Hasi aurretik, presioa

Garaipen batekin ekin nahi dio Osasunak, denboraldi-aurreko lan eskasak sortutako kezkak uxatzeko

Asier Legarda-Iruñea
Iruñea
2010eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Denboraldi-aurrean itxura kaskarra eman du Osasunak. Jose Antonio Camachok zuzendutako taldeak ez du joko onik erakutsi, eta zortzi norgehiagoketan bost porrot bildu ditu, bi partida berdindu, eta garaipen bakarra. Itxura onik ez du eman taldeak, eta zaleak ohi baino ezkorrago daude lehen partida ofizialaren atarian. Almeriaren aurka denboraldiko lehen hiru puntuak batu eta taldearen inguruko ezkortasuna baikortasun bilakatu nahi dute nafarrek. Denboraldi-aurreko lagunartekoek lehiaketa ofizialarekin zerikusirik ez dutela erakusteko ordua iritsi zaio Osasunari.

Lehiaketa hasi aurretik zalantza ugari eragiten ditu Iruñeko taldeak, eta Juanma Lillok entrenatutako Almeria mendean hartzea komeni zaio zalantzak uxatzen hasteko. Kritikak behar baino lehenago iritsi direla onartu beharra dago, dena dela. Futbola erotuta dabil aspaldian, eta lehiatzen hasi aurretik talde baten inguruan halako urduritasuna sumatzea ez da normala. «Lehiaketa ez da hasi, ez dut ulertzen zergatik diozuen Almeriari irabazteak zenbait aho ixteko balioko duela. Partida asko ditugu aurretik, eta lasaitasun handiarekin aritzea komeni da. Almeriari irabaziz gero, Txapeldunen Ligarako moduan gaudela esango dute, eta galduz gero hondamendia izango da batzuentzat, baina gauza hauek ez ditut ulertzen nik», esan zuen atzo Camachok, kazetari batek Almeriaren aurkako partidari behar baino garrantzi handiagoa ematen ziola ikusita. Entrenatzaile espainiarrak ez du ulertzen lehendabiziko partidatik halako presioa izatea.

Camachok hala nahi ez badu ere, denboraldi-aurreko partidetako joko mailak ez du inor gustura utzi Iruñean, dena dela, eta aurkariek ere badakite hori: «Lehendabiziko minutuetan jokoan gailenduz gero, denboraldi-aurreko partidak gogoratu ahal dituzte Osasunako jokalariek, eta horrek mesede egin ahal digu», esan du Lillok partidaren atariko prentsaurrekoan. Almeriako entrenatzaile tolosarrarentzat ere sasoiko lehen partida da, baina gorritxoek udan lortutako emaitza kaskarrak ikusita, nafarrak estutzeko aukera ez du alferrik galdu Lillok.

Hargatik, Osasunako jokalarien esku dago azkarregi iritsi zalantzak eta susmo txarrak uxatzeko aukera. Datorren asteburuko atsedenaldiaren ondotik etxetik kanpo bi partida zail jokatuko ditu Osasunak jarraian: Real Madrilen zelaian lehendabizi, eta Mallorcaren estadioan gero. Hilabete barru inguruan giro gaiztoa izan nahi ez badute, gaur arratsaldeko aukera ezin dute alferrik galdu gorritxoek.

Sasoi berrirako bost jokalari fitxatu ditu Osasunak, eta lehendabiziko partidarako deialdian bost horietatik lau sartu ditu Camachok. Azken fitxatua, Lolo, deialditik at utzi zuen atzo nafarren entrenatzaileak, Sevillatik fitxatutako jokalariak oraindik Iruñean oso denbora gutxi egin duela argudiatuz. Soriano euskarria eta Damia hegalekoa deialdian egoteaz gain, gorritxoen hasierako hamaikakoan ere izango dira. Eta Asier Riesgo atezainak eta Dejan Lekic aurrelariak ordezkoen aulkian hasiko dute norgehiagoka.

Camachoren eskaeren ondorioz, atzo, eskuin hegaleko atzelari bat fitxatzeko ahaleginetan ari zen Osasuna. Sampdoria taldeko Marius Stankevicius eta Blackburn Roverseko Lars Jacobsen jokalariak asko aipatu dira azken egunetan, baina azken zurrumurruen arabera, Betiseko Nelson atzelari portugaldarra da Camachoren azken eskakizuna. 2008an Benficatik fitxatu zuen Betisek sei milioi euroren truke, baina Betisek Bigarren Mailan jarraitzen du, eta, arazo ekonomiko larriak dituenez, Sevillako taldeak jokalaria beste talderen bati utzi nahi dio, haren soldata aurrezteko. Camachok ondo ezagutzen du jatorri afrikarreko jokalaria -Cabo Verden jaiotakoa da-, bere aginduetara izan baitzuen Benfican. Azken bi sasoietan Betisen eskuin hegalean aritutako bi jokalariak fitxatu ditzake Osasunak, Damiarenaren ostean Nelsonen etorrera ere baieztatzen bada. Kataluniarra hasieratik ariko da gaur eskuin hegaleko atzelari lanetan, Oier Sanjurjoren kaltetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.