Realak atzo aurkeztu zuen ondo bidean «klubaren bideragarritasunaren gakoa» izango dena: hartzekodunen hitzarmena. Jokin Aperribai presidenteak eta Jose Luis Martinez lege aholkulariak jakinarazi zutenez, Pedro Jose Malagon epaileak astelehenean tramiterako onartu zuen klubak aurkeztutako hitzarmena. Administratzaileek proposamen horren gaineko txostena egingo dute, eta ondoren hartzekodunek urriaren hasieratik abenduaren 2ra bitarteko epea izango dute, ados dauden edo ez eta nolako formula aukeratzen duten adierazteko. Epailearen erabakia eta alegazioetarako epea etorriko lirateke gero. Hortaz, Konkurtso Legetik at egon daiteke Reala laster.
Administratzaileen menpe egoteari utziko lioke orduan, baina horrek ez du esan nahi inolaz ere arazoak kolpetik desagertuko direnik. Dauzkan zorrak ordaintzen jarraitu beharko luke, eta lau kidek eratutako zaintza batzorde bat sortuko litzateke prozesu luze hori jarraitzeko, botererik gabekoa, hori bai. Une honetan 37 milioi euroko zor konkurtsala du. Kopuru hori ekaineko prentsaurrekoan eman zutena baino 11,6 milioi euro handiagoa da, eta, Aperribaik atzo azaldu zuenez, Espainako Ligako klubetan egin ohi den PFEZaren deklarazioaren egokitzapenari dagokio. BEZaren afera ere erabakitzeke dago, eta kasurik okerrenean, beste 4,3 milioi euro ordaindu beharko lizkioke Realak Ogasunari.
37 milioi euro horietatik, 19,2 milioi euro hartzekodun pribilegiatuei dagozkie, 12,9 milioi euro ohikoei, eta 4,9 milioi euro menpekoei. Ohikoak dira hitzarmena bozkatuko dutenak, hain justu. Hiru aukera emango zaizkie. Bata, zorraren erdia kitatu eta gainerakoa bost urtean ordaintzea. Lehen bi urteetan ez lukete ezer jasoko, baldin eta taldea Lehen Mailara igotzen ez bada. Bestea, zorraren %40 kitatu, eta gainerakoa partaidetza mailegu bilakatzea da. Era horretan, klubak jokalarien edo higiezinen salmentaren edo bestelako ezohiko diru sarreren bitartez lortutakoaren portzentaje bat jasoko lukete. Publizitate kontratuen bitartez ordaintzeko aukera ere badago. Partaidetza maileguena enpresa munduan azken urteetan ohiko bihurtu den formula da, eta zorra ondare bihurtzeko abantaila dauka.
Hirugarren aukeran, ez da zorrik kitatzen, eta %100 maileguen bidez jasotzen dute hartzekodunek, baina lehen hiru urteetan ez dute ezer kobratzen, eta aurreko aukera hautatu dutenek kobratu ondoren, betiere. Foru Aldundiari (20 milioi euro), Kutxari (sei milioi euro) eta Espainiako Futbol Ligari (bost milioi euro) zor die Realak diru gehien. Aperribaik adierazi zuenez, hiru aukerak haiekin eta beste zenbait hartzekodunekin bildu ondoren ezarri dituzte: «Haien iradokizunak hartu ditugu kontuan, eta esan beharra dago ulertu egin dutela». Legez, ohiko hartzekodunei zor zaizkien 12,9 milioi euroetatik 6,5 milioi euroren babesa baino ez luke behar klubak hitzarmena aurrera ateratzeko. Hala ere, «guztiena nahi eta behar» dutela azpimarratu zuen presidenteak etengabe.
Atzo entzundakoaren arabera, prozesua ondo lotuta daukatela ondoriozta daiteke. Epaileak, gainera, hitzarmena legezkotzat jotzeaz gain, «Realak Gipuzkoako gizartean eta ekonomian duen pisua» nabarmendu duela esan zuen Martinez. Baikortasunari, baina, mugak jarri behar zaizkio, akordioa lortuta ere zorrak dezente baldintzatuko duelako Realaren etorkizuna luzaroan, kontrolpean egon ez arren. Baina hauturik ez dago: hori, edo desagertu. Azkenik, langile batzordearekin akordioa lortu ondoren lan espedientea ere abian dela jakinarazi zuten. 34 langileri eragingo die, 560.000 euroko kostuarekin. Urtean 630.000 euro aurreztuko ditu.
Hartzekodunek zorraren erdia barkatzea nahi du Aperribaik
Epaileak tramiterako onartu du proposamena, eta laster hasiko da hartzekodunekin ados jartzeko epea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu