Hasi orduko, atzera

Raikkonenek motorra hautsi du laugarren aldiz, eta hamar postu galduko ditu irteeran

Laurentzi Garmendia
2005eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Fernando Alonsok Brasilen Munduko Txapelketa irabazi ez balu, McLarenek ez lioke traba askorik jarriko espainiarrari txapela Japonian irabazteko. Izan ere, atzoko saioan Kimi Raikkonenen motorrak huts egin zuen, zortzi itzuli soilik zeramatzala. Ondorioz, urte honetan laugarrenez, hamar postuko zigorra jasoko du. Gidariek gustukoenen artean dute Suzukako zirkuitua, eta hantxe jokatuko da bihar Japoniako Sari Nagusia.

Azken bi asteotan Alonsoren tituluaren efektua baretu egin da, eta, guztion onerako, bihar goizean motorrek izango dute berriro protagonismo osoa. Egunotan gidarien txapelketa itzalean utzi duten zenbait gertakizun jazo dira, batzuk nahitaez aipatu beharrekoak. Haien artean, Japoniako taldeak ageri dira beti, bai Honda dela, bai Toyota dela.Lehenak BAR taldea bere osotasunean erosiko duela adierazi du, logikoa dirudien mugimendua gauzatuz. Hondak parte-hartze handia zuen BAR taldean %45 eta taldearen beste zatiaren jabea British American Tobacco izanik, tabako legeak zaildu egiten zuen haren jarraipena. Horrez gain, Hondak jarrera ausarta erakutsi du azken urteotan 1 Formularekiko.Japoniak historian izan duen gidari garrantzitsuena, Takuma Sato, taldetik kanpo utzi dute hurrengo urterako, ordea. Horrek Japonian erreakzio sorta ekarri du, eta Honda izutu egin da, izan dezakeen efektu negatiboa dela eta. Satori ia egun batetik bestera jakinarazi zioten ez zutela taldean nahi, eta talde bila hasteko berandu egin zaio. Hondak horretarako konponbide miragarria asmatu du.Izan ere, hurrengo urtean bertan Hondak bigarren talde bat sar dezake 1 Formulan, gidari gazteagoak erabiliz. Hortxe egingo liokete tokia Satori, eta horrela, haserrealdia baretu. Baina egoeraz aprobetxatu nahi duena Toyota da, eta haren aurkari Hondaren gidaria eurentzat nahi dute, Jordan taldean korridezan. Toyotak, gainera, Michelin utzi eta Bridgestonerekin korrituko duela adierazi du erdi isilpean. Japoniako talde bat goma frantziarrekin korritzea gaizki ikusten zuten jabeek.

Renault, berriro itxaropentsu

Bi taldeok lan txukuna egin dute, eta Suzukan BAR-Hondak Renault du jomugan. Asmo handiegiak agian, baina Jenson Buttonek lasterketa apartak egin ditu. Renaultek aurrean eta atzean ditu, beraz, aurkariak. Atzekoa ondo zaindu beharko du, BARekin batera Ferrari ere kontuan hartzekoa baita, batez ere azkenaldiko hobekuntzekin. BARek, berriz, Super Honda motorra izango du, taldeak bereziki Suzukarako egindako motor indartsua.

Renaultek aurretik dituenak, berriz, ohikoak dira. Eta ohikoa da baita ere taldearen sendotasun eskasa. Dagoeneko gidarien txapelketan ezer gutxi galduko dute, baina autogileenari begira mesede kaskarra da motorra haustea. McLaren autogileen txapelketa buruan da, baina aldea bi puntukoa besterik ez da. Horrek Renaulti arnasa ematen dio, baldintza normaletan aldeak gora egin behar bailuke.Urteko lasterketa onena izan ohi da Japoniakoa, batez ere Suzuka zirkuituak duen izaeragatik. Helmuga aurretik dagoen txikanea munduko onenetakoa da, aurreratze ikusgarriak ikusteko. Raikkonenek han aurreratuko du seguruenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.