Hasi orduko, erabakita

Tony Martinek erakustaldia eman du Pekingo Tourreko bigarren etapan, eta eskura du garaipena

Julen Etxeberria.
Donostia
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Iaz hark irabazi zuen Pekingo Tourra, eta aurten, okerrik ezean, garaipena berrituko du. Tony Martinek (Omega Pharma-Quick Step) eskura du sasoiko World Tourreko azken proba bereganatzea. Zaila dirudi jokatzeko falta diren hiru etapetan inork alemaniarrak atzo bigarren etapa irabazita lortutako aldea ezerezean uztea. Ia minutu batera ditu aurkari guztiak. Gainera, Martinek atzo erakutsi zuen sasoiko iritsi dela azken lasterketara, eta azken orduko txakalaldirik ezean, bigarrenez jarraian igoko dela podiumeko koska gorenera Pekingo Tourrean.

Alemaniarrak indar erakustaldia eman zuen atzo. Onenekin iritsi zen azken mendateko gainera, eta behin hura zeharkatuta, eraso gogorra jo zuen jaitsieran. 26 kilometro falta ziren oraindik helmugarako, puska handia. Atzekoak antolatuz gero, zaila izango zuen irabaztea. Baina atzekoak ez ziren ondo antolatu. Bakoitza bere kasa aritu zen, eta Martinek ezin hobeto baliatu zuen aldea handitzeko. Helmugan 46 segundo atera zizkion zazpi txirrindulariz osatutako taldetxo bati. Francesco Gavazzi (Astana), Eros Capecchi (Liquigas), Rinaldo Nocentini (Ag2r), Tomasz Marczynski (Vacansoleil), Daniel Martin (Garmin), Tom Jelte Slagter (Rabobank) eta Rafal Majka (Saxo Bank) zeuden bertan. Haien atzetik iritsi zen tropela. Berriz ere Iban Belasko (Euskaltel-Euskadi) izan zen onena euskal txirrindularien artean, 18. postuan helmugaratuta. Haren ondoan iritsi zen Samuel Sanchez taldekidea. Euskaltel-Euskadi txukun aritu zen. Erritmo bizia jarri zuen lehen mendatean, baina gero lana errematatzea falta izan zitzaion. Gaur izango du beste aukera bat horretarako, hirugarren etapan, Badalingen, Txinako Harresiaren oinetan. Samuel Sanchezi oroitzapen bikainak etorriko zaizkio burura. 2008koa errepikatzen saiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.