Hasi da borroka

Joaquin Caparrosek jokalari guztiak sartu ditu deialdian, eta ez du argibiderik eman gaurko hasierako hamaikakoaren inguruan

haritz gallastegi
Bilbo
2009ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Athleticek eta Sevillak gaur jokatuko duten Espainiako Ligako neurketak ez du zerikusik izango asteazkenean Kopan jokatuko dutenarekin. «Futbolean partida guztiak dira ezberdinak», esan zuen atzo Joaquin Caparros Athleticeko entrenatzaileak. Ez zaio arrazoirik falta. Lehiaketa berbera, jokalari berberak eta zelai bera izanda ere, ezberdinak izaten dira neurketa guztiak. Eskerrak, gainera. Baina are eta nabarmenagoa izaten da hori lehiaketa, jokalari eta helburu ezberdinarekin jokatzen diren partidetan. Gaur eta asteazkenean Athletic eta Sevilla ariko dira San Mamesen. Baina ez jokalariak, ez presioa, ez eta zale eta protagonisten grina ere ez dira berberak izango.

Gaurko neurketa Kopakoaren atarikoa baino ez da izango. Borroka psikologikoaren beste atal bat. Caparros atzo hasi zen zelaitik kanpoko norgehiagoka jokatzen. Jokatzeko moduan dauden jokalari guztiak deitu zituen gaurko neurketarako -gaur goizean emango du hemezortziko zerrenda-. Ez dio aurkariari argibiderik eman gura. Aurkariak egiten duenaren arabera hartuko ditu erabakiak. Hala ere, argi dago zenbait jokalarik atseden hartuko dutela: Iraolak, Ociok, Koikilik eta Yestek -zigortuta dago-, besteak beste, ez dute jokatuko. Euren lekuan ohikoak ez direnak ariko dira. Ustaritzek, Balentziagak, Etxeitak eta enparauek beste aukera bat izango dute.

Aspaldiko ikusminik handiena

Era berean, baliteke Caparrosek gaurko partida aukeratzea beheko mailetan nabarmentzen ari diren futbolariak saritzeko. Iturraspe, Adrien Goñi eta Unai Medina deialdian daude. Abadiñarrak badaki zer den nagusiekin jokatzea. Entrenatzailearen gustuko jokalaria da. Goñi nafarrak eta Medina bilbotarrak ez dute debutatzeko zorterik izan. Goñik euskarrian eta erdilari aurreratu gisa jokatzen du, eta Medina eskuin hegalekoa da. Denboraldia gaztetxoekin hasi zuen, baina dagoeneko Baskonian ari da, Hirugarren Mailan. Ez zen harritzekoa izango bietako batek edo biek jokatzea.

Logikoa da Caparrosek hartutako erabakia. Athletic sailkapenaren erdian dago. UEFA Kopako postuak oso urrun ikusten ditu, eta jaitsieratik dezente urrundu da azken hiru hilabeteetan -hala ere, datorren hilean Ligako lau onenen aurka jokatu beharko duela kontuan hartuta, lau jardunaldi barru larriago egotea izango litzateke normalena-. Baina apustua garbia da. Oraina Kopa da. Athleticen inguruan aspaldi ez da egon egun dagoen ilusiorik. Duela lau urte Betisen aurka jokatu zuen finalerdian ere ez. Beharbada, finalerako txartela eskuratzea orduan baino gaitzagoa izan daitekeelako egongo da horren motibatuta zalea. Beharbada, orduan emaitza onak ohikoak zirelako egongo zen berotasun gutxiago. Kontua da Bilbok eta Bizkai guztiak bat egin dutela Athletici indarra emateko. Bilboko dendariek, tabernariek, museoek... hainbat ekitaldi egingo dituzte Athletic plazara ekimenaren barruan. Bilbo zuri-gorriz jantziko da egunotan. Eta Caparros inor baino argiagoa da olatua aprobetxatzeko orduan. «Athletic barrutik ezagutu ostean espero nuen txarteldegian gertatu zena. Ikaragarria da jarraitzaileen fideltasuna: alderdi politikoz alda daiteke, sexua ere alda daiteke... baina futbol taldez ez da aldatzen», adierazi zuen atzo teknikari zuri-gorriak.

Izango al du eraginik gaurko emaitzak borroka psikologikoan? Bi irakurketa egingo dira. Neurketa irabazten duenak bidea aurkitu duela esango du. Ligan hiru puntu gehiago izateaz gain, adore handiagoa izango du. Galtzen duenak, berriz, Ligakoak ez duela ezertarako balio aipatuko du. Kopakoa dela garrantzitsuena, alegia. Eta ez zaio arrazoirik faltako. Bi taldeak bigarren partidari begira daudelako. Nolanahi ere, Sevillak gaur jakingo du zer den San Mames bero-bero egotea. Azken denboraldiotan konpromiso handiko neurketa asko jokatutako taldea izan arren, asteon jokatu beharreko partidetan giro beroenetan beroenetakoa izango da. Bereziak direlako Katedralean iluntzean jokatzen diren norgehiagokak. Baina zaleen laguntzarekin bakarrik ezin da irabazi. Athleticek ondo jokatu beharko du. Orain arte Ligako bigarren itzulian jokatu dituen partidetan baino askoz hobeto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.