandarrak. Tropelari hordagoa. Oscar Freireri (Rabobank) eta Francesco Gavazziri (Lampre) kolpea. Esprinta nahi zuten biek Zuian, eta konfiantzaz egin zuten lan Rabobankek eta Lamprek. Baina Vinokurovek, egin behar duela pentsatzen duenean, egin egiten du. Harrituta uzten ditu denak. Baina oraindik harritzea da harrigarriena.
«Itzuliko etaparik lasaienetakoa da gaurkoa». Esan hori zebilen bolo-bolo Villatuertan, irteeran. Eskerrak! Beste behin ere, etapa hastearekin batera sortu zelako zalaparta. Ero-eroa izan zen etapa hasiera, denek zekitelako ihesaldiak aukera zeukala helmugara iristeko. Lehen saioen ondoren, 25. kilometroan sortu zen benetako sua. Tony Martinek (Highroad) eraso gogorra jo zuen Opakua igotzen hasi baino kilometro gutxi lehenago, eta zazpikote indartsua osatu zen aurrean: Martin, Juanma Garate (Rabobank), Egoi Martinez (Euskaltel-Euskadi), Amael Moinard (BMC), Przemislaw Niemiec (Lampre), Francesco Bellotti (Liquigas) eta Jerome Pineau (Quick Step).
Ihesaldi arriskutsua zela zirudien, txirrindulari asko eta oso onak sartu zirelako tartean. Baina hiru minutu eskaseko aldea lortzearekin batera, elkarrekin ados jarri ezinik, zazpikotea hirukote bihurtu zen. Moinard, Bellotti eta Pineau geratu ziren aurrean, baina Altuben gora tropelean izandako zalapartak utzi zuen ezerezean euren lana. Lampre eta Rabobank lanean ari ziren ordurako, Gavazzi eta Freire buruan zituztela.
Hori bai, Altuben gora, espero baino zalaparta handiagoa izan zen tropelean. Tejay Van Garderenek (Highroad), Aleksandr Kolobnevek (Katuxa) eta Kevin Seeldraeyersek (Quick Step) ahalegin serioa egin zuten bertan, eta 10-15 segundoko aldetxoa ere lortu zuten. Baina santuak santutegira begira egoten dira gehienetan. Eta tropeleko santua ere halaxe zegoen. Bezperan Azpirotzen egin bezala, Oroko santutegira bidean Fabio Duartek (Geox) piztu zuen sua. Baina erre egin zen gero, Ryder Hesjedalen moduan(Garmin-Cervelo). Helmugara iristeko hiru kilometro eskas falta zirenean jo zuen erasoa Vinokurovek, eta bakar-bakarrik gai izan zen tropelari hordagoa jotzeko. Beste behin ere. Zortzi segundoko aldearekin sartu zen helmugan. Gozatuz. Gozaraziz. Denak harrituz. Etapako hamargarren postuari esker, berriz, Joaquim Rodriguezek (Katuxa) liderraren maillota berreskuratu zuen.
Erretiroen eguna
Herenegun etapa amaitu zutenen artetik hiru ez ziren abiatu atzo: Craig Lewis (Highroad), Francesco Balloni (Lampre) eta Oscar Pujol (Omega Pharma-Lotto). Albistea, ordea, 55. kilometroan sortu zen, Ivan Bassok (Liquigas) etxerako bidea hartu zuenean —Mauro Finetti haren taldekidea ere erretiratu egin zen—. Tirreno Adriatikoan eta Kataluniako Voltan ez zen nahi bezala ibili, eta Euskal Herrian ere ez zebilen santu-santu. Italiako Giroa gerturatzen ari dela ikusita, geratzea erabaki du. Txirrindularia «penatuta» zegoen. «Baina geratu beharra daukat», aitortu zuen. Kilometro gutxi geroago Danilo Di Luca (Katuxa) erretiratu zen, liderraren konfiantzazko taldekidea.
Euskal Herriko Itzulia. Hirugarren etaparen kronika
Harritzea da harrigarriena
Aleksandr Vinokurovek irabazi du Itzuliko hirugarren etapa, Zuian, Oroko santutegira bidean erasoa jo eta bakarrik helmugaratutaEtapako hamargarren postuari esker, Joaquim Rodriguez jarri da berriz ere lider
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu