2001-02ko denboraldiaz geroztik, Bigarren Mailan aritu da Tenerife, eta Kanaria uharteetako taldearen zaleek aspaldiko partez Lehen Mailako norgehiagoka bat zuzenean ikusi ahal izango dute gaur arratsaldean Heliodoro Rodriguez Lopez futbol zelaian. Egoera horretan iritsiko da Jose Antonio Camachoren Osasuna Tenerifera. Argi dago etxekoak ilusio ikaragarriarekin zelairatuko direla. Etxean jokatu beharreko lehen partida irabazi egin nahi dute Tenerifekoek, eta Jose Luis Oltraren jokalariek badakite Osasuna ez dela izango Izarren Ligan hartuko duten aurkaririk gaiztoena. Iragan sasoian hainbeste sufritu ostean, ordea, Osasunakoek sasoi hasieratik indartsu aritzeko borondatea dute, eta lehen jardunaldian etxean Vila-realen aurka berdindu ostean, denboraldiko lehen garaipena lortu nahi dute gaur Tenerifen. Izan ere, Osasunako jokalariek ere badakite Tenerife ez dela izango liga honetan bisitatuko duten aurkaririk gaiztoena.
«Partida jokatu arte ez dago jakiterik. Talde igo berria da, eta ez dela aurkaririk gogorrena pentsa dezakegu. Baina egon seguru eurek ere gauza bera pentsatuko dutela gutaz, Bartzelona edo Real Madril ez garela eta aurkaririk gaiztoenak ere ez garela sinetsita zelairatuko dira», esan zuen atzo Jose Antonio Camacho Osasunako entrenatzaileak. Eta egia da. Ilusioz gainezka zelairatuko dira Tenerifeko jokalariak gaur, eta iragan sasoian Osasunak etxetik at egindako partidak ikusi badituzte, itxaropentsu egoteko arrazoirik ere badute. Denboraldi osoan bi partida besterik ez zituen irabazi Osasunak Nafarroako Erresumatik urrun: Vicente Calderonen eta Nou Campen.
«Etxean jokatu ala ez, beti aldatzen da zertxobait», zehaztu zuen atzo Camachok. «Baina lehen jardunaldian Vila-realen aurka etxean jokatutako partidan erakutsi genuen jokoaren oso antzekoa egiten saiatu behar dugu. Haiek zaleen babesa izango dute eta hori garrantzitsua izaten da, baina ez erabakigarria». Entrenatzaileak onartu zuen iragan sasoian puntu askok ihes egin zutela etxetik kanpoko partidetan. «Baina bigarren itzulian egin genuen bidetik jarraitzea gustatuko litzaidake».
Osasuna, «ilusioz gainezka»
Tenerifekoen ilusioa gaindiezina izango dela gogoratu ziotelarik, gainera, entrenatzaile espainiarrak argi utzi zuen Osasunakoek ere ilusio ikaragarriarekin zelairatu beharko luketela gaur Tenerifen: «Ilusioz gainezka egon beharko genuke, eta markagailuan aurrea hartzea erabakigarria izan daiteke». Tenerifeko entrenatzaileak Osasunarentzat hitz gozoak izan zituen herenegun, baina faboritorik ez dagoela azpimarratu zuen. Iragan sasoian Bigarren Mailako txapeldun izandako taldea izango dute aurrez aurre gorritxoek, eta, horren jakitun, begirune handia izan beharko diote Teneriferi. Iragan denboraldian negargarri aritu baziren ere, oraindik talde igo berriak baino talde sendoagoa dela erakutsi nahi dute Camachoren jokalariek.
Aste honetan Iruñean asko hitz egin da gaurko partidaren orduaz -Tenerifen 16:00etan jokatuko da lehia, Iruñean 17:00ak direla-. Partida jokatzeko telebistek erabakitako orduan, Tenerifen egundoko beroa eta hezetasuna jasan beharko dituzte jokalariek. Bi taldeetako jokalarien osasuna arriskuan egon daitekeela ere esan dute. Baina telebistek agintzen dute gaur egungo futbolean. Atzo Camachok ozen hitz egin zuen kontu horiek hizpide hartuta. Ez zuen erabat bat egin erabakiarekin: «Orduek malguagoak izan beharko lukete, batik bat bi taldeak ordua aldatzeko ados badaude. Ez dakit zein neurritaraino den garrantzitsuagoa telebistek erabakitzen dutena, azken finean bero handiak ikuskizunari kalte egiten baitio, eta baita ikuskizunaz gozatzera hurbiltzen diren ikusleei ere».
Hasierako hamaikakoari dagokionez, Carlos Arandak ez ditu gainditu aduktoretako arazoak eta Camachok aldaketa bat egin beharko du lehen jardunaldian hasieratik jarri zuen hamaikakoarekin alderatuta: Camuñas Arandaren ordez. Hain zuzen ere, Camuñasek eta Masudek izango dute Pandianiren osagarri lanak egiteko ardura nagusia, Juanfranen laguntzarekin. Bestalde, Portillo izan zen deialdiko berritasun nagusia. Udan kluba uzteko gonbita egin zioten aurrelari espainiarrari, baina jasotako eskaintzak ez ziren bere gustukoak izan, eta Iruñean jarraitzea erabaki zuen Portillok. Ondo ari da lanean entrenamenduetan, eta Arandaren lesioak taldeko ateak zabal diezazkioke. Portillok ordezkoen aulkian hasiko du gaurko lehia, baina Camachok atzo onartu egin zuen «taldeko beste edozein jokalarik bezainbeste aukera» dituela Portillok Osasunan.
Hasiberriaren ilusioaren aurka
Zazpi urte eta erdi geroago, Tenerifek Lehen Mailako partida jokatuko du etxean, eta giro bikaina izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu