Hasiera bero eta nahasia

Espero bezala, Javi Martinezek eta Fernando Llorentek taldea lagatzeko hartutako erabakiak jarraitzaileak haserretzea ekarri duTaldearen mesedetan, Bielsak gaurko lehiarako deialditik kanpo utzi ditu bi izarrak

Hasiera bero eta nahasia.
haritz gallastegi
Bilbo
2012ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Maiatzak 25. Madril. Vicente Calderon. Espainiako Kopako finala. Athleticek 0; Bartzelonak 3. Aurten ere ez. Belaunaldi berriek zain jarraitu beharko dute talde zuri-gorriko kapitaina kopa bat altxatzen ikusteko. Aurki 30 urte beteko dira. Bada zerbait. Duda barik, finalak irabazteko dira. Baina jokatzeak ere asko balio du. Batez ere, ohituta ez dauden taldeetan. Horregatik, Madrilgo esperientziatik gauza on asko atera daitezke. Gauza on asko atera behar dira. Uholde zuri-gorria, esate baterako. Harmailetan, Athletic izan zen irabazle. Eta kalean ere bai. Athletic Hirian, 10.000 jarraitzailek baino gehiagok ikusi zuten norgehiagoka. Hau da, 10.000 jarraitzailetik gora joan ziren Madrilera sarrera barik. Horrelako gauzek erakusten dute zer sortu zuen Marcelo Bielsak zuzentzen duen taldeak familia zuri-gorrian: neurri bako ilusioa.

Abuztuak 19. Bilbo. Aste Nagusia. Athleticek ligako lehen partida jokatuko du. Betis arituko da Katedralean. Izen gutxiko aurkaria. Zaleen artean ez du aparteko interesik sortzen. Beñat Etxebarria ikusteko aukera izango da, beharbada, Betis ikustera joateko arrazoi nagusia —igorreztarra Bundesligako Wolsburgotik gertu omen dago—. Baina gehienak Athletic ikustera joango dira, San Mameseko norgehiagoka gehienetan gertatzen den legez. Baina gaurko neurketa ezberdina izango da. Denboraldiko lehen partidak behar lukeen ezaugarri nagusia faltako du: ilusioa. Talde gehienak berrirotik hasten dira denboraldi-aurre bakoitzaren ostean. Batez ere, aurreko sasoian helburuak betetzerik izan ez zutenak. Egoera horretan dauden taldeak fitxaketekin ahalegintzen dira zaleak berotzen.

Helburuak bete zituztenak, berriz, bere sasoian hartutako olatua indartu gura izaten dute, ilusioari eutsi eta, ahal bada, areagotzeko. Bada, Athletic erori egin da azken hamarkadetako olaturik onenaren gainean zihoanean. Ez da kapaz izan ereindakoa jaso eta mantentzeko. Ondorioz, duela hiru hilabete zegoen poza eta garaipen gosea iraganeko kontuak bihurtu dira. Orain, haserrea, etsipena eta ezina sentitzen dute jarraitzaileek. Athletic triste dago, ilusioa galduta.

Marcelo Bielsak Lezamako lanen inguruan zuen haserrea jendaurrean azaldu izanak min eman zuen klubean, argentinarra ez baita edozein. Taldea itxuraldatu du. Askorentzat, Athleticek izan dezakeen entrenatzailerik onena da. Bilbon, izarra da. Athletic proiektuaren zutabe nagusietako bat. Baina ez da bakarra, klub zuri-gorriari eutsi ahal izateko zutabe gehiago behar baitira. Javi Martinezek eta Llorentek osatzen dute zelaian bizkarrezurra. Bada, taldeari eusten dioten bi jokalarik taldea lagatzeko erabakia hartzen dutenean, apurtu egiten da proiektua, ezinbestean. Are eta gehiago protagonisten ahotik Athletic laga gura dutela entzutera ohitua ez dauden bazkideez ari garenean.

Horregatik, ez da harritzekoa izan Lezamako lan saioetan bi ikurren kontrako oihuak entzutea. Egiari zor, askoz ere zale gehiago eta askoz ere gogorragoak izango zirela pentsatzen zutenak asko dira. San Mameseko partida neurgailu aproposa izango litzateke zaleen iritziaren berri jakiteko. Baina ez da horrelakorik gertatuko, taldearen «onerako» harmailan utziko baititu bi jokalariak Bielsak. Entrenatzaileak kontu honetan iritzia duten alde guztiak ulertzen ditu. «Jokalariek eskubidea dute egin dutena egiteko; bestalde, klubak bere estiloaren eta filosofiaren alde egin behar du; eta, zaleei dagokienez, nahiz eta euren iritzia azaleratzeko modua ez zaidan asko gustatu, kontuan izan behar da sentimenduak eragindako jarrera dela.

Bistan da ez dela giro Athleticen. Horregatik, giroa baretze aldera, garrantzitsua izango da ondo hastea. Beraz,Betis mendean hartu beharra dago. Baina ez da erraza izango. Athletic ez dago sasoian, eta iazko bi neurketetan, Pepe Melek zuzentzen duen taldea atera zen irabazle. Hamaikakoari dagokionez, bi izarren falta nahikoa ez, eta Muniainen hutsunea ere bete egin beharko du Bielsak. Aduriz eta Isma Lopez, gutxienez, prest daude taldeari laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.