Harro, lehen bezala orain

Athletic eta Alaves aurrez aurre izango dira gaur, San Mamesen (21:00, Movistar), eta derbiari samurtasunez begiratu dio Borja Viguerak. Bi taldeek utzi zioten arrastoa, eta haien ibilia gozagarri zaio orain. Xeheki aztertu ditu bakoitzaren ezaugarriak.

Alaveseko eta Athleticeko jokalariak, nor baino gehiago, lehen itzuliko partidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Alaveseko eta Athleticeko jokalariak, nor baino gehiago, lehen itzuliko partidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
enaut agirrebengoa
2024ko martxoaren 16a
05:00
Entzun

Asko dira beren ibilbidean zehar Athleticen eta Alavesen elastikoak jantzi dituzten jokalariak. Horietako bat da Borja Viguera (Logroño, Espainia, 1987). Alavesen bi denboraldiz aritu zen, 2012a eta 2014a bitarte, eta Athleticera joan zen jarraian. 2017ra arte jokatu zuen han. Oroimenean ondo gordeak ditu bi taldeetan igarotako urteak, eta oroimin apur batez gogoratu ditu. Baita bizipozez ere. Futbolari bezala, Gasteizen jo zuen goia. «Han ikusi zen nire bertsiorik onena. Jendeak asko gozatu zuen nirekin, eta oso maitatua sentitzen naiz hara joaten naizen aldiro». Athleticek, berriz, «ametsak egia bihurtzeko aukera» eman zion. «Superkopa irabazi genuen, eta Europa Ligako eta Kopako finala jokatu. Lehenago, halako gauzak pentsaezinak ziren niretzat. Egia da ez nuela nahi beste jokatu, baina esperientzia zoragarria izan zen. Asko ikasi nuen Lezaman».

Gaur egun, oso gertutik erreparatzen dio bi taldeen jardunari, eta «ikusmin handia» dauka gaur gauean San Mamesen jokatuko den derbiari begira. Biak osatzen ari diren denboraldia goraipatu du, eta «espero baino hobeto» dabiltzala nabarmendu. «Txundigarria da nola ari den lehiatzen Athletic, bai Ligan eta bai Kopan. Oso sendoa da, eta gainetik igarotzen zaizu gutxien espero duzunean. Eta Alaves egiten ari denak ere meritu itzela dauka. Igo berria izan arren, ematen du sufritu gabe eutsiko diola mailari». Athletic «erakustaldi latzak» ari da egiten San Mamesen, eta abantaila izan dezake alde horretatik. Alaves, ordea, hezur gogorra da bisitari gisa. «Etxetik kanpo ematen ari den mailak harritu nau gehien. Lehen, Mendizorrotza gabe ez zen ezer, baina, orain, edonon lehiatzen da ongi».

Ernesto Valverde ondo ezagutzen du Viguerak. Haren esanetara aritu zen zuri-gorriz jantzita. Laudoriozko hitzak besterik ez du harentzat. «Multzoa kudeatzen maisua da, eta sasoi honetan pieza guztiak bere tokian jarri ditu». Sakonki aztertu du Athleticen jarduna, atzeko lerrotik hasita. «Ematen zuen mundua bukatu behar zela Iñigo Martinez joan zenean, baina iaz Vivian agertu zen, eta aurten, berriz, Paredes. Eta Yeray ezer gertatu izan ez balitz bezala itzuli da lesiotik». Erdilarien artean, berriz, liluratuta dauka Iñigo Ruiz de Galarretak. «Guztiz erabakigarria izan da Galaxyren fitxaketa. Jokoa, partiden kontrola eta intentsitatea irabazi ditu taldeak». Erasoan, katerik gabe ikusten du taldea. «Sancetek oso modu naturalean jartzen ditu korrika Williams anaiak. Guruzetak sortzen dituen espazioak baliatzen dituzte haiek. Engranaje bikaina da».

«Nire garaiko Athletic ez zen gaur egungoa bezain ikusgarria, baina sendoagoak ginen. Alaves, berriz, ikaragarri hazi da zentzu guztietan»BORJA VIGUERA Athletic eta Alaveseko jokalari ohia

Ez da batere erraza Athleticen aurrelari izatea. Hori ondo daki Viguerak. «Ni Adurizen itzalpean egon nintzen. Eta, gero, hutsune handia utzi zuen hark». Harik eta Guruzeta loratu den arte. «Konfiantza hartu du golak sartu ahala. Taldea jokarazi egiten du, baina aurrelariek golak behar dituzte. Eta Gorka oso fin dabil; baita Iñaki [Williams] ere». Historia egiteko bidean dago gaur egungo Athletic. Vigueraren garaiko taldea baino hobea al da? «Guk bestelako jokamoldea genuen. Hegaletan Williams anaiak edukita, zuzenagoa izan behar duzu. Bestelako ezaugarriak genituen guk. Batez ere, oso fidagarriak ginela esango nizuke. Gure jokoa, beharbada, ez zen horren ikusgarria, baina are sendoagoak ginen talde bezala».

Aholku bat Samurentzat

Eta nolakoa da Luis Garcia Plazaren Alaves, hitz bakarrean? «Lehiakorra», erantzun du Viguerak. Halaber, goretsi egin du taldearen «estilo alaia». «Baloia nahi du, jokalari trebeak baititu zelai erdian. Baina espazioekin ere min handia egiten du, Samuren abiadura baliatuz. Oso talde dibertigarria da».

Pozarren dago aurrelari gaztearen jardunarekin. Aldaketa asko izan du hilabete gutxian, baina azkar egokitu da, eta asko hazi. «Guztiz erabakigarria da gaur egun. Gaitasun fisiko ikaragarriak ditu. Geldiezina da korrika egiteko aukera duenean». Bederatzi gol egin ditu, eta gehiago izango ziren ate aurrean trebeago aritu izan balitz. «Arrapaladan jokatzen du, eta zaila da bat-batean erreboluzioak jaistea». Alavesen 47 gol sartu zituen Viguerak. Zer aholku emango lioke Samuri? «Batez ere, lasai egon dadila. Aukerak edukitzea da zailena futbolean, eta berak hiruzpalau izaten ditu partidako, nik lau bat partidatan izaten nuen adina».

Athleticek erritmo handiko partida proposatuko du, etxean egin ohi duen bezala. Alaves itotzen saiatuko da. Arabarrek, berriz, kontraerasoetan min egin nahiko dute. «Testuinguru ona izango da Samurentzat. Atzelariek kate motzean lotuko dute, baina, hala ere, gai da arriskua sortzeko. Partida bizia eta polita espero dut». Viguerarentzat «oso pozgarria» da Alaves halako neurketa handiak jokatzen ikustea. Gauzak asko aldatu dira hark Gasteizen jokatu zuenetik. «Taldea Bigarren B Mailan zegoen ni iritsi nintzenean. Igo egin ginen gero, eta salbazio agonikoa lortu genuen Jaenen. Kluba ikaragarri hazi da ordutik, eta Mendizorrotzako giroa askoz hobea da orain».

Realari buruz ere derrigor galdetu behar zaio Viguerari. Zubietan zaildu zen futbolari gisa, eta bertan egiten du lan gaur egun. Nahigabea eragin diote gizonezkoen taldeak hartutako azken kolpeek. «Kopakoa izan zen gogorrena. Lan aparta aritu da egiten, baina oso gogorra da hiru txapelketa jokatzea. Ea Liga ondo bukatu eta Europara itzultzen den». Euskal selekzioaren 16 urtez azpiko taldea zuzentzeko aukera izan du Viguerak, Beñat Etxebarriarekin batera. Gogotsu dago talde nagusiak datorren astean jokatuko duen partida ikusteko. «Sekulako albistea da selekzioaren itzulera. Gainera, San Mamesen jokatuko du, Marcelo Bielsaren Uruguairen kontra; oso polita izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.