Hirugarren jardunaldirako premia, final, garrantzitsu eta antzeko berbak erabiltzen direnean kezka sortzen da. Kezka, futbola erotu egin dela dirudielako. Nola da posible 36 partida falta direnean larrituta egotea? Hala pentsatzen duenak ez dauka arrazoi faltarik, denbora asko baitago egoerari buelta emateko, ia hamar hilabete luze irauten duen lehiaketa batean ezin da-eta hirugarren asterako izututa egon. Pazientzia behar da futbolean, eta gutxi dago. Jarraitzaile gehien duen kirolean ez dago lasaitzerik. Horren berri badakite talde guztietako ordezkariek. Bai haiek eta bai ingurukoek ere porrotak nola hartzen dituzten ondo baino hobeto dakitenez, hartu beharreko neurri guztiak baliatzen ahalegintzen dira egoera larregi gaiztotu aurretik. Eta futbolari ondo erreparatzen dionak jakingo du honezkero presio handia izaten dela etxean bi partida jokatu eta lehen hiru jardunaldietan garaipenik lortzen ez duen taldearen inguruan. Zer esanik ez hirugarren norgehiagokaren ondoren liga gelditzen bada.
Egoera «gaitz» horretan egingo dio aurre Athleticek Valladolidi. Bizkaiko taldeak inoiz baino okerrago hasi du liga. Bi neurketatan bederatzi gol sartu dizkiote. Estatistika kezkagarriak dira. Defentsako lana Bigarren Mailara jaisteko hautagai nagusietako batena dela erakusten du horrek. Oraingo Athleticek gorengo mailan onartezinak diren erraztasunak ematen dizkio kontrarioari. Eta, nola ez, aurkariek baliatu egin dute. Defentsako lana hobetzea da Marcelo Bielsaren lehentasun nagusia. Horretarako, baloi gabeko lanean finago ari beharko da. Hau da, aurkariak daukanean arriskua sortzeko aukera hobeto kokatuago egon behar da.
Talde bat izan behar da. Jokalariak elkarrengandik gertu egon behar dira, hala aurrean dagoen taldeak zulorik aurki ez dezan. Erraza dirudi, baina kosta egiten da helburua lortzea. Bestalde, oldarkorrago izateko beharra ere badauka Bielsaren taldeak, jokaldi askotan gose falta ikusi baitzaio taldeari baloia berreskuratzeko ahaleginean. Hau da, iaz Athletic talde ezeroso eta arriskutsu egin zuten dohainak falta zaizkio aurtengoari. Gabezia horietan jokalarien mailak ere badauka zerikusia.
Oraingo Athleticen atzeko lerroan jokatzen duten lau futbolaritik hiru berriak dira. Eta, Bielsak kontrakoa esan arren, Gurpegik, San Josek eta Iñigo Perezek osatzen duen hirukoa ezin da alderatu Javi Martinez, Amorebieta eta Aurtenetxek osatzen zutenarekin. Alde handia dago.
Gaur Athleticen kontrako egoeran dagoen talde batek jokatuko du San Mamesen. Zuri-gorria konfiantza eta joko barik dagoen talde on bat da; Valladolid, berriz, hazita eta ilusioz gainezka dagoen talde apal moduan aurkez daiteke. Miroslav Djukicek zuzentzen duen taldea aurten itzuli da Lehen Mailara. Ez dauka izar handirik, baina talde moduan funtzionatzen ari dira. Iaz hartutako olatuaren indarra ari da aprobetxatzen. Orain arte jokatutako bi neurketak irabazi ditu. Beraz, ez du erraztasunik emango. Hortaz, Athleticek ondo egin beharko ditu gauzak. Eta, hala ere, une gaitz honetan San Mamesen bultzada ezinbestekoa izango da.
Hasi orduko, premian
Athleticek Valladolid garaitu beharra dauka gaur, San Mamesen, sasoi hasiera txarrari buelta ematen hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu