Athleticeko jokalariek begiz jota daukate Espainiako Kopa. Arrazoi asko dituzte zuri-gorrientzat horren berezia den lehiaketa denboraldiko lehentasun nagusia izateko. Lehena, zaleentzat oso garrantzitsua dela. Beti eskatu diote taldeari lehen partidatik serio hartzeko, hau da, ez direla Koparekin ilusionatzen taldeak aurrera egin ahala. Bigarrena, aurtengo trena pasatzen utzi ezin daitezkeen horietakoa dela. Lehiaketako talde on gehientsuenak beste adarrean ari dira. Zuri-gorri batek ez zuen hobeto egingo zozketa. Eta hirugarren arrazoia, duela urte biko finala dagoela aintzat hartu beharra. Familia zuri-gorri guztiak du gogoan Valentzian sortu zen giroa. Esperientzia ahaztezina izan zen.
Zaleen antzera, futbolariek ere berriz bizi gura dute final bat jokatzeak sortzen duen giroa. «Badakigu gauza eder baten atarian gaudela. Duela gutxi bizitzeko aukera izan genuen, eta oroitzen garenean oilo ipurdia jartzen zaigu. Baina, era berean, argi daukagu kanporaketa gaitza daukagula. Caparrosek oso ondo prestatzen ditu gisa honetako norgehiagokak», esan du asteon Javi Martinezek.
Athleticen mentalitate aldaketan dago giltza. Jokalariek uste dute aurrerapausoa emateko une egokia dela. «Talde gaztea daukagu, baina esperientzia dezentekoa. Talde irabazlea bihurtzen ari gara. Gauzak argi ditugu, eta behingoz lorpen handi bat eskuratzeko gogoa daukagu», aitortu zuen Iker Munianek BERRIAri emandako elkarrizketan. Jokalariek eguneroko lanean nabaritzen dutena ikusten dute zaleek ere. Aspaldian izan duen talderik lehiakorrenetakoa dela, alegia. Eta horregatik dago tituluren bat irabazteko aukera. Eta zerbait irabaztekotan, Kopa irabaz dezake.
Aurkariaren aulkian, Caparros
Finalera ailegatzeko aukera paregabea izateak ez du esan gura ez sailkatzea porrota izango litzatekeenik. Besteak beste, Athleticeko jokalariek duten iritzi bertsua izango dutelako Mallorcako jokalariek. Ezinezkoa al da ba Mallorcak Athletic kanporatzea? Ez. Ligako talde gehienen artean alde txikia dago, eta egun txar bat nahikoa da lehiatik kanpo geratzeko. Estatistikak alde ditu Mallorcak. Bi taldeak Kopan elkarren aurka lehiatu diren bi aldietan egin du aurrera. Baina, zorionez, futbolean ezer gutxirako balio du iraganean eginikoak. Sasoi honetan, ligan, bana berdindu zuten bi taldeek Ono Estadin. Baina, Bielsaren arabera, «orduan baino hobeto» dago Athletic.
Kopako final-laurdenek berez dute interesa. Baina Mallorcaren bisitak morboa emango dio kanporaketari, Athletic utzi zuenetik lehen aldiz eseriko baita aurkariaren aulkian Joaquin Caparros. Entrenatzaile espainiarrak lau denboraldi egin zituen Bilbon. Lan ona egin zuen —Bielsak ere nabarmendu zuen haren lana atzo—, eta pentsatzekoa da ikusleek ondo hartuko duela. Txaloak merezi ditu. «Luxua da horrelako zelai handi batean Kopako neurketa bat jokatzea», adierazi zuen atzo Caparrosek.
Argia da Caparros. Esker oneko hitzak eta loreak izan ditu Athleticentzat. Baina behin neurketa hasten denean alde batera utziko ditu sentimenduak. Hala behar du, gainera. Eta jakinekoa da zakur zaharra dela Caparros. Bere esku dituen arma guztiak, trikimailu guztiak erabiliko ditu irabazteko. Futbolean ondo jokatzen ahalegintzeaz gain, denbora galtzen, aurkaria nahasten…
Aurrean izango duen Athleticek, berriz, gutxi du berak utzi zuenetik. Bielsak eskatzen duen jokabidea kontrakoa baita. Neurketak futbolean jokatuta irabazi behar direla eskatzen du. Ez du onartzen denbora galtzerik, ez eta antzeko konturik ere. Eta, kirola ulertzeko erak ezberdinak izateaz gain, futbolean jokatzeko proposamenek ere ez dute antzik. Batak, Bielsaren Athleticek, lehen minututik estutu gurako du aurkaria. Golaren bila zelairatuko da hasieratik. Besteak, Caparrosen Mallorca, ez galtzera zelairatuko da. Eta gero irabazteko aukera baldin badauka, ba, aprobetxatu egingo du.
Joko aldetik azken hilabete bietako krisia gainditu eta bide onera bueltatzen ari da Athletic. Azken bi neurketetan zazpi gol sartu ditu. Beraz, hasi da berriz ere asmatzen. Gainera, azken lau neurketetan ez diote golik sartu. Beraz, Bielsak ez du aldaketarik egingo. Ez dago aldatzeko arrazoirik.
Hartu beharreko trena
Athleticentzat, lehentasuna du Espainiako Kopak, jokalariek barneratua baitute finalera ailegatzeko aukera paregabea dutelaJoaquin Caparrosek lehen aldiz bisitatuko du San Mames taldea utzi zuenetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu