Harrokeriaren mina

Olympiakosek inork espero ez zuena lortu du asteburuan, Euroliga irabazita. CSKA Mosku puztu egin zen finalean, hemeretzi punturen aldea lortuta, baina garesti ordaindu zuen bere handikeria.

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Zenbat aldiz entzun da kirola ez dela matematika? Elkarren aurka ari diren talde denek aukera berbera dutela, batzuk besteak baino hobeak izanda ere? Istanbulen jokatu berri den Euroligako Lauko Finalean gertatutakoa da horren adibiderik onena. Freskoena, behintzat. Olympiakosek Lauko Finala irabazi zion 61-62 CSKAri, txapelketa atarian haren alde inork txakur txikirik ematen ez bazuen ere. Ez sinesteko moduko balentria egin du, finalerdietan Bartzelona eta finalean Moskuko CSKA menderatu baititu. Zalantza izpirik gabe, Europako talde boteretsuenak begiratzen zaion tokitik begiratuta ere.

Bartzelona eta CSKA zer demontre gertatu den hausnartzen ariko dira oraindik, baina Olympiakos ere bai, txapela irabazi duen modua oso berezia izan baita. Greziarrak, ordea, pozez zoratzen egongo dira, espero ez zuten arrakastarekin gozatzen, zergatiari garrantzi handirik eman gabe. Bartzelona eta CSKA, aldiz, buruko min handiarekin egongo dira luze, Lauko Finala urtean behin jokatzen delako eta kale egitea debekatuta dagoelako. 36 ordu pasatu dira Printezisek azken segundoan saskiratze erabakigarria gauzatu zuenetik, baina, oraindik orain, zaila da CSKAk finala nola galdu zuen azaltzea. Modu sinesgarrian, behintzat.

28. minutuan hemeretzi punturen alde ederra zeukatelako. 53-34 aurreratu ziren errusiarrak, eta hainbeste izar eta hainbeste eskarmentuko taldeak ezin du final bat harrikara bota, bota zuen moduan. Azken hamabi minutu horietan gertatu zenak harrokeriarekin, berekoikeriarekin du zerikusia. CSKAk egin beharreko guztia eginda zeukala pentsatu zuen, eta haren lemazaina jokalari onenaren saria lortzeko borrokan murgildu zen, taldea amildegira eramanda. Milos Teodosic jokalari aparta da, baina oso berezia. Partida hautsi zuen bigarren laurdenean, hiru hiruko saskiratuta, baina finala oparitu zien taldekide ohiak izandakoei, egindako opariekin: emandako baloiak, gidaritza falta, Spanoulisen gaineko zaintza kaskarra…

Muturreko galanta hartu zuen CSKAk, baina merezita. Aurkaria gutxietsi zuen, nagusi sentitu zen, eta finala jolas baten moduan hartu zuen, galtzea ezinezkoa zela pentsatuta. Zer zuten aurrean, bada? Spanoulis, eta kito. Pero Anticen puntu batzuk eta ezustean agertu zen jokalari gazte bat: Kostas Papanikolau. Hiru jokalari Armada Gorriaren aurka! Ezinezkoa. Harrokeriaren mina. Hirukote horrek, ordea, fedea zeukan, eta fede horrekin kutsatu zituzten taldekideak. Dusan Ivkovic entrenatzaileak gidatuta, noski. Zakur zaharra da Ivkovic. 68 urterekin denetarik bizi izan du saskibaloian, eta zintzo onartu zuen partida bukaeran ez zutela, inondik inora, titulua lortzea espero: «Siskauskas jokalari aparta da, baina bi jaurtiketa libreak huts egin ditu, eta azken jokaldia ikaragarria izan da. Finalak hartu zuen norabidea ikusita, azken bederatzi segundo horietan garaipena lortzeko gai ginela sentitu nuen, eta hala izan da».

Diru zorroa eta harrobia

Olympiakos Europako talde onenen olinpora igo da bigarren Lauko Finala irabazita. 1997an irabazi zuen lehenengoa, duela hamabost urte luze, eta beti geratu da Panathinaikos handiaren itzalean, Zelko Obradovic aztiaren diktadurapean. Grezian bertan, eta Europan. Ezagunak dira Pireoko taldeak egindako inbertsio ekonomiko itzelak. Porroten zakuan pilatzen joan dira, bata bestearen atzetik. Joan den sasoikoa, azkena, Linas Kleiza eta Josh Childress buru zituela. Milioiak, elitera bueltatzeko, alfer-alferrik.

Angelopoulos anaiek, taldeko jabeek, bale esan zuten arte. Diru zorroa astintzen jarraitu zuten, baina ez iraganean bezala, batere ardurarik gabe. Ezagutzen zutena fitxatu zuten, Vassilis Spanoulis, eta haren inguruan eraiki taldea. Giorgios Printezis fitxatu zuten bueltan, harrobiko mutila, eta Kostas Papanikolau gazteari trebatzen joateko aukera eman. Pero Anticek borrokarako grina eman die saskipean, eta Joey Dorsey fitxatuta, indartsu egin dira euren saskia zaintzen.

Zeharo harrituta egongo da Dorsey. Gasteizen diziplina arazo franko, entrenatzailearekin moldatzeko komeriak, eta hilabete gutxira Europako txapeldun. Zer esan Printezisi buruz? Unicajan dirutza irabazi zuen, baina kantxan ezer gutxi egin. Malagako klima beroarekin eta tentazioekin nahastu zela diote mingain gaiztoek. Urtebete geroago, bere taldeari txapela eman dion jaurtiketaren egilea izan da Printezis. Etxean bezala ez baita inon egoten. Arrakastaren giltza, ordea, Spanoulis izan da. Lauko Finaleko jokalari onena izendatu dute, baina, zenbakien gainetik, jokalariaren izaera nabarmendu behar da. Hark erabaki zuen zer egin azken jokaldian, eta buruz buruko jokaldia egin beharrean, asistentzia bat eman zion taldekideari. Teodosicek bestela egin zuen, bere distira lehenetsi, eta horregatik segitzen du umezurtz, titulurik irabazi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.